Gaur lau urte hil zen Pepe Rei kazetari aske, borrokalari eta muturrekoa
Gaur lau urte bete dira Pepe Rei ikerketa kazetaria hil zenetik. 73 urte zituen zendu zenean, gaixo urte luzeetan. Zaila da aurkitzea egungo hedabideetan Pepe Reik egin, bultzatu eta defendatu zuen kazetaritza askea, borrokalaria eta muturrekoa.

2002an izan zuen auto istripu latzaren ondorioz, ia bi hamarkada eman zituen osasunez oso makal, gurpil-aulki bati lotuta eta laguntzaren beharrean Pepe Reik. Donostian hil zen, hainbeste maite zuen Donostian.
Jaiotzez galiziarra izan arren (Barbantesen jaio zen, Ourensen, 1947an) eta galiziarra izateaz oso harro zegoen arren, Pepe Reik Euskal Herrian aurkitu baitzuen berezko lekua, bai politikan, bai lanbidean, Ramon Solak GARAn idatzi zuen legez.
Galizan hasi zuen bere kazetari ibilbidea, 70ko hamarkadan Euskal Herrira etorri zen arte. Besteak beste, Madrilgo ‘Ya’, ‘La Voz de España’-n, ‘El Periodico de Cataluña’-n eta ‘Interviu’-n aritu zen lanean.
‘La Voz de Euskadi’ egunkariko proiektuaren zuzendaria izan zen ere 80. hamarkadaren hasieran, hau da ‘La Voz de España’ eta ‘Unidad’ egunkarietako langileek bultzatu zuten egunkariarena.
Ez zen aurrera atera, eta ‘Punto y Hora’ aldizkariko kolaboratzailea izan ondoren, ‘Egin’ egunkariko kiroletako burua izendatu zuten. Baina ikerketa zuen maite, eta Auzitegi Nazionalak ‘Egin’ itxi zuen arte, 1998an, herri honen ustelkeria eta azpijokoak azaleratu zituen: EAJren irregulartasunak salatu zituen, baita enpresari batzuek, Intxaurrondoko guardia zibilen laguntzarekin, Gipuzkoan osatu zuten droga-trafiko sarea ere.
Ondoren, lan berbera egin zuen ‘Ardi Beltza’ aldizkarian, bera zuzendari lanetan. ETArekin lotura izatea leporatuta auzipetu zuten behin baino gehiagotan, baina sekula ez zuten zigortu horregatik.
Kazetari lanaz gain, Reik hainbat liburu idatzi zituen: ‘El Jesuita’, ‘La cloaca vasca’ eta ‘La red Galindo’ esaterako,
«[Pepe] Reik borrokatu zuen etengabe. Kazetari-klase berezi horietakoa zen, non ez zuen ulertzen informazioa modu errezean, erredakziora iristen ziren prentsa-agentzien, komunikatuen eta prentsaurrekoen bideratutako informazioa legez. Bere mundua isiltasun informatiboaren aurka zegoen», irakur zitekeen ‘Pepiño’ izeneko artikuluan. 2021ean Jabier Salutregik, ‘Egin’ egunkariko zuzendariak, gutun ireki eta hunkigarri bat idatzi zion Pepe Reiri.