NOV. 02 2024 50 urte eta gehiago Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak bere historia liburu batean bildu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak mende erdia bete zuen 2022an eta, atzerapenarekin izan arren, ibilbide hori laburbiltzen duen liburua eman du argitara berriki. «Belaunaldien arteko transmisioa indartzea» helburu, Laxaro Azkunek eta Haritz Garmendiak ondu dute dokumentu ugariz eta argazki ederrez hornitutako lana. Ezkerretik eskuinera: Aitor Larrañaga, Azpeitiko kultura zinegotzia; Laxaro Azkune eta Haritz Garmendia, liburuaren idazleak; eta Itsaso Elizagoien, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria. (Andoni CANELLADA | FOKU) Asier Aiestaran Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak (EHTE) "50 urte eta gehiago" liburua argitaratu du, elkartearen mende erdiko ibilbidearen nondik norakoak jasotzen dituen lana. Berez, 2022an bete zuen 50. urteurrena EHTE-k, baina, pandemia tarteko, liburuaren argitalpena urte pare bat atzeratu da. Laxaro Azkune eta Haritz Garmendia dira egile moduan sinatu dutenak, baina urriaren 12an Azpeitian egindako aurkezpen ekitaldian Garmendiak argi utzi zuenez, «proiektu kolektibo bat da, hori da bere handitasuna». Kolektibotasun hori zenbakitara ekarri zuen Laxaro Azkunek: «Gutxienez izan dira 58 bat elkarrizketa, 58 lagun endredatu ditut, beraz. 45 bat liburu erabili ditut informazioa osatzeko, egunkarietako 90 bat artikulu... Material askotara iritsi gara eta, horrez gain, 118 bat pertsonaren inguruan ibili naiz nola-halako lankidetzan. Liburuaren bukaeran zerrenda bat jarri dut, baina gero konturatu naiz 4-5 lagunekin ahaztu naizela. Horiei banaka eskatu diet barkamena, baina seguru asko oraindik besteren bat ahaztuko zitzaidan». Liburuak 157 orri ditu, argazkiz eta garaiko dokumentu historikoz ongi hornituta dago, eta interesa duenak Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen webgunean eros dezake 20 euroren truke. «2022an bete zituen Elkarteak 50 urte. Datu hori aitzakiatzat hartu genuen orain arteko lanaz hausnartzeko. Orain Elkartean gaudenontzat ohore handia da aurrekoek egindako lanari jarraipena ematea. Baina baita ardura ere. Eta hortxe hasten da liburu honen abiapuntua», azaldu zuen Itsaso Elizagoienek, EHTE-ko lehendakariak. «Liburuaren helburu nagusia belaunaldien arteko transmisioa indartzea eta zaintzea da. Ez bakarrik gure aurrekoei zor diegun errespetuagatik, baita ere ohartzen garelako oso beharrezkoa dela aurreko belaunaldien jakintza, etorkizun oparo bat marraztuko badugu», gaineratu zuen Elizagoienek. Eta Garmendiak, EHTE-ko zuzendaritza taldeko kide eta elkarteko ekintzaile aktiboenetakoa ere badenak, beste ideia bat gehitu zuen aurkezpenean: «Liburu hau ez da kapritxo bat, etorkizuna bermatzeko beharrezkoak diren tresnak balioesteko ahalegin xume bat baizik». Emakume pandero-jotzaileak Liburua sei ataletan banatu dute egileek: sarrera; lehen antolaketa saioak eta testuingurua; elkartearen erakundetzea; ekarpen kulturala; beste zenbait elkarte eta ekitaldi; eta partaideen iritziak. Edukian apur bat sakontzen hasita, bigarren atalean trikitixaren historiari egiten zaion errepasoa benetan interesgarria