GAUR8 - mila leiho zabalik

Angostoko nekazal eta abeltzaintza azoka igandean ospatuko dute

Eskualdeko produktu, elikagai eta abelburuek apainduko dute igandean Angostoko Santutegiaren ingurua, azoka ezagunaren XXXI. edizioa ospatzeko. Azokaren inguruan, hainbat jarduera antolatu dituzte, besteak beste artzain txakurren erakustaldia, eguerdi partean.

Angostoko azoka iragartzen duen kartela, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Datorren igandean, nekazaritza eta abeltzaintza azoka tradizionala egingo dute Angoston. Santutegiaren inguruan egiten ohi den hitzordua, 1992an berreskuratu zuten, «ahanzturan iraun zuen bosturtekoaren ondoren, eta geroztik enklabe berean egin da».

Horrela gogoratu du Arabako Foru Aldundiak, beste hainbat erakunderekin batera antolatutako hitzorduaren inguruan. Helburua, esan duenez, «Añanako eskualdean eta inguruan kontsumo produktuak lantzen, hazten eta egiten dituzten nekazari, abeltzain eta artisauen lana» ezagutaraztea da.

Programa 11.30ean abiatuko da ‘orienting’ jarduera batekin, egurrezko jolas bilduma erakutsiko da ondoren, eta haurrentzako sukalde tailerra egingo dute 12.30etik aurrera.

Eguerdi partean, artzain txakurren erakustaldia eta bertako produktuak dastatu ahal izango dira azokan, eta goiz osoan zehar artisau eta tokiko produktuen salmenta izango da. Baita bertako aziendetako abereen erakustaldia eta musika animazioa ere, Gatzagako txarangaren eskutik.

Abereei eskainitako atalean, behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak izango dira ikusgai, eta artisau lanen artean, zeramika, forja eta zurarekin egindakoak nabarmendu dituzte, besteak beste.

Arabako Foru Aldundiarekin batera, azokaren antolakuntzan Lakuako Gobernuak, Vital Fundazioak, Añanako Kuadrillak, Gaubeako Udalak, Villañaneko Administrazio Batzarrak eta Guraso Pasiotarren komunitateak hartzen dute parte.