NOV. 15 2024 Gaur X urte 15 urte bete dira Luisa Irigoien maistra oiartzuarra Bartzelonan hil zenetik 2009ko azaroaren 15ean zendu zen Bartzelonan Luisa Irigoien maistra oiartzuarra, ehun urte zituela. 36ko Gerran atxilotu eta Iruñean preso egon ondoren, EAJko militantea eta Oiartzungo Euzko Emakume Abertzale Batzako partaidea izan zen Irigoien. Luisa Irigoienen erretratua. (Joxemari ITURRIOTZ | Wikimedia Commons) GAUR8 Luisa Irigoien Larrañaga 2009ko azaroaren 15ean hil zen Bartzelonan, ehun urterekin, gaur 15 urte. Oiartzunen jaioa, maistra izan zen eta 36ko gerran atxilotu eta Iruñean preso egon zen, Espetxe Probintzialean. 1909ko abuztuaren 23an jaio zen familia abertzale eta aktibo baten baitan. Gerra piztu zenean, kartzela, deserriratzea eta anai baten fusilamendua sufritu zituzten. Luisa maistra izan zen Donostian, Jeneral Etxague kalean, beste bi emakumerekin batera ikastetxe misto batean. Gerra hasi zenean, Euzko Emakume Abertzale Batzan militatzen zuenez, atxilotu eta Iruñeko Espetxe Probintzialera eraman zuten beste kide batekin. Arma trafikoaz eta errepublikanoentzako arropa jasotzea egotzi zieten eta 1939ra arte egon ziren preso eta Gasteizera joan zen Irigoien ezkutuan bizitzera. 1939an Gasteizen ezkondu zen baina Bonifazio Irazusta Arbide senarrari espetxean egon ondoren Errenteriatik 300 kilometro baino hurbilago bizitzea debekatu ziotenez, ezkondu eta Bartzelonara bizitzera joan behar izan ziren. Horrela, klandestinitatean bizi ziren askok Irigoienen etxera jo zuten, 1950ko hamarkadan bereziki. Handik aurrera Bartzelonan bizi izan zen Luisa Irigoien eta bertan zendu zen 2009an.