GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gibraltarrek bere etorkizuna erabakitzeko erreferenduma egin zuen 2002an

Gaurko egunez duela 22 urte erreferenduma egin zuten Gibraltarren, herritarrek Erresuma Batuak eta espainiar Estatuak partekatutako burujabetza nahi ote zuten erabaki zezaten. Ezezkoak irabazi zuen eta Gibraltarrek Erresuma Batuaren menpe jarraitu zuen.

Erreferendumaren emaitzak ospatzeko apaindutako autoa, Gibraltarren. (WIKIMEDIA COMMONS)

Gibraltargo burujabetzari buruzko galdeketa 2002ko azaroaren 7an egin zuten, hots, gaurko egunez duela 22 urte. Horrela, herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko aukera izan zuten. Honakoa izan zen bota zieten galdera: «2002ko uztailaren 12an, Kanpo Harremanetarako idazkari Jack Strawek, Komunen Ganberan egindako adierazpen formal batean, esan zuen, hamabi hilabeteko negoziazioaren ondoren, Britainia Handiko eta Espainiako Gobernua, oro har, ados daudela Espainiaren subiranotasunaren erreklamazioaren konponbide iraunkor bati eutsi behar dioten printzipio askorekin. Irtenbide horrek barne hartzen du Britainia Handiak eta Espainiak Gibraltarren gaineko subiranotasuna partekatu behar dutela dioen printzipioa. Onartzen al duzu Britainia Handiak eta Espainiak Gibraltarren gaineko subiranotasuna partekatu behar dutela dioen printzipioa?».

Biztanleriaren %87,9k bozkatu zuen eta ezezkoak irabazi zuen, bozen %98,48rekin. Beraz, ez zen aldaketarik eman Gibraltarren estatusean. Galdeketa behar bezala egin zedin eta emaitza ezeztu ez zezaten, Gibraltargo gobernuak behatzaileak gonbidatu zituen, Britainiar Parlamentuko kide Gerald Kaufman buru zela.

Behatzaileek aldeko txostena egin zuten, eta ziurtatu zuten behar besteko bermeekin burutu zela bozketa. Ana Palacio espainiar Estatuko Kanpo Arazoetako Ministroak, ordea, «ilegaltzat» jo zuen erreferenduma.