NOV. 06 2021 Hiriburuko kolegio batetik Gasteizko auzo batera Maite Ubiria Beaumont Non daude antifaxistak?». Esalditxo hori kantatuz harrera egin zioten «Z Generazioa» osatzen duten zaleek Nantes hirian espektakulua eskaini zuen konplexurik gabeko eskuin identitarioaren izar katodikoari. Eric Zemmourrek hitza hartu zuen aretoaren kanpoaldean; anartean, bere bisita salatzeko elkartu ziren antifaxistek parez pare izan zuten Polizia. Biarritzen gertatu bezala herraren mezua zabaltzeagatik kondenatua izan den apologeta babesteko aitzakiaz bere ideologia higuingarria bizkortzeko osagairik onena ahanztura historikoa dela oharra egiteko kalea hartu zuten herritarrak inguratu zituzten estatu zerbitzariek. Arriskuaren ebaluazio argigarria. Euskal Herri osoan zinez ezagun zaiguna. 24 orduz bere mezuak barreiatzen dituzten telebista kateen laguntzaz errebisionismo historikoaren bertsio errebisitatua saltzeko arazorik ez duen predikatzaileak bermatuta duen adierazpen askatasuna ataka larrian dela nahitaez irudikatzeko balio duen jokabide ofiziala. Handik aurrera, inkestak enkargatu. Maurice Papon prefet kolaborazionistaren eta Jean Moulin erresistentziaren martir ofizialarekin lerratu zen Cherif Mecheri suprefetaren artean aukera egin behar izanez gero nori emango zenioke «like»-a? Lehena, frantses petoa, arauak bete zituen; besteak, jatorriz aljeriarra, funtzionario batek aginduari zor dion obedientziari muzin egin zion. Iraganeko kontuak berriz? A zer pereza! Alta, eskuin muturreko eklektizismoaren profetak kolaborazionismo zein kolonialismoaren orban gogaikarriak ezabatuko dituen garbitzaile automatikoa proposatu du. Eta, tremendismorik egin gabe, bere formulaz erakarririk gazte dezente hurbildu ziren Iraty gelara. Publiko txit ohoragarri horretaz doa politikaren espektakularizazioa. Nor izan zen Petain mariskala? Nazien aginduak bete zituen militar frantses bat edo garai zailetan lan zikina egitea egokitu zitzaion estatu zerbitzaria? Medioen desoreka ikusita, lerro arteko kontakizun lotsagarriek lurra bustitzeko duten gaitasunaz eztabaidatzea alferrik iruditzen zait. Auzia da neurri handi batean gaitz horietatik salbuan sentitzen den (euskal) gizartea kutsadura azaletik muinera zabaldu ez dadin tresna eraginkorrak berrasmatzeko gai izanen den. Erronka hori ez gainditzeko arriskua ez genuke mespretxatu behar, errelatibismoaren martimuiloak bere kaltea egin baitu. Parisko zein Madrilgo ekosistemek esponsorizatutako pertsonaien kontura trufa egitea errazagoa da berdin Hiriburuko kolegio batean zein Gasteizko Batan auzoan berriki izan diren gertakarien gainean begirada garbiarekin sakoneko hausnarketa egitea baino. Litekeena da, ordea, laster biak ala biak bideo bitxien galerian sartu ondoren beste kontuetara pasatzeko joera gailentzea. «Dena ezertan geratu da, zorionez» entzun genuen Hiriburuko kolegioa okupatu zuen polizia tropela erretiratu zenean. «Harrapatu dute gezurretan» esatearekin konformatuko gara, igual, behin baino gehiagotan antifaxisten aurka oldartu den Ertzaintzak Batan auzoan Voxeko batek zabaldu zuen bertsioaren faltsukeria baieztatzen badu. Langile batzuek parking batean otoitz egin zutelako piztu zen terrorismoaren aurkako alarma Hiriburun. «Susmagarri» horiek espediente garbia zuten, zorionez. Gasteizen askoz hobeto: ez ziren existitzen. Izuaren eraikuntzari buruz beldurrik gabe hitz egingo dugu inoiz? El trueque a cuenta de los personajes creados tanto en los ecosistemas de París como en los de Madrid es más fácil que una reflexión más rigurosa sobre los acontecimientos tanto en la Capital como en Vitoria