NOV. 04 2024 Gaur X urte Gaur 45 urte sortu zuten Euskal Herrian Euskaraz elkartea Gaurko egunez sortu zuten Euskal Herrian Euskaraz elkartea, duela 45 urte. Sorreratik Euskal Herri euskalduna eraikitzearen alde ari da lanean, elebitasuna alde batera uzteko asmoz. Euskal Herrian Euskarazen ekimen bat, 2012an Gasteizen. (WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Euskal Herrian Euskaraz EHE siglekin identifikatu ohi dena, 1979an sortutako elkarte euskaltzalea da. Durangon, azaroaren 4an aurkeztu zen jendaurrean, hots, gaurko egunez. Taldearen helburu nagusia Euskal Herria erabat euskalduntzea da, Euskal Herria euskaraz bizitzea, izenak berak argi uzten duenez. Euskararen egoera kaxkarra, eta egiten zaizkion erasoak salatzen ditu, euskaldunen hizkuntza eskubideak aldarrikatuz. Elkartea 1979ko azaroaren 4an aurkeztu zuten euskal jendartearen aurrean. Durangoko Azoka baliatuta. «Euskararik gabe, Euskal Herririk ez» lelopean ekin zion ibilbideari, helburu argia plazaratuta: Euskal Herria euskalduna lortzea. Horretarako, izaera aldarrikatzailea eta borrokatzailea izango zuela ziurtatu zuen. Gaur egun, EHEren helburu nagusiek bere horretan diraute, elkartearen beraren arabera: «Euskaraz biziko den herria, elebakarra, baina herritar eleaniztunez osatua». Izan ere, bere sortze egunean azaldu bezala, bere aburuz elebitasuna egoera «iragankorra» izan behar da eta ez helburua. EHErentzat hizkuntzen arteko harremana «gatazkatsua» da, pertsona batek hizkuntza bat baino gehiago jakin baititzake, baina bat nagusituko da erabiltzeko garaian. «Egungo Euskal Herrian elebitasun sozialaren alde egiten duena, erdararen nagusigoaren eta euskararen mendekotasunaren alde jartzen ari da», euren ustez. «Elebitasunaren gezurra»-ren aurrean euskaldunok jasan beharreko zapalkuntza azpimarratzen du EHEk eta horren aurrean euskara defendatzeko lanean ari da duela 45 urtetik.