JUL. 26 2024 Autismoa duten haurrek ez dituzte kontzeptuak hizkuntzaren bidez barneratzen, EHUren Ikerketa baten arabera EHUko ikerlan batek espektro autistako haurrek izen bera duten bi objektuk kategoria bat osatzen dutela barneratzeko dituzten zailtasunak aztertu ditu. Ikerlana Sergio Parrillasen Master Amaierako Lanean oinarritzen da. Sergio Parrillasek doktoratu aurreko kontratua du Agustin Vicente Ikerbasque irakasleak eta Irene de la Cruz Pavia ikertzaileak zuzendutako doktore tesia egiteko. (UPV/EHU) GAUR8 Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) ikerketa batek agerian utzi du haur autistek ez dituztela kontzeptuak hizkuntzaren bidez barneratzen, eta, beraz, zailtasunak dituztela ondorioztatzeko izen bera duten bi objektuk kategoria bat osatzen dutela. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Lindy Lab taldeak lehen aldiz aztertu du etiketatze linguistikoak autismoa duten haurrengan duen eragina. Izan ere, azaldu dute espektro autistako haur batzuek hiztegi urria eta erreferentzialki zehaztugabea izaten dutela, eta horren zergatia ikertzea lagungarria da komunikazioa hobetzeko esku hartze programak garatzeko. Ikerketaren emaitzek iradokitzen dute haur autistek ez dituztela kontzeptuak hizkuntzaren bidez hautematen, eta, beraz, zailtasunak dituzte izen bera duten bi objektuk kategoria bat osatzen dutela ondorioztatzeko. Ildo beretik, autismoa duten pertsonen garunean hizkuntzaren eta kontzeptuen arteko harremana ikertzen jarraitzeko beharra azpimarratzen dute. «Haur autistek ez dute espero bi objektuk, izena partekatzeagatik soilik, propietate komunak izatea edo objektu mota bera izatea», adierazi du Agustin Vicente Ikerbasque irakasle eta EHUko Lindy Lab taldeko ikertzaileak. Pertsona neurotipikoak, gizartean ohikoak diren portaera kognitibo eta komunikatibo estandarretara egokitzen direnak, beren haurtzaroan sentikorrak dira etiketatze linguistikoaren efektuarekiko. «Haur neurotipiko bati esaten badiogu Dyson bat eta Roomba bat biak xurgagailuak direla, gauza bera egitea espero dute, kasu honetan, xurgatzea. Baina xurgagailuak direla esaten ez badiegu, eta bata Dyson eta bestea Roomba dela bakarrik esaten badiegu, agian ez du espero Roombak ere xurgatu egingo duela», azaldu du Vicentek. «Hizkuntza-etiketa bat –izen bat– esleitzean, lotura bat ezartzen da objektu horren propietateen eta esleitutako etiketaren artean», erantsi du ikertzaileak. Etiketa bereko bigarren objektu bat erakustean, lehen objektuarekiko dituen antzekotasun edo ezberdintasunak kontuan hartu gabe, haurrak funtzio bera egitea espero du, kasu honetan xurgatzea. Aldiz, oso antzeko objektu bat aurkezten bazaio, baina etiketa edo izen desberdina badu, «ez du orokortuko objektu berriak xurgatzeko funtzioa duela, kategoria desberdinetakoak direla interpretatuko du eta». Zehaztu duenez, «izena partekatzea antzeko itxura izatea baino kategorizazio-irizpide ahaltsuagoa da. Fenomeno hori garrantzitsua da, hizkuntzaren bidez kontzeptuak eskuratzeko iturri gisa jarduten duelako». Neurotipikoak diren haurren kasuan, hori 10 hilabetetik aurrera gertatzen da, eta ikerlan honen helburua izan da jakitea hizkuntzaren bidez kontzeptuak bereganatzen dituzten 3 eta 9 urte bitarteko espektro autistako haurrek ere. Emaitzen arabera, haur neurotipikoek ez bezala, ezin izan da identifikatu etiketatze-efektuarekiko sentsibilitaterik haur autisten artean. Etiketatze linguistikoaren efektua Etiketatze linguistikoaren efektua kontzeptuez jabetzeko iturri garrantzitsua da, eta hizkuntzaren garapenean hain garrantzitsuak diren alderdiak aurreikus ditzake, hala nola hiztegiaren eskurapena eta zabaltasuna. Ikerlana Sergio Parrillasek EHUko Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldea (HiTT) ikerketa-taldeko kide den Lindy Lab laborategian egin duen Master Amaierako Lanean oinarritzen da. Lan horrekin Izaskun Heras Prado V. Saria irabazi zuen. Sergio Parrillasek autismoa du, eta gaur egun doktoratu aurreko kontratua du Lakuako Gobernuarekin, Agustin Vicente Ikerbasque irakasleak (EHU) eta Irene de la Cruz Pavia ikertzaileak zuzendutako doktore tesia egiteko.