OCT. 24 2024 Bilboko Merkataritza Ganberak II. Enplegu Azoka hartuko du urriaren 31n, profesional gazteak enpresetara hurbiltzeko Bilboko Merkataritza Ganberak Enpleguaren II. Azoka hartuko du urriaren 31n. 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, sektore ezberdinetako enpresek dituzten lan-eskaintzak ezagutzeko. Parte hartzeko izena eman behar dute aurrez eta azoka egunean curriculum vitae inprimatua eraman. Gazteak enplegu azoka batean, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR8 Enpleguaren II. Azoka egingo dute urriaren 31an Bilboko Merkataritza Ganberaren egoitzan, foro bat lana bilatzen duen talentu gaztea eta bertako profesionalak erakarri nahi dituzten enpresak elkartzeko. Jardunaldia egun osokoa izango da. Goizean, 9.00etatik 14.00etara zabalduko ditu ateak, eta 15.00etatik 18.00etara arratsaldean. Azokaren bidez, 16 eta 30 urte bitarteko Bizkaiko gazteek hainbat sektoretako enpresek eskaintzen dituzten lan-eskaintzak ezagutzeko aukera izango dute. Era berean, prestakuntzara, lanbide-profilera eta esperientziara ondoen egokitzen diren lan-eskaintzak aurkitu eta ezagutu ahal izango dituzte, eta giza baliabideetako sailetako arduradunekin elkarrizketatu. Aldi berean, jardunaldian hitzaldiak emango dira, eta gai hauek jorratuko dira, besteak beste: lurraldeko enpresek eskatzen dituzten baldintzak; prestakuntzaren hobekuntza, prestakuntza- eta lanbide-garapenean aurrera egiten jarraitzeko; hainbat jarduera-sektoretan sortzen diren enplegu-aukerak; ekintzailetzak eskaintzen dituen aukerak; edo nahi diren enpleguak lortzeko gakoak. Parte hartzen duten enpresen artean daude Asoane, Bilboko Portu Agintaritza, Buil: Inn - Basque Construction Cluster, Burdinola Safer Labs, Cemosa Eusko Control, Deloitte, Digi, FVEM - Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioa, Giroa - Veolia, IMQ Taldea, SSI Taldea, Innovalia, Jobbe, Kuehne+Nagel, Laboral Kutxa, Lawesome, Lontana Group, Mapfre, Obramat, Page Personnel, Rural Kutxa, UniportBilbao, Uvesco, eta Viuda de Sainz. Parte hartzeko, 16 eta 30 urte bitarteko gazteek azokan eman behar dute izena camarabilbao.com webgunearen bidez, eta curriculum vitaeren kopia inprimatuekin joan behar dute jardunaldira.