25 urte bete ditu Remco Evenepoel txirrindulariak
Remco Evenepoel Schepdaalen, Flandrian, sortu zen 2000ko urtarrilaren 25ean, gaur 25 urte. Askok ikusten dute txirrindularitzaren itxaropenik handienetako baten gisa. 2019an debutatu zuen profesionaletan, Deceuninck-Quick Step World Tour-eko taldearekin.
Remco Evenepoelen aita ere txirrindulari profesionala izan zen, Patrick Evenepoel, eta haren bidea hartua du semeak ere. Baina hasi futbolean hasi zen. Bost urterekin RSC Anderlecht taldean jokatu zuen eta 11 urterekin PSV Eindhoven taldearen gazte akademian sartu zen. Han hiru urte eman zituen, erdiko defentsa postuan.
14 urterekin Anderlecht taldera itzuli zen. Zenbait eragozpenen ondoren, 2017an KV Malines taldera pasatu zen eta lau hilabete geroago bere futbolari karrera amaitutzat eman zuen.
Txirrindulari moduan hainbeste nabarmendu zen, gazte mailatik zuzenean profesional izatera igaro zen. 2017ko apirilean debutatu zuen gazte mailan. Bere lehen lasterketan 71. amaitu zuen, baina bi hilabete geroago lortu zuen lehen garaipena. Sasoi biribila osatu zuen, zazpi lasterketa irabazita, eta munduko txapelketarako aukeratu zuten. Erretiratu egin zen, hiru aldiz erorita.
2018ko maiatzean Belgikako txapeldun izan zen, errepideko espezialitatean. Uztailean, Glasgow hirian, Europako txapeldun, erlojupekoan. Bi egun geroago, errepideko lasterketan, hamar minutuko aldea atera zion bigarrenari. Lehen aldia zen maila horretan txirrindulari berak irabazten zituena errepideko eta erlojupeko txapelketak. Urte horretan, Europako titulu biei munduko biak ere batu zizkien, inoiz ikusi gabeko marka ezarriz. Urrian Nazioen Sari Nagusia irabazi zuen, junior mailakoa, profesionaletara igaro aurretik, Deceuninck–Quick-Step taldean.
Donostiako Klasikoa
Lehen lasterketa Argentinan korritu zuen, eta gazte onena izan zen, 9. sailkapen nagusian, eta podiumera igo zen lehen aldiz erlojupekoan. Belgikako itzulian, sailkapen nagusia, etapa bat eta erregulartasunaren maillota irabazi zituen.
2019an, Donostiako Klasikoa irabazi duen txirrindularirik gazteena bilakatu zen Remco Evenepoel. Erlojupekoan ere gailendu zen Europako Txapelketan.
Itzuli handietara egokitzea gehiago kostatu zaio, baina azken urteetan gero eta emaitza erregularragoak sinatu ditu. Ikasketa prozesu horren emaitza iaz iritsi zitzaion, hirugarren amaitu baitzuen Tourra. Aurten ere horixe hartu du bere helburu nagusitzat.