SEP. 25 2024 Gaur X urte ‘Aelita’ film aitzindariak ehun urte bete ditu ‘Aelita’ edo ‘Aelita: Marteko erregina’ filmak ehun urte bete ditu. Jakov Protazanov zinemalari errusiarrak zuzendutako zientzia fikziozko lana da, Aleksei Nikolaievitx Tolstoiren izen bereko eleberrian oinarritua. Hasieran oso ezaguna egin zen arren, obra ez zen oso maitea izan Sobietar Batasuneko Gobernuarentzat eta, hortaz, zaila izan zen ikustea Gerra Hotza amaitu arte. ‘Aelita’ filmaren pasarte bat. (WIKIMEDIA) GAUR8 Los izeneko gazte bat Marte planetara doa kohete batean. Bertan erregearen aurkako herri altxamendu bat zuzenduko du. Aelita erregina berarekin maitemindu da teleskopio baten bidez ikusi ondoren, eta laguntza emango dio. Horixe da gaurko egunez, duela ehun urte, estreinatu zen ‘Aelita’ edo ‘Aelita: Marteko erregina’ film aitzindariaren argumentua. Jakov Protazanov zinemalari errusiarrak zuzendutako zientzia fikziozko film mutua Aleksei Nikolaievitx Tolstoiren izen bereko eleberrian oinarritua dago. Julia Solntseva (Aelita), Igor Ilinski (Kravtsov), Nikolai Tseretelli (Los eta Jevgeni Spiridonov) eta Nikolai Batalov (Gusev) dira aktore nagusiak. Ziurrenik erabat espazioko bidaien inguruan zentratzen den lehendabiziko filma izan zen. Aleksandra Eksterrek diseinatutako Marteko agertoki eta jantziak nabarmentzen dira bertan. Bere eragina ondorengo hainbat filmetan ikus daiteke, baita Flash Gordonen telesailetan eta, seguruenik, ‘Metropolis’ Fritz Langen pelikulan ere. Hasieran oso ezaguna egin bazen ere, filma ez zen Sobietar Batasuneko Gobernuaren sobera gustukoa izan eta, horregatik, oso zaila izan zen ikustea Gerra Hotza bukatu zen arte.