da, elkarteak egindako ikerketa desberdinak biltzen dituelako eta ikergai berrietarako proposamenak ere mahaigainean jartzen dituelako. Horietako bat da emakumeek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran trikitixaren garapenean izan zuten garrantzia, behar beste ikertu ez dena. «Liburua idazteko material bila hasi ginenean, beti bezala trikitilari gizonezko zaharrenen bila hasi ginen, haien bidez informazioa bilduko genuelakoan, baina tartean emakume pandero-jotzaileak aurkitu genituen. Eta testigantzak ditugu esanez horiek izan zirela XIX. mendean hemengo lehen trikitilariak, pandero eta kantu hutsez erromeriak girotzen zituztenak. XX. mende hasieran baziren oraindik, eta horien izenak ere eskuratu ditugu», azaldu zuen Azkunek. 1978ko Trikitilari Eguna Urretxun. Eugenio Alberdi «Zabaleta» eta Jesus Mari Zialtzeta «Bidani» omendu zituzten. (EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA) Zerrendan agertzen dira Maria Josefa Azkune Odriozola (Azpeitia, 1864-1954), Frantziska Antonia Irizar Oiartzabal (Ezkio, 1869), Felisa Bermeosolo (Ereño, 1899) eta Juanita bere ahizpa (1903), Frantziska Argiñena (Alli, 1903-1924) edota Primi Erostarbe (Oñati, 1907-1995). Xabier Amurizak ere aipatu izan du bere izeko Tomasak Mugarra azpiko Santa Luzian erromeriak alaitzen zituela panderoarekin. «Eta gero, badira soinu-jotzaileekin batera ezagunak egin diren pandero-jotzaile batzuk», jarraitu zuen Azkunek. Zaku horretan sartu zituen Pantxika (Elgoibar, 1888), Martzelina (1892) eta Juliana (1910) Zubizarreta ahizpak, Juliana Esnaola "Muxillo" (Elgoibar, 1892-1974), Antonia Arantzeta (Iurreta, 1897), Maurizia Aldeiturriaga (Zeberio, 1904-1988) edota Romualda Zuloaga (Galdakao, 1913-1971). «Badakigu motz geratu garela horiek bakarrik esanda, mereziko luke honek azterketa sakonago bat, ea norbait animatzen den». Askotan bigarren mailan uzten den arren, aurrekari horiek argi uzten dute panderoak trikitixaren historian izan duen garrantzia. «Trikiti hitza ere panderoaren soinuaren onomatopeia da eta hortik hartu du trikitixak bere izena», aipatu zuen Laxarok, ideia hori indartuz. Hori bai, XIX. mende amaieratik hasita, soinu txikia edo soinu diatonikoa Euskal Herri osoan hedatu zen, trikitixaren erdigunea hartuz. Argazkia erabat aldatuta 1936ko gerrak eta gerraosteko urte zailek utzitako hutsunea luzea izan zen. 35 urte igaro ziren trikitixaren berpizkundearen hasieratzat har daitekeen 1972ko Trikitilari Eguna Usurbilen ospatu zen arte –1972ko apirilaren 16 hura hartzen du elkarteak bere urteurrena ospatzeko mugarri gisa–. Ordurako egoera erabat desberdina zen: ekitaldiko familia-argazkian bi emakume bakarrik agertzen dira, Primi Erostarbe eta Mailu Sudupe "Egurrola". Era berean, argazkian horrenbeste trikitilari agertzeak eta Mailu Sudupek garai hartan 13 urte izateak erakusten dute transmisioa ez zela erabat eten, nahiz eta frankismoak helburu hori izan. Elizari dagokionez ere, hainbat apaizen jarrera aldaketa aipatzen da liburuan, infernuko hauspotzat jotzen zen musika-tresna herrigintzarako lanabes apropos moduan ikustera igaro baitziren. 