OCT. 17 2024 Errenteriak hartuko du asteburuan 2. ‘Euskal Game Jam’-a, 48 ordu bideojokoak sortzeko Oreretako Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia izango da Euskal Game Jam topaketen bigarren edizioaren gune fisikoa ostiral honetan hasita eta igandera arte. 48 ordutan bideojokoak sortzea da sektoreko profesionalei jarriko zaien erronka. Euskal Game Jam topaketen aurtengo kartela, irudian. (Euskal Game Jam) GAUR8 Asteburu honetan, Euskal Game Jam topaketaren 2. edizioa egingo dute Zarautzen, bideojoko sortzaile euskaldunei eskainitako sormenerako espazio bat, batu, elkar ezagutu eta euren abileziak erakutsi ditzaten. Bideojokoak sortzea da erronka, eta euskara hutsean burutzen da ekimena. Topaketa ostiralean (urriak 18) hasiko da eta igandera (hilak 20) arte iraungo du. Ostiralean, 18.00etan hasiko da froga eta harekin sormen prozesua. Proiektuak bukatuta egon behar dira urriaren 20rako, eta ‘itch.io’ bideojokoen plataforman argitaratuta. Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak, Torrekua guneak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak Euskal Game Jamek antolatzen dute hitzordua. «Bideojokogintzan oinarrizko ezagutzak edukitzea» da ekitaldiak parte hartzeko baldintzetako bat, baita adin muga ere, parte hartzaileak hemezortzi urtetik gorakoak izan behar baitira. Oinarriek ere argi zehazten dute «ekimen osoa euskara hutsean» egingo dela, eta aurkeztutako bideojokoak euskaratuta egon beharko» direla.Hizkuntzaren harira azaldu dute, halere, sortutako bideojokoak «hizkuntza gehiagotan egon» daitezkeela «bai Game Jamean bai honen ostean». Aipatu dutenez, gutxienez talde bakoitzeko ordezkariak euskaraz hitz egiten jakitea eskatuko da.Aurrez aurre zein online parte hartzeko aukera dute sortzaileek, eta Oreretako Hizkuntza Berrikuntza Laborategian izango da aurrez aurreko saioa. Ekimenak iaz izan zuen lehen edizioa eta 32 bideojoko sortzaile bildu zituen. «Programatzaileak, artistak, diseinatzaileak zein musikagileak Bilboko Bizkaia Aretoa UPV/EHUn nahiz online aritu ziren taldeka zein bakarka proiektu ezberdinak sortzen», gogoratu dute antolatzaileek.Sortzaileentzako topaguneaBideojokoen garapenaren munduan murgiltzen diren euskaldun kopurua gero eta handiagoa dela nabarmendu dute antolatzaileek. Euskal Game Jam moduko ekimenak, hau da, bideojokoak epe mugatuan sortzeko helburua duten bideojokogileen topaketa garrantzi handia dute agertoki horretan. Horrelako topaketak Euskal Herrira hurbiltzea da helburua, eta aldi berean, sortzaileak elkar ezagutzeko espazio bat ematea, hasiberrientzat zein profesionalentzat, «gaitasunak ezagutarazi nahiz elkarrengandik ikasteko» aukera eskainiz.