SEP. 25 2024 Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiño dira Ostera kultur jaialdiaren aurtengo helmugak Ostera kultur jaialdiak Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiñora eramango ditu aurten ekitaldi sorta zabala ‘Euskaran mundu oso bat kabitzen da’ lelopean. Musika, euskararen erronkak ardatz izango duten hitzaldiak, bakarrizketa saioak edota dantza bertikala daude, besteak beste. Ostera Jaialdiaren aurkezpena, irudian. (Euskaltzaleen Topagunea) GAUR8 Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen duen Ostera kultur jaialdiaren aurtengo edizioaren leloa ‘Euskaran mundu oso bat kabitzen da!’ da, eta Balmasedan, Arrigorriagan eta Abadiñon egingo da urria eta azaroa bitartean. Leloak berak laburbiltzen du ekimenak zabaldu nahi duen mezua: euskarak mundu osoa biltzen duela ikusaraztea. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, Isaak Amezaga Larrazabal Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak eta hiru udalerrietako ordezkariek aurkeztu zuten jaialdia asteazkenean. Euskaraz sortutako kultur eskaintza bultzatu eta hedatzea izan du helburu Ostera jaialdiak bere sorreratik, eta bide horretan proposamen ezberdinak zabaldu ditu Bizkai osoko hainbat herritan zehar. Nabarmendu dutenez, hori da Osteraren ezaugarri nagusia: eskaintza kulturala bere ohiko esparruetatik (hirigunetik) atera, eta herriz herri hauspotuz euskara sustatzea. Isaak Amezaga Larrazabalek Ostera bezalako ekimenek euskararen normalizazioan eta kulturaren hedapenean duten garrantzia azpimarratu du aurkezpenean. Antolatzaileek azpimarratu dute «geroz eta pluralagoa eta askotarikoagoa den gizarte batean» bizi garela, eta aurtengo edizioak «aniztasun hori islatu» nahi duela «euskararen aktibazioa bultzatzearekin batera». Osteraren aurtengo edizioa berrikuntzaz betea dator, eta Jasone Mendizabalek aletu ditu berritasun horietako batzuk. «Musika ardatz hartuta, asteburu osoa iraungo duen egitarau zabala eramango du Osterak Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiñora, zuzen-zuzenean eta doan. Adin tarte ezberdinetako publikoari zuzenduta dago egitaraua eta hori du helburu, hain justu, euskarak mundu oso bat barne biltzen duela erakustea», adierazi du. Lau egunez udalerri bakoitzean Udalerri bakoitzean lau egunez luzatuko den egitarau zabala eskainiko du Osterak, erabat doan: musika, flamenko eta dantza bertikal ikuskizunak, bakarrizketak, solasaldiak edota haur eta familientzako emanaldiak. Jarduera horien ondoan, solasaldi ziklo bat antolatu da. Hiru mahai-inguruz osatutako zikloak etorkizuneko euskalduntasuna irudikatzea du helburu, eta euskarak alor ezberdinetan dituen erronken inguruan hausnartuko du. Balmasedako solasaldiak ‘Euskara bihar: nola kudeatu hizkuntz aniztasuna?’ izango du izenburu, eta egungo zein etorkizuneko migrazio mugimenduek euskararen erabileran izango duten eragina aztertuko du. Arrigorriagan, ‘Euskara bihar: nola aktibatu erabilera?’ galderaren inguruan eztabaidatuko da, eta hizkuntzaren erabilera handitzeko eman beharreko pausoak aztertuko dira. Abadiñon, azkenik, ‘Euskara bihar: kulturgintzaren sustapena. Nola sustatu kultur-zaletasuna?’ solasaldian, kulturgintzak dituen erronkak izango dituzte hizpide. Musikari dagokionez, Janus Lester, Gari eta Maldanbera eta Nogen taldeen kontzertuak antolatu dira. Musikaz gain, dena den, eskaintza kultural zabal eta betea eskainiko zaie herritarrei: Lidia de Lorenzo flamenko dantza konpainiaren ‘Sentimundua’ edo Harrobi dantza bertikal konpainiaren ‘Geu(re)ra’ ikuskizunak, Antton Telleria, Julen Portillo, Ane Goitia eta Maialen Sorozabalen bakarrizketa saioak edota ‘Maddi Pirata’, ‘Gora Bihotzak’ edo ‘Iratxoen kantu sekretuak’ haur eta familientzako ikuskizunak, besteak beste.