1972an Usurbilen egindako I. Trikitilari Egunean Sakabik eta Egañazpik jasotako omenaldiko irudia. (MUTIOZABAL | ZERUKO ARGIA) Hain zuzen ere, 1972 eta 1993 artean ospatu ziren Trikitilari Egunak izan ziren gaur egungo Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen oinarri eta abiapuntu. «Trikitilari Eguna Usurbilen hasi zen 1972an, herri batzorde batek antolatuta. Eta hortik abiatuta, trikitilari batzordeak hasi ziren sortzen. Batzorde horiek ardura batzuk hartu zituzten, baina herritar askoren borondatezko laguntza ere jaso zuten. Horrela jarraitu zuen 1994ra arte: 22 Trikitilari Egun izan dira 17 herritan», azaldu zuen Azkunek. Omenaldi baten inguruan eraikitako festa egunak izaten ziren, egitarau oparokoak, eta liburuan denen berri ematen da banan-banan. Gaur egun ezagutzen dugun Trikitixa Elkartea 1990eko azaroaren 10ean eratu zen eta 1991ko otsailaren 12an erregistratu zen ofizialki, baina 1994ra arte “stand by” egoeran egon zela esan daiteke. Historia apur bat nahasgarria da, 1981ean jada erabiltzen zelako "Euskal Herriko Trikitilarien Elkartea" zigilua. Kontua da Trikitilari Egunak antolatzeko trikitilarien Ordezkari Batzordeak osatzen zirela, baina inolako lege-nortasunik gabe. Gainera, 1990-1994 epe horretan eztabaida sakonak izan ziren elkarteak hartu beharreko bidearen inguruan. Hein handi batean, urte batzuk lehenagotik zetorren eztabaida zen, Trikitilari Txapelketen inguruan sortutakoa. Garai hartan indar handia hartzen ari zen Bertsozale Elkartea erreferentzia garrantzitsua izan zen, zalantzarik gabe. Eta azkenean, 1993ko urriaren 1ean ospatu zen batzarrak egoerari irtenbidea jartzea lortu zuen, edo konpontzeko bidean behintzat, bidaia luze eta emankor bati hasiera emanez. Ekarpen kultural oparoa Azken hiru hamarkada hauetan EHTE-ren ekarpen kulturala benetan aberatsa izan da, besteak beste, 2000. urtetik aurrera liberaturen bat izateak ere bultzada nabarmena suposatu zuelako. «Webgune txukun bat, osatzen ari den dokumentazio gune bat, soinuaren liburutegian 16 liburu, "Inpernuko poza" jardunaldiak, aro berriko trikitixa egunak, diskogintza –"Faborez", "Geure kolkotik", "Haziak"...–, egoitza berriko erakusketa, partitura liburuak, nazioarteko jaialdiak, sanjosetako jaialdiak...», laburtu zuen Laxarok liburuan xehetasun osoz jasotako zerrenda luzea. Elkarteak izan duen bilakaeraren erakusgarri onena izan dituen egoitzen bilakaera dela aipatu zuen Haritz Garmendiak. «Tabernetan eta elkarte gastronomikoetan hasi ginen, ondoren pertsona batek borondatez Itziarren utzitako lokal batean, gero Azkoitira pasatu ginen, handik Zarautzera, intsumisoekin lokala konpartituz, eta gaur egun Basozabalera iritsi gara». Hain zuzen ere, 2021ean egoitza aldatu eta Azpeitiko Basozabal Jauregian kokatzea urrats oso garrantzitsua izan zela nabarmentzen dute elkartetik, aspalditik buruan dituzten hainbat proiektu desberdin garatzea ahalbidetuko dielako. Arraten ospatu zen III. Trikitilari Eguna, 1974ko irailaren 22an. Jose Kruzelegi «Kataolatza», Juliana Zubizarreta «Aldapa», Bittor Gurrutxaga «Otola» eta Boni Arregi «Iturbide» omendu zituzten. (EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA) Horrez gain, beste hainbat elkarte eta erakunderen lana ere nabarmendu zuen Laxaro Azkunek: «Hor ditugu Iurretako