DEC. 17 2024 Gaur X urte Duela 25 urte izendatu zuten azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna Mende laurdena igaro da azaroaren 25ak gure egutegietan forma berezia hartu duenetik. 1999an erabaki zen Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egun bezala izendatzea. 2024ko azaroaren 25eko mobilizazioa, Donostian. (Jon Urbe | FOKU) GAUR8 Azaroaren 25a data seinalatua da, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Zuzenean izen horrekin ezagutu duenik izango da, baina duela 25 urte erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeko Biltzar Nagusiak egun hori ospatzea 1999ko abenduaren 17ko 50/134 Ebazpenaren bidez. Dominikar Errepublikak proposatu zuen eguna, eta beste hirurogei herrialdek gutxienez babestu zuten. Mirabal ahizpak oroitzeko aukeratu zen egun hori, Dominikar Errepublikako hiru ekintzaile politiko izan ziren, 1960ko azaroaren 25ean Rafael Trujillo diktadorearen poliziak bortizki hil zituenak. 1950eko hamarkadan Mirabal ahizpek gogor borrokatu zuten Trujillo diktadorearen erregimenaren aurka. Behin baino gehiagotan izan ziren kartzeleratuak, bortxatuak eta torturatuak. 1960ko maiatzean epaitu zituzten bi ahizpa Santo Domingon beren senarrekin batera, «Estatu dominikarraren segurtasunari erasotzeagatik» eta ondoren kartzeleratu. Bi senarrak kartzelan jarraitu zuten arren, ahizpak aske utzi zituzten eta senarrak bisitatzetik itzuleran, etxerako bidean, Inteligentzia Militarraren Zerbitzuko heriotza eskuadroi batek gelditu zituen, bertan jipoitu eta hil zituzten, jendeak auto-istripuz hil zirela pentsa zezan.Hiltzaileak 1962an epaitu bazituzten ere, Trujilloren aldeko hainbat talderi esker espetxean oso denbora gutxi egon eta ihes egitea lortu zuten.