DEC. 09 2024 Gaur X urte Gaur 5 urte hil zen Marie Fredriksson, Roxette taldeko abeslaria Marie Fredriksson, Roxette musika taldeko abeslaria, 2019ko abenduaren 9an hil zen, 61 urte zituela, minbiziak jota. Mundu mailan, 1986an Per Gessle musikariarekin batera Roxette pop-rock taldeko kide eta abeslaria izateagatik ospetsu egin zen. Marie Fredriksson kontzertu batean, 2010ean. (Malin Kettil - Wikipedia (Domeinu publikoa)) GAUR8 Gun-Marie Fredriksson, artistikoki Marie Fredriksson bezala ezaguna, Per Gesslerekin batera Roxette pop bikotearen emakumezko ahotsa izateagatik nazioartean ospea lortu zuen abeslari eta konpositore suediarra izan zen. Össjön jaio zen, Suedian, 1958an, eta familia xume batean hazi zen. Txiki-txikitatik musikarako zaletasuna bereganatu zuen. Bere arreba Tinarekin batera elizako koruan parte hartu zuen. Eta lehen hezkuntza hasi zenean, aitak piano bat alokatu zuen eta Mariek konposatzeko eta idazteko zuen talentua garatu zuen. Nerabezaroan The Beatles, Creedence, Pugh, Led Zeppelin, The Rolling Stones, Jimi Hendrix, Ike eta Tina Turner izan zituen artista gogokoenak. Urte batzuk geroago, eta hainbat musika-proiektutan parte hartu ondoren, Mariek 1984ko irailaren 20an argitaratu zuen bere lehen albuma: ‘Het Vind’, EMIren bidez argitaratua. 1986an, Per Gessle musikariarekin batera, Roxette pop-rock taldea sortu zuen. Lehenengo diskoa publikatuz: ‘Pearls of passion’. Nazioartean oihartzun handia izan zuten abestiak konposatu zituzten, hala nola ‘The Look’, ‘Listen to Your Heart’, ‘It Must Have Been Love’ eta ‘Joyride’. ‘Pretty Woman’ filmeko soinu bandan ere hartu zuen parte taldeak, ‘It Must Have Been Love kantuarekin’. 80 milioi disko baino gehiago saldu zituzten, eta lau aldiz egon zen Billboard AEBetako zerrendaren buruan. 2002an, Marieri garuneko tumore bat diagnostikatu zioten, etxean zorabiatu ondoren. Hasierako pronostikoak ilunak baziren ere, tratamendu gogorrak egin zizkioten eta hainbat urteren ondoren berriro agertu zen musikaren munduan. 2019ko abenduan 9an hil zen.