GAUR8 - mila leiho zabalik

Jarduera berriak antolatu dituzte azarora bitarte ‘Jaikibel-Ulia. Kostaldea Ikertzen’ programaren barruan

Master Ontzi Museo Ekoaktiboak hitzordu berriak finkatu ditu hurrengo asteetarako, ‘Jaikibel-Ulia. Kostaldea Ikertzen’ programaren barruan, ingurunearen egoera aztertu eta mareak ekarritako itsas hondakinak biltzeko. Familiei bereziki zuzenduta, ekimenak «itsas zaindariak» bihurtu nahi ditu gazteenak.

Aurreko edizioetako parte hartzaileak. (Pasaiako Ontzi Museo Ekoaktiboa)

Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak ‘Kostaldea Ikertzen’ proiektu parte hartzailearen 22. edizioa jarri dute abian, kostaldeko senadien egoera ezagutzeko.

Horretarako, hainbat jarduera antolatu ditu hurrengo asteetarako. Asmoa da mendi ibilbide baten bidez Jaizkibel edo Uliako senadi batera iristea, eta bertan, «komunitatean eta herritar-zientzia protokoloen bidez uraren kalitatea» aztertu eta mareak ekarritako itsas hondakinak biltzea eta ezaugarritzea. Inguruneko biodibertsitatearen behaketa ere egingo dute, tokiko landaredia eta inbaditzailea bereiziz.

Zehaztu dutenez, jarduera batzuk «irisgarriagoak dira, Alabortza (irailaren 29an) eta Asturiaga (azaroaren 2an) kasu. Beste batzuk teknikoki zailagoak direla azaldu dute hala nola Azabaratza (irailaren 22an) edo Erentzin (urriaren 20an)

Pasaiako Ontzi Museo Ekoaktiboak sustatuta, «itsasoak eskaintzen dizkigun mirariak ezagutarazi» eta horietaz ahalik eta jende gehien «maitemintzea» da asmoa, «itsas zaindari bihurtu daitezen».

Ingurumenaren ezagutza

Jarduerak doakoak dira eta familiei daude zuzenduta bereziki. «Herritar-zientzia eta ingurumen-sentsibilizazioaren bidez ingurunearen egoera ekologikoa ezagutaraztea eta kontserbazioan laguntzea» helburu izanik, «20 urte baino gehiagoko etengabeko jarraipenari esker, ingurunearen ezagutza handia lortu da, eta biodibertsitateari, uraren kalitateari eta itsas hondakinei buruzko datuak bildu dira», nabarmendu dute.

Datu horiek nazioarteko datu-baseetara bidaltzeaz gain, jarduerek hondakinen kontzentrazio puntuak identifikatzeko balio izan dute, baita uraren tenperaturaren igoera frogatu eta biodibertsitatean gertatzen diren aldaketak identifikatzeko, «esaterako ‘Gellidium corneun’ alga gorriaren galera eta espezie inbaditzaileen iritsiera».

Parte hartzeko, aurretik egin behar da erreserba 619 814 225 telefono zenbakira deituta, edota info@master.eus helbide elektronikora idatzita.