NOV. 22 2024 Bukatu dira Nerbioiko parke linealeko lanak Araba eta Bizkaia arteko mugako tartean Azken erremate lanak eginda, Laudio eta Arrankuadiaga arteko parke linealaren zatia erabilgarri dagoela iragarri du Arabako Foru Aldundiak. Ibilbidearen zati hori bukatuta, azaldu dute lanak hasi direla Bizkaiko zatian, Urduñatik Delikara. Nerbioi ondoko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea, irudian. (Arabako Foru Aldundia) GAUR8 «Nerbioiko parke linealeko bide berdearen amaitu gabeko tarteak gauzatzen ari dira eta dagoeneko amaitu da Laudio eta Bizkaiko muga lotzen duena», adierazi du Arabako Foru Aldundiak. Ohar batean azpimarratu du oinezkoentzako eta bizikletentzako 130 metroko azpiegitura berria egokitu dela, Arabak Arrankudiagako udalerriarekin egiten duen mugatik Aretaraino. Auzo horretan, gainera, ibaiaren inguruan ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik hainbat esku-hartze eginez.Lanak bukatu berri diren zati hau erabilgarri dauden 16 kilometroko ibilbidera gehitzen dira. Era horretara, gaur egun posiblea da Amurriotik Bizkaiko mugarainoko ibilbidea oinez edo bizikletaz egitea, ibaiaren ondotik doan bidetik. Emandako datuen arabera, 150.000 oinezko eta txirrindulari baino gehiagok erabili zuten iaz Nerbioiko parke lineala.Bestalde, Urduña eta Delika arteko zatiko lanak hasi dira. «Esku hartze horren bidez, oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegitura bat egingo da, Urduña eta Delikako herriak lotuko dituena. Proiektuaren bidez, azpiegitura 1.800 metro linealetan egokituko da, eta ibilbidean Nerbioi ibaia gurutzatzeko pasabide bat eraikiko da. Tarte horrekin amaituta geratuko da Nerbioiko parke lineala ibaiaren goi ibarretik Bizkaira arte, hau da, Arrastariko ibarrera arte», zehaztu dute.