SEP. 19 2024 Zentimo gutxiren trukean erosketa jasangarriago bat lor daitekeela erakutsi du ikerketa batek Simulazio baten bidez egindako ikerketa batek ondorioztatu du zentimo batzuk gehiago ordainduta jasangarriagoa izan daitekeela erosketa. Kostua nabarmen aldatu gabe aukera jasangarriagoak eskaini ditu Gipuzkoan Elikaera plataformak bultzatutako azterketak. Nutrizio estandarreko dieta bati dagozkion 10 elikagairen artean aukeratu behar izan dute parte hartzaileek. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Elikaerak, Gipuzkoako herritarren artean kontsumo ohitura arduratsua sustatzeko plataforma digitalak, asteroko erosketaren gaineko simulazioa egin du 732 lagunen parte hartze izan duen azterketa batean. Ikerketan ondorioztatu dute «erosketa saskia jasangarriagoa izatea lortu daitekeela zentimo gutxiren trukean». Prozesu parte hartzaile baten barruan, asteroko erosketa simulatu dute parte hartzaileek, haien kontsumo-ohiturak arduratsuak diren jakiteko. «Emaitzek erakusten dutenez, 0,56 euro gehiago ordainduta, erosketa saskia jasangarriagoa izan daiteke», azaldu dute. Kontsumitzaileen ohituren aldaketaren inguruko hainbat datu bildu ditu azterketak. Aipatu dutenez, gehienek tokiko ekonomia hobetzea aukeratu dute, baita plastikozko ontzien murrizketa ere. Zehaztutakoaren arabera, «parte hartzaile bakoitzaren kontsumo-eredua kontuan hartuta, plataformak aukera alternatiboak eskaini dizkie tokiko ekonomian edo plastikozko ontzien murrizketan hobetzeko: soilik 0,23 euro gehiago ordainduta %27 gehiago handitu dute tokiko produktuen erosketa, eta 1,53 euroren truke %19 gehiago murriztu dute plastikozko ontzirik gabeko produktuak». Karbono-aztarna da gutxien kezkatu duen adierazlea. Simulazioak erakutsi du, halere, 0,27 euro gutxiagoren truke karbono aztarna murrizten dutela, eta behi-haragia aukeratzen ez duten pertsonek adierazle hori ia erdira murrizten dutela. Elikaera plataformatik argitu dute 2023ko abenduko produktuen prezioekin egin dela simulazioa, eta lagin osotik %85 emakumeak direla, 35 eta 54 urte artekoak gehienak. Eskainitako datuen arabera, 2.464 lagunek erabili dute Elikaera aplikazioa, eta horietatik 794k (%32) ez dute inolako erosketarik egin simulazioan. Azterketan erabilitako prozedurari dagokionez, nutrizio estandarreko dietako 10 elikagairen artean aukeratu behar izan dute erabiltzaileek, eta kategoria bereko lau produkturen artean aukeratu, emaitza desberdinak dituztenak bost jasangarritasun-adierazletan: plastikozko ontzien murrizketa, karbono-aztarna, tokiko produktua, elikagai-hondakina eta ekoizpen mota.