OCT. 24 2024 Gaur X urte Jokin Ormaetxea eta Juan Mari Larrañaga «Txiki» auto istripuz hil ziren eguna Urte ezberdinetan bada ere, Jokin Ormaetxea txirrindularia eta Juan Mari Larrañaga ‘Txiki’ arraunlaria urriaren 24an hil ziren bi zirkulazio-istriputan. Bi kirolariak maitasunez omentzen dituzte euren kiroletan. Juan Mari Larrañaga «Txiki» heriotzaren albistea ‘Euskadi Información’ egunkarian. (EUSKADI INFORMACIÓN) GAUR8 Gaur 26 urte hil zen auto istripu batean Juan Mari Larrañaga ‘Txiki’ Orioko traineruaren patroi zarauztar ezaguna. 1968an jaioa, 90. hamarkadaren amaiera aldera Kontxako 3 Bandera, 3 Euskal Liga eta Espainiako 3 Txapelketa lortu zituen besteak beste. Guztira 51 bandera eskuratu zituen. Zarauztarra izanik bertako arraun taldean hasi zen, 1992an Jose Luis Kortak Oriora eraman zuen arte. Lehenengo titulu handia 1993ko Espainiako Txapelketa izan zuen. 1998an ‘Txiki’-k jokatu zituen estropada guztiak. Urte bikaina izan zen 14 estropada irabazi baitzituen, tartean Liga, Kontxa eta Espainiako Txapelketak. 1998ko urriaren 24 gauean auto istripua izan zuen bere etxetik gertu. Azaroaren 29an arraun munduak omenaldia egin zion Orion. Gaur egun Orioko neskek darabilten traineruaren izena ‘Txiki’ da bere omenez. Sei urte geroago, 2004ko urriaren 24an, Deba aldean izandako auto-istripu baten hil zen Jokin Ormaetxea Badiola txirrindulari gipuzkoarra. 1980an Azkoitian jaioa, afizionatu mailan (23 urtez azpikoan) Caja Rural taldean ibili zen eta zortzi garaipen eskuratu zituen, gehienbat Euskal Herrian jokaturiko lasterketetan. 2004an profesionaletara pasatu zen Costa de Almeria-Paternina taldean. Ez zuen ibilbide luzea izan.