OCT. 31 2024 Gaur X urte Gaur 40 urte hil zuten Indira Gandhi Indiako lehen ministroa Hamabost urtez izan zen Indiako lehen ministroa. Poliziaren eta Punjabeko sij komunitateko kideen arteko liskarrek herrialdean sortutako tentsioak agerikoak ziren Indian, eta errepresioz erantzun zuen Indira Gandhik. Bere guardiako hiru kidek tirokatu zuten 1984ko urriaren 31n. Indira Gandhi, hamabost urtez Indiako lehen ministro izandakoa. (WIKIMEDIA) GAUR8 Gaur 40 urte, 1984ko urriaren 31n, hil zuten Indira Gandhi, hamabost urtez Indiako lehen ministro izandakoa, bere guardia pertsonaleko hiru kidek. Magnizidioa ordu gutxira aldarrikatu zuten Punjabeko independentistek: «Mendekua hartu dugu. Gora sij erlijioa!». Indira Gandhik geneetan zeraman politika. Bere aita, Jawaharlal Nehru, Erresuma Batuarekiko independentzia lortu zuenean Indiak izan zuen lehen presidentea izan zen. 50eko hamarkadaren amaieran, bere alderdiko figura nabarmena izaten hasi zen, eta 60koan Lal Bahadur Shastriren gobernuan ministro gisa sartu zen. Buruzagi hori hil zenean, Indira Gandhik hartu zuen herrialdeko lehen ministro kargua. Buruzagi progresista izan bazen ere, esku burdinez jokatu zuen atzerri politikan. Bere agintaldian, bere nazioa gerran sartu zen Pakistanekin. 1966tik 1977ra iraun zuen boterean, harik eta barne ordenari eusteko helburuz martxan jarri zituen neurri errepresiboengatik hauteskundeak galdu zituen arte —larrialdi egoera deklaratu zuen, eta norbanakoen askatasunak eten zituen—. 1980an berriro aurkeztu zen hauteskundeetara, eta berak sortutako alderdi politiko berri batekin irabazi zituen, Kongresu Berriarekin. Poliziaren eta Punjabeko sij komunitateko kideen arteko liskarrek herrialdean sortutako tentsioa 1984an iritsi zen gailurrera. Jarnail Singhen jarraitzaileak Amritsarko Urrezko Tenpluan giltzapetu ziren, baina Indira Gandhik Blue Star (Izar Urdina) operazioa jarri zuen martxan haiek santutegitik botatzeko. Armadaren ekintzaren emaitza hondamendia izan zen: 500 lagun baino gehiago hil ziren. Handik hilabete gutxira, bere guardiako hiru kidek, sij jatorrikoak, Indira tirokatu zuten.