OCT. 23 2024 Onddoen mundua ezagutzen (III) Oraindik asko geratzen da ikertzeko onddoen erreinuan Hirugarren atal honetan, Joxepo Teres adituak onddoen erreinuaren hainbat berezitasun aipatuko dizkigu, zientzialariak oraindik ere askotan ezustean harrapatzen dituztenak. This browser does not support the video element. Asier Aiestaran 1965ean eman zituen lehen urratsak Aranzadiko mikologia sailak, atera kontuak zenbat ikerketa egin dituzten ordutik, baina hala ere oraindik asko geratzen da egiteko. Joxepo Teres adituak azaltzen digunez, oraindik espezie berriak aurkitzen dituzte, adibidez. Eta deigarriak egiten dira onddoek naturako beste elementuekin dituzten harreman bereziak, zuhaitzekin, esaterako. «Azken urteotan ikerketa asko egin dira eta ikusi da onddoen eta zuhaitzen arteko harremanak sekulako garrantzia duela bientzat. Adibidez, perretxikorik izango ez balitz baso horiek pobretzen eta gaixotzen joango lirateke, erabat ahultzen. Ikusi da landare ia guztiek badutela harremana onddoren batekin edo bestearekin. Normalean gehiago zuhaitzekin, egia da», aipatu du Aranzadiko adituak. «Badaude pinuaren azpian onddo batzuk eta pagadietan beste batzuk? Egia da espezializazio hori badagoela, onddo batzuk landare edo baso mota konkretu batekin harremantzen dira. Esate baterako, robelloiak edo esnegorriak (Lactarius deliciosus) pinudietan ateratzen dira, eta ez hostozabal deitzen ditugunetan, pago edo harizti azpietan. Badira beste batzuk edozein zuhaitzekin harremantzen direnak. Guk ‘mikorizatu’ kontzeptua erabiltzen dugu, eta hortik biak ateratzen dira irabazten. Naturako lege oso interesgarria da eta ikasteko balio beharko ligukeena», gehitu du Joxepok. Beste elementu batzuk ere garrantzitsuak izan daitezke onddoen presentzia ulertzeko. «Lurzoru mota ere izan daiteke, ez delako berdina lur batek silizio asko edukitzea edo kaltzioa izatea. Landareak berdin: landare batzuk siliziozko lur batean ongi aterako dira eta lurzoru kaltziko batean ez, edo alderantziz». Likenak onddoak dira, nahiz eta lehen ez zen horrela pentsatzen. Zehazki onddoen eta algen sinbiosia dira. (Gorka RUBIO / FOKU) Baina onddoen ikerketa askoz harago doa, eta Joxepok pare bat hari interesgarri jarri ditu mahai gainean, nahi duenak sakontzen jarraitzeko. «Gaur egungo ikerketek erakutsi dute onddoek beste ‘sentimendu’ batzuk ere badituztela. Esaten da, adibidez, ‘estresatu’ egiten direla. Sute baten aurrean, esaterako, fruitu piloa ematen dute, arrisku hori nolabait antzematen dutelako. Eta harreman horretan egin duten beste aurrerapen ikaragarria likenena da. Likenak onddoak dira, nahiz eta lehen ez zen horrela pentsatzen. Zehazki onddoen eta algen sinbiosia dira. Bakoitzak besteari zerbait ematen dio bizi ahal izateko, oso aliantza interesgarria da». Argi dago, beraz, onddoena mundu benetan interesgarria dela, eta asko dagoela oraindik ikertzeko.