NOV. 23 2024 Gaur X urte Andromeda beste galaxia bat zela azaldu zuen Edwin Hubblek duela mende bat 1924ko azaroaren 23an, Edwin Hubble astronomo estatubatuar ospetsuak Andromeda galaxiaren aurkikuntza deskribatzen zuen artikulu bat argitaratu zuen ‘The Astrophysical Journal’ aldizkarian. Hubbleren aurkikuntzaren ondorioak sakonak izan ziren. Andromeda galaxia. (NASA/JPL/California Institute of Technology) Amaia Ereñaga Hubble izena arras ezaguna egingo zaigu, NASAk orbitan daukan teleskopioaren deitura baita. Teleskopioari Edwin Powel Hubble astronomo ospetsuaren omenez jarri zioten izena, Hubble, ordura arte ezagutzen ziren Esne-bideaz eta Magallaes-en Hodeiez gain, Andromeda ere galaxia bat zela ikusteko gai izan zelako. 1924ko azaroaren 23 hartan argitaratu zen artikuluan, Edwin Hubblek izar zefeidak identifikatu zituen Andromedaren nebulosaren argazkietan, eta, horri esker, galaxiarainoko distantzia kalkulatu ahal izan zuen. Bere aurkikuntzak erakutsi zuen Esne-bidea ez zela unibertsoko galaxia bakarra, baizik eta izar, planeta eta galaxiaz betetako kosmos zabal baten parte bat. Aurkikuntza hura unibertsoaren tamainari eta adinari buruzko eztabaiden abiapuntu izan zen, eta, pixkanaka, gaur egun daukagun espazioaren kontzeptua eraikiz joan zen. Hubbleren aurkikuntzaren ondorioak garrantzitsuak izan ziren, Unibertsoa leku zabala eta dinamikoa zela frogatu zuelako, eta Alexander Friedmann astronomo errusiarrak 1922an proposatutako unibertsoaren hedapenaren teoriaren aldeko ebidentzia enpirikoa eskaini zuelako. Hubble behaketazko kosmologiaren aitatzat hartzen da, baina astronomian eta astrofisikan izan zuen eragina ez zen makala izan. Eta bere izena daraman Hubble teleskopioak 1990ko apirilaren 24tik darama unibertsoaren gaineko oinarrizko ulermena aldatu duten zientzia behaketak egiten. Urruneko galaxiak, zulo beltzak… milioi bat objektu baino gehiago antzeman ditu eta unibertsoko irudi ikusgarriak eskaini ditu denbora horretan.