JUL. 26 2024 Lurrunezko trenetan bidaiatzeko esperientzia, asteburu honetan ere Azpeititik Lasaora Lurrunezko makinak trenbidera itzuliko dira asteburu honetan Azpeitian, Burdinbidearen Euskal Museoaren eskutik. Hiru zirkulazio eskainiko dituzte ohiko programaren barruan, eta horien ondoan burdinbidearen historiarekin lotutako hamaika bitxi gordetzen duen museoa. Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak antolatzen du zirkulazio berezien programa. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR8 Euskotren Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko sozietate publikoaren Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko trenen hiru zirkulazio eskainiko ditu asteburu honetan, 2024ko denboraldi erregularraren baitan. Hain zuzen, Euskotreneko iturriek jakinarazi dutenez, trenek museoaren instalazioetatik Lasaoko geltokirainoko bidea egingo dute larunbatean, uztailaren 27an, 12.00etan eta 17.30ean, eta igandean, uztailaren 28an, 12.00etan. Burdinbidearen Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) makina erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mende amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten erakusketak ditu. Burdinbidearen Euskal Museoaren ordutegia honako hau da udan: asteartetik larunbatera 10.30etik 14.00etara eta 16.00etatik 19.30era, eta igande eta jaiegunetan 10.30etik 14.00etara.