AUG. 10 2024 Gaur X urte Gaur 80 urte exekutatu zuten naziek Daniel Argote baionarra 1944ko abuztuaren 10ean hil zuten naziek Daniel Argote baionarra. Naziek egindako tranpa batean erori zen Orthezen txirrindan zihoala, eta tirokatuta akabatu zuten. Erdikoa, Daniel Argote. (Wikipedia) GAUR8 Baionan sortu zen Daniel Argote 1910eko uztailaren 21ean, eta gaur bezalako egun batez hil zuten naziek duela 80 urte. Hego Euskal Herritik Baiona ingurura joandako errefuxiatuei laguntzen igaro zuen bizitzaren zati bat, eta erresistentziako armadan buruzago postua ere eskuratu zuen. Nazien segada batean erori zen 1944ean Orthezetik barna txirrindaz zihoala, eta tiroz hil zuten. Lehen ikasketak Leskarreko lehen mailako eskolan egin zituen 1930 bitarte, eta horren ondotik, urtebete eman zuen maisu moduan Sarako eskolan. 1931-1932 bitartean zerbitzu militarrean ibili zen Alpeetako infanterian eta ondoren, Arrosako eskolan aritu zen maisu lanetan. 1936an, espainiar faxistak errepublikaren aurka altxatu zirenean, Hegoaldetik Iparraldera joandako errefuxiatuak lagundu nahian, Hendaiako Spartacus Logian sartu eta idazkari lanak egin zituen; errefuxiatuen umeak Baiona inguruko zenbait etxetan babestea zen bere lana.1939an armadara deitu zuten eta Alsaziako frontera igorri. Han zebilela, 1941ean alemaniarrek preso hartu zuten. Hamahiru hilabete preso eman ondoren, askatu zuten eta Sallespisseko eskolan irakasle lanetan hasi zen, berriz ere. 1943ko udazkenean, Orthez aldeko eskualdean, erresistentziako armadako buruzagi gisa hautatu zuten. Baziren gazte ainitz, poloniarrak, batez ere, naziek armadan, beren gogoaren kontra, sartu zituztenak eta desertatzeko gogo handiz zirenak. Daniel Argotek horiek lagundu zituen, talde txikitan eskualde libreetara eramanez. 1944ko abuztuaren 10ean, Orthezetik barna txirringaz zihoala, nazien segada batean erori eta tiroz hil zuten. Hil zutelarik hogeita hamalau urte zituen. Hurrengo egunean, hau da, 1944ko abuztuaren 11n, Orthezeko hilerrian ehortzi zuten.