OCT. 07 2024 Gaur X urte Gaurko egunez jaio zen Desmond Tutu, apartheidaren aurkako ekintzailea Desmond Tutu apezpiku eta apartheidaren aurkako ekintzailea duela 93 urte jaio zen. 1984an Bakearen Nobel saria jaso zuen. Desmond Tutuk 2008an jaso zuen Rene Cassin saria. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 Desmond Tutu, Hegoafrikako apezpiku anglikanoa eta apartheidaren aurkako ekintzailea, 1931ko urriaren 7an jaio zen Transvaal probintziako Klerksdorp hirian, Johannesburgetik gertu. Sendagilea izan nahi zuen txikitatik, baina familiak ez zuen baliabide ekonomiko nahikorik eta azkenean irakasle izateko ikasketak egin zituen. 1954tik 1957ra ibili zen lan horretan, baina handik gutxira Teologia ikasketak egitea erabaki zuen eta 1960an artzain anglikano bilakatu zen. Urte luzez ikasten jarraitu ostean, tartean Londresen egonaldi bat ere eginda, 1975ean Johannesburgeko katedral anglikanoko dekano aukeratu zuten; postu lortu lortzen zuen lehen beltza izan zen. Orduan, hiri horren hegoaldeko Soweto auzunean hasi zen bizitzen, Nelson Mandelaren kale berean, eta apartheideko etapa gatazkatsuenetako baten lekuko izan zen, besteak beste 1976ko Sowetoko altxaldiarena. 1977an Lesothoko gotzain izendatu zuten, eta 1978an Hegoafrikako Elizen Kontseiluko idazkari nagusi. Garai hartan hasi zen Kontzientzia Beltza mugimendua babesten eta, pixkanaka, nazioarteko ikur bilakarazi zuen ibilbidea egin zuen arrazismoaren kontrako borrokan. 1982an, Lurmutur Hiriko Artzapezpikutza Anglikanoaren buruzagitza eman zioten, hori lortu zuen lehen herritar beltza bilakatuz, eta bi urte geroago jaso zuen Bakearen Nobel saria. Mandelak herrialdeko presidentetza lortu zuenean, Tutu Adiskidetzarako eta Egiarako Batzordearen buru jarri zuen, eta hori gidatzen aritu zen 1996tik 2003ra; batzorde horrek apartheid garaian egindako krimenak argitara ateratzeko xedea izan zuen. 1997an prostatako minbizia diagnostikatu zioten, eta horri aurre egiten aritu zen hurrengo urteetan. Hala ere, Euskal Herriko gatazkaren konponbidea lortzeko lanean inplikatu zen, eta 2010ean Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetakoa izan zen. Lurmutur Hirian hil zen 2021eko abenduaren 26an.