SEP. 12 2024 Astelehenean berrabiaraziko da Laudion nerabeen familientzako aholkularitza psikologikoa Astelehenean abiatuko da Laudion seme-alabak dituzten familiei zuzendutako aholkularitza psikologikoko zerbitzua. Jokabide disruptiboak, familia gatazkak, osasun mentalarekin lotutako arazoak, nerabezaro krisiak eta genero gaiak dira kontsultara heltzen diren gai nagusiak. Orientazio, balorazio eta esku harzte azkarreko zerbitzua eskaintzen du Laudioko Udalak. (Iñigo URIZ | FOKU) GAUR8 Seme-alaba nerabeak dituzten Laudioko familiek Zuzen orientazio eta aholkularitza psikologikoko zerbitzua izango dute hilabete honetan eskura. Astelehenean, irailaren 16an, irekiko da familiei zuzendutako orientazio, balorazio eta esku hartze azkarreko zerbitzua eta datorren urteko uztailaren 14ra arte egongo da eskuragarri, jakinarazi du Udalak ohar baten bidez. Programa udalerriko ikastetxeren batean matrikulatuta dauden 12 eta 21 urte bitarteko seme-alabak dituzten bizilagunei eta familiei zuzenduta dago. Zerbitzua astelehen arratsaldeetan eskainiko da, 16.00etatik aurrera, udaletxeko bigarren solairuan, Kohesio Soziala arloan. Zuzen zerbitzuaren aholkularitza eta laguntza jaso nahi dutenek 944034840 telefono zenbakira deitu ahal dute, 8.00etatik 14.30era, edo gizartearloa@laudio.eus helbidera idatzi, izena eta harremanetarako telefonoa gehituz. 23 lagun, pasa den ikasturtean 2023-2024 ikasturtean, programa honek 17 familiatako 23 pertsona –zazpi gizon eta 16 emakume– artatu zituen. Kontsultarako arrazoi nagusiak jokabide disruptiboak eta familia-gatazkak, osasun mentalarekin lotutako arazoak, nerabezaroko krisiak eta genero gaiak izan ziren. Udalak azaldu duenez, kontsulta egiteko arrazoi nagusia ez diren arren, substantziarik gabeko mendekotasunek (batez ere apustuak, bideojokoak eta sare sozialak) gero eta garrantzi handiagoa dute. Era berean, azken urte honetan, zerbitzuan antzeman da gurasoek zailtasunak dituztela mugikorraren edo sare sozialen erabileraren normalizazioan mugak kudeatzeko orduan. Horrela, gai horri buruzko kontsultak egiten zituzten nerabeen %72k 15 urte edo gutxiago zituen.