OCT. 30 2024 Gaur X urte Gaur 50 urte lortu zuen Muhammad Ali boxeolariak pisu astunaren titulua, ‘Rumble in the Jungle’ borroka historikoan Foreman garaituta 1974ko urriaren 30ean, Muhammad Ali boxealariak pisu astunaren titulua aldarrikatu zuen, George Foremanen aurkako ‘Rumble in the Jungle’ boxeo borroka historikoa irabazita. Foreman lurrera eroritzen, Aliren kontra egin zuen borroka historikoan. (WIKIMEDIA) GAUR8 1974ko urriaren 30ean, gaur 50 urte, Muhammad Ali eta George Foreman boxeolari estatubatuarrak Kinshasa hirian (gaur egun Kongoko Errepublika Demokratikoa, garai hartan Zaire) ezarritako ring-era igo ziren, boxeoaren historiako borrokarik ezagunenetako bati hasiera emateko. Foreman, Lousvilleko boxeolaria, 45 garaipenekin iritsi zen ‘Rumble in the Jungle’ izenarekin bataiatutako borrokara. Bera zen munduko txapeldun, eta bera zen, beraz, borroka irabazteko faboritoa. Ikusleen faboritoa, ordea, Ali zen. Borroka goizaldeko 04.00etan hasi zen, AEBko telebista-kateek dirutza ordaindu ziotelako Zaireko presidenteari ordutegia estatubatuar publikoari egokitzeko. Bertako telebista-kate bakarra zen Zairetar Telebista Bulegoak, ordea, ez zituen telebista-eskubideak erosi eta, beraz, Zairen ezin izan zuten borroka ikusi. Borroka normaltasunez garatu zen zortzigarren round-era arte, baina orduan Alik KO egin zion Foremani, eta behin berea izan zuen titulua berreskuratu zuen: Estatu Batuetako Armadan parte hartzeari uko egin zion Alik, eta hiru urtez ebatzi zioten titulua eta boxeoa egiteko baimena. 1974ko urriaren 30ekoa, beraz, justizia kontua ere izan zen. Hain zuzen, Zairen borroka egin bitartean, milaka estatubatuar militar Vietnamen ziren. ‘When We Were Kings’ dokumentalak borroka eta orduko testuinguru politiko, sozial eta kultural guztia jaso zituen. Leon Gastek zuzendua, 1996an dokumental onenaren Oscar saria jaso zuen.