SEP. 25 2024 Mungiako Nekazaritza Ekologikoaren XXIV. Azokak 20 ekoizle bilduko ditu larunbatean Hogei ekoizle inguru bilduko ditu Mungiako Nekazaritza Ekologikoaren Azokak larunbatean. Indiar jatorriko plater bat prestatzeko tailerra eta etxera eramateko landare bat landatzeko tailerra izango dira jardueretako batzuk. Ekoizpen ekologikoko produktu sorta bat, artxiboko irudian. (Idoia ZABALETA | FOKU) GAUR8 Mungiako Udalak Nekazaritza Ekologikoaren XXIV. Azoka antolatu du larunbaterako, irailaren 28rako, Ekolur Bizkaiko Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoaren Elkartearen laguntzarekin, eta 20 ekoizle inguru bilduko ditu Foruen plazan. Antolakuntzak jakinarazi duenez, azoka 10.00etatik 14.30era egongo da zabalik, eta ekoizleek frutak, barazkiak, gaztak, marmeladak edota kontserbak izango dituzte salgai, besteak beste. Gainera, tailerrak eta zozketak ere izango dira. Tailerrak produktu ekologikoen ingurukoak izango dira. Horrela, bazkarako eta eskualdeko haragi ekologikoaren dastaketa, sasoiko barazkiekin egiten den pakoras indiar jatorriko janaria egiteko tailerra eta etxera eramateko landare bat landatzeko tailerra izango dira. Azoka bukatzeko, 13.30ean produktu ekologikoen hiru saski zozkatuko dira erosketak egiten dituzten bisitari guztien artean. Agintarien hitzetan, Udalak ekoizpen ekologikoarekin duen «konpromiso argia eta irmoaren» erakusle da hitzordua. «Cittaslow sarearen parte gara, eta esparru horretan, horrelako ekitaldien aldeko apustua egiten jarraitu besterik ezin dugu egin, modu iraunkorrean eta kontzientean lan egiten duten nekazari guztientzat erakusleiho garrantzitsua baitira», azaldu du Alaitz Erkoreka alkateak. «Gero eta gehiago gara tokiko kontsumoa ingurumenarekiko arduratsuagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa izateko kontzientziazioa dugun pertsonak», ziurtatu du.