OCT. 16 2024 Eusebio Villar Azkarate alkate ohiaren konpromisoa eta eskuzabaltasuna gogoan Leintz Gatzagan Leintz Gatzagako alkatea izan zen Eusebio Villar Azkaratek ‘Egin’-en sorreran izan zuen parte hartzea eta beste hainbat herri proiektutan utzi duen aztarna gogoratu dute egunotan herriko eragile ezberdinek. Astelehenean zendu zen eskoriatzarraren umiltasuna eta eskuzabaltasuna nabarmendu dute. Eskoriatzako Sortuk mezua argitaratu du X sarean, Eusebio Villar Azkaratek egindako lana goraipatuz. (Sortu) GAUR8 2007-2011ko legealdian Leintz Gatzagako alkatea izan zen Eusebio Villar Azkarate pasa den astelehenean hil zen, 74 urte zituela. Hainbat herri proiekturekin konprometitua, zuen izaera «umila eta eskuzabala» nabarmendu dute eragile ezberdinek. Hiru dolu egun ezarri ditu Leintz Gatzagako Udalak alkatea izateaz gain 80ko hamarkadako has¡eran zinegotzia ere izan zenaren omenez. Udaletxean, halaber, haga erdian jarrita daude banderak egun hauetan. Dorleta Elkorobarrutia Pagoaga udal mandatariak sinatzen duen dekretuak Villar «gatzagar guztien ordezkaria izan zela» gogoratzen du, «eta bere izaera aparta eta Leintz Gatzagaren garapena eta ongizatea sustatzeko egin zuen ahalegina» azpimarratzen du. Villarren «eginkizun politiko eta sozialaren» garrantzia azpimarratu duen udal adierazpenaren ondoan, kalean hainbat eragilek izan dute gogoan alkate ohiak arlo ezberdinetan erakutsitako konpromisoa eta inplikazioa. Gogoratu dute ‘Egin’ egunkariko sortzaileetako bat izan zela Villar. Atxorrotx kultur elkartearen jaiotzean ere hartu zuen parte, baita Eskoriatzako museoaren sorreran ere. Horrela nabarmendu du Eskoriatzako Sortuk X sarean ‘Eskerrik asko herria egiteagatik’ goiburua duen txio batean, eta preso eta iheslarien askatasunaren aldeko langile nekaezina izan zela gogorarazi du. Azken urteetan, Toki-Eder elkarteko idazkari gisa egindako lanaren inguruko aitortza ere egin dute herrian. «Gatzagako erretiratuok asko eskertu nahi dugu berak egindako lan guztia; berak eramaten zuen dena», esan dute elkarteko kideek ‘Goiena’ atari digitalean jasotako adierazpenetan.