AUG. 29 2024 Ur hornidura bermatzeko hitzarmen batek Zarrakazteluko urmael baten ekosistemaren kontserbazioa ahalbidetuko du Nafarroako Gobernuak Bardeako Urestatzaileen Komunitate batekin sinatutako hitzarmenak Zarrakazteluko urmael baten ekosistema babestuko du, urteko garai zehatzetan beharrezko ur hornidura bermatuz. Kontserbazio Bereziko Eremua da ingurunea. Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilaria, Zarrakaztelura egindako bisitan. (Nafarroako Gobernua) GAUR8 Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eta Bardeako 2. Ureztatzaileen Komunitateak ‘Estanca de los Dos Reinos’ izeneko urmaelaren ekosistema babestea helburu duen hitzarmena sinatu dute. Ingurune horretan uraren gutxieneko hornidura ziurtatuko du esku hartzeak, gutxienez urteko bi unetan bermatzeko: udaberrian, itzultzen diren hegaztiek habiak egiten dituzten bitartean, eta udazkenean, migratzen direnean. Jose Maria Aierdi kontseilariak azaldu du hezeguneen emari ekologikoa Nafarroako Gobernuaren eta ureztatzaileen komunitate baten arteko lankidetza hitzarmen bidez bermatzen den lehen aldia dela. Nabarmendu duenez, «krisi klimatikoaren testuinguruan, uraren kudeaketa eraginkorra funtsezkoa da hezeguneen kasuan, biodibertsitatea babesten laguntzen duelako, baita ekosistema bera eta uraren zikloa ere», eta «uraren kantitatea ez ezik, kalitatea ere erabakigarria da funtzio horiek, baliabideen babesari dagokionez, erabatekoak izan daitezen». Hiru urteko eperako hitzarmenak «ur hornidura arrazionala» ziurtatzeko baldintza ezartzen du «Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) kontserbazioa erraztuko duena», eta eremu hori «kontserbatzea ahalbidetuko duten ur mailak mantenduko dituena». Guztira, 30 hektarea baino gehiagoko ingurunea da, eta horietatik 20 inguru urmaelari berari dagozkio.