OCT. 29 2024 ‘Antzespe’, arte eszenikoak gazteen artean sustatzeko proiektua, jarri du abian Bilbok Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza eta aisialdiko programazioan, ‘Antzespe’ eskaintza txertatuko dute Bilbon, arte eszenikoak sustatu eta biltzen dituzten estrategia hezitzaile ludikoak lantzeko. Arte eszenikoak bultzatu eta duten izaera hezitzailea lantzea izango du ardatz. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 Bilboko Udalak ‘Antzespe’ jarri du martxan, haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza eta aisialdiko programazioan txertatuko den arte eszenikoak sustatzeko proiektu berria. Bilboko Udalaren eta Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolaren arteko lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen da ekimena. Udal iturriek azaldu dutenez, antzerkia eta dantza, eta arte eszenikoak oro har, estrategia hezitzaile, ludiko, berritzaile, zeharkako eta diziplina anitzekoa dira. Irudimena, sormena, gaitasun kritikoa, komunikazio trebetasunak eta enpatia sustatzen dituzte, ingurune seguru batean emozioak esploratzeko eta adierazteko aukera ematen dute, eta bestelako gaitasunen ikaskuntza indartzen laguntzen dute, hala nola irakurriaren ulermena edo teknologia, erantsi dute. Esperantzan garatzen ari diren ‘Gorputza - El cuerpo y las emociones’ lan ildoan txertatu dute ekimena. «Proiektua ezin egokiagoa da Esperantzarako. Gertuko gizarte eta hezkuntza proiektua da, haurren eta nerabeen garapen integralerako eta autonomiarako lagungarria. Euskara eta trebetasun pertsonalak eta sozialak bultzatzen ditu, eta balio eta ohitura osasungarriak sustatzen ditu. Programen eta berrikuntzaren laborategi bat da aisialdi sozioedukatiboaren alorrean», azaldu du. Bi ikastaro Kideguneren erabiltzaileentzako Horrela, azaroaren 8-9tik 2025eko ekainera arte, bi ikastaro egingo dira: Kideguneren erabiltzaileei zuzendua bata (9-11 urte), eta 12-17 urte bitarteko gazteentzat bestea. 12-17 urtekoentzako lantegia larunbatetan izango da, 11.00etatik 13.00etara, eta izena emateko epea zabalik dago plazak agortu arte (15 gazterentzako lekua dago). Parte hartzeko, GazteKLUBA Txartela eduki behar dute, eta izena emateko mezu elektronikoa bidali behar dute esperantza@bilbao.eus helbidera. Ikastaroak euskaraz izango dira, eta Arnatz Puertas eta Luix Mitxelena Dantzertin ikasi duten profesional gazteek emango dituzte. Ikastaroen helburuen artean daude sormena sustatzea, konfiantza garatzea, gorputz eta ahots komunikazioa hobetzea, talde-lana bultzatzea eta enpatia sustatzea. Gainera, arte eszenikoak barrutik ezagutaraziko dira, jarduera osagarriekin, hala nola jantzien diseinua, eszenografia edota argiztapena. Ikastaro bakoitza parte hartzaileek egindako azken lan batekin amaituko da.