DEC. 17 2024 BECeko Umeen Gabonetako Parkean zientzia eta teknologia jarduerak eskainiko ditu Elhuyarrek Elhuyarrek “STEAM gunea” izeneko txokoa izango du, eta bertan haur eta gazteentzako tailerrak, ginkana eta ikuskizunak egingo dira. 6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeen zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna bultzatzea da helburua. Zientziara eta teknologiara hurbiltzeko txokoa izango da BECen. (ELHUYAR) GAUR8 Elhuyar BECen egiten den Umeen Gabonetako Parke erraldoian izango da lehen aldiz, eta haur eta gazteentzako zientzia-eta teknologia-jarduerak eskainiko ditu. Jarduera hauek “STEAM gunea” izeneko txokoan izango dira joan den asteburutik datorren urtarrilaren 5era. “STEAM gunea”n egingo diren tailer hauen helburu nagusia zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea da, esperientzia dinamiko eta praktikoen bidez. Baita pentsamendu kritikoa, sormena, arazoen ebazpena eta talde-lana bezalako gaitasunak bultzatzea ere. Tailerrak ez ezik, ginkanak eta ikuskizunak ere izango dira. Tailerrei dagokionez, Bio-polimeroak, Natura mikroeskalan, Argia eta hologramak, Minirobot lasterketak, Lurreratze-egiturak, Termopolimeroak eta NFC etiketak tailerrak egingo dira. STEAM ginkanetan, ordea, denetariko zientzia- eta teknologia-erronkak gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek. Azkenik, adin guztiei zuzendutako hiru ikuskizun ere izango dira: Huts-ponpa, Elektrizitatea eta Kimika ikusgarria. Tailer eta ikuskizunen gidari guztiak emakume ikertzaileak izango dira, zientziaren eta teknologiaren etorkizuna ordezkatzen duten emakumeak. Erreferenteak ezinbestekoak dira belaunaldi berriak inspiratzeko eta STEM diziplinetan interesa sustatzeko. Emakume zientzialarien parte-hartzeak, genero-estereotipoak hausteaz gain, STEMen lan egiteak esan nahi duenaren irudi hurbila eta errealista ere ematen die parte-hartzaileei.Ginkana osatu beharraMugikorretarako “Action Bound” aplikazioa erabiliz, Umeen Gabonetako Parkeko atrakzioen inguruko ginkanan parte hartu ahal izango dute DBHko gazteek. Horretarako, atrakzioetan jarrita egongo diren QR kodeak eskaneatu eta galderari erantzun beharko diote. Ginkana osatuz gero, XXS 360 atrakzioan ibiltzeko Pase Express-a eskuratuko dute Tailer hauek Elhuyarren Bizilabe aisialdi-eskaintzaren parte dira. Bizilabe 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako 8 ikerketa-zentrok osatzen dute, egoitza Bilbo, Elgoibar, Laudio eta Abanto-Zierbenan dutenak. Zientziarekiko eta teknologiarekiko zaletasuna adin goiztiarrean pizteko helburua du, eta urtero 200 gaztek baino gehiagok ematen dute izena. Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta tokian tokiko udalen lankidetzarekin (Bilboko Udala, Elgoibarko Udala, Laudioko Udala eta Abanto-Zierbenako Udala) aurrera ateratako proiektua da. BECeko gunea Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi arloaren eta Innobasque-ren laguntzarekin sortu da.