OCT. 03 2024 Gaur X urte Gaur 30 urte emititu zen Goenkale telesailaren lehen atala Goenkale telesailak 21 urte egin zituen Euskal Herriko etxeetako egongeletan sartuz, 1994ko urriaren 3an lehenengo atala estreinatu zenetik, gaur duela 30 urte. Horri esker, Euskal Herriko telesailik luzeena bihurtu zen. Goenkale telesailaren 10. denboraldiaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR8 30 urte pasa dira Arraldeko kaian Lasa anaien amak bere buruaz beste egin zuenetik. Goenkale telesailaren lehenengo kapituluan izan zen, 1994ko urriaren 3an, eta ETB eta Pausokaren arteko ekoizpenak 21 urte bete zituen telebistan. «1994ko urriaren 3an bideari ekin zionean, inork gutxik uste izango zuen halako ibilbidea osatuko zuenik. Eguneroko fikziozko telesaila egiteko erronka aise gainditu dute, ezbairik gabe, urte hauetan guztietan Miramongo platoetatik pasa diren aktore, gidoilari, hizkuntza teknikari, ekoizle, dekoratzaile, kameralari, argiztatzaile, errejidore eta bestelako langileek», adierazi zuten telesailaren arduradunek azken atala emititu aurretik. «Fikzioa sortzeko faktoria erraldoi honek ekarpen izugarria» egin zien Euskal Telebistari, euskal ikus-entzunezko esparruari eta euskarari berari. «Eta esperientzia eta jakinduria hori guztia baliagarria izango da hemendik aurrera gauzatuko diren proiektuetarako. Euskal aktore harrobi emankorra izan da ‘Goenkale’ telesaila», gaineratu zuten. Lehenengo emisio horretatik, 3.707 atal eta 1.854 emisio ordu eman zituen antenan egon zen 21 urte horietan eta milaka istorio eta pertsonaia ezagutu zituzten ikus-entzuleek, hasi Jose Mari Lasa eta Maria Luisa Galardi bikotetik, Arantxa Etxegarai eta Jagoba Ugarterengana iritsi arte. Horri esker, Euskal Herriko telesailik luzeena bihurtu zen, eta Europako bigarrena.