jaialdiak, eta hor 25 urtez egin ziren trikitilari zaharren omenaldiak. Arabako Trikitixa Elkartea ere sortu zen eta hamar bat urtez iraun zuen, 1994tik 2004ra. Bizkaiko Trikitixa Elkarteak ere 2001etik 2015era bitartean iraun zuen. Nafarroakoak ere oraindik, zorionez, jarraitzen du. Eta maila lokaleko beste elkarte batzuk ere sortu dira. Gipuzkoan bost bat erakunde badira: Andatza, Trikigiro, ZarautzTrik, Hauspotuz eta Lizargarate. Gipuzkoan jada erakundetzen ari dira herri mailako mugimendu horiek. Iparraldean ere bi erakunderen izena behintzat jaso dugu: Soinu Ttiki eta Trik' Amik. Horrek esan nahi du Euskal Herrian badagoela mugimendua eta liburuan hori biltzen saiatu gara». Gogoetak Liburuaren idazketa prozesuak elkartean gogoetarako aukera ona suposatu du, eta horietako batzuk plazaratu zituzten Azpeitiko aurkezpen ekitaldian. Laxaro Azkunek berak, esaterako, «albotik begira» eta «barrukoa izan gabe», hausnarketa hauxe egin zuen: «Trikitixa asko zabaldu dela ikusi dut Euskal Herrian, baina erakundetzean baduela zer eginik oraindik. Trikiti eskola eta trikiti ikasle asko dago Euskal Herri zabalean, zenbaki handiak dira, oraindik ez dakit guztiak kontatzera ere iritsi garen. Horiek elkarrengana bilduz, lehenik bere herrialdean eta gero bere herrialdetik Euskal Herri mailara bilduz, gauzak antolatuz, elkarri bultzada emanez, soinua eta dantza elkarrekin uztartuz, belaunaldien arteko harremanak indartuz, dibertsio lekuak daudenak indartuz eta berriak asmatuz... Garrantzitsua litzateke horiek denak Elkartearen lanetan islatzea». 1989ko Trikitilari Eguna, Ordizian. Omenduak Fernando Goenaga, Paulo Urretabizkaia eta Norberto Oiarbide «Benta Txiki» izan ziren. 50. urteurreneko liburua idatzi duen Laxaro Azkune ere ageri da duela 35 urteko argazkian. (FERNANDO GOENAGAREN SENDIA) Haritz Garmendiak ere lau ideia nagusi jarri zituen mahai gainean, laburrean bada ere nabarmentzea merezi dutenak. Lehenik eta behin, elkartea «bestelako mundugintza baten alde» lanean ari dela azpimarratu zuen, «herrian sustraitutako mugimendua» delako. Bigarrenik, euskal jendarteari eskainitako «zerbitzua» aipatu zuen, «merkatuaren logika jarraitu beharrean bestelako irizpide batzuk hobetsi» dituelako. Hirugarren lekuan, Garmendiak nabarmendu zuen EHTE «behetik gora» joan dela eraikitzen, eta horretarako ezinbestekoa izan dela ehundaka pertsonen lana, «lehen lerroan ibili direnetatik hasi eta etxean zaintza lanetan gelditu direnetaraino». Eta azkenik, liburuan «haragi biziz» bistaratzen diren mugak eta ezinak gainditzeko beharrezkoa izango dela «euskal kultur ekosistema berregitea, bere dimentsio politiko eta ekonomikoan». Eta amaitzeko, Itsaso Elizagoien lehendakariaren esaldi bat ekar liteke: «Indartsu eta gogotsu gaude lanean segitzeko, sinetsiz liburu honen orririk ederrenak oraindik idazteko daudela». Hala izan bedi. Egileek liburua «lan kolektibo» bat dela nabarmendu dute, hori hobeto ulertzeko zenbaki batzuk aipatuz: 58 elkarrizketa egin dituzte eta 118 bat pertsonaren laguntza eskertu Liburuan aurrez egindako hainbat ikerketa biltzen dira, baina berriak ere proposatzen ditu. Adibidez, XIX. mendeko emakume pandero-jotzaileen jardunaren inguruan