GAUR8 - mila leiho zabalik
EMAKUME NEKAZARIAK

«Nekazariaren emakume» izatetik «emakume autonomo» izatera

Urrian Elikadura Burujabetzaren Hilabeteak utzi zizkigun gogoeten artean, Emakume Baserritarren Egunaren harira landutako funtsezko gai batzuk gogoan izatea komenigarri litzateke; batik bat, bizi dugun gizarte eredu demokratiko-liberalen gainbehera eta ingurumen krisialdiaren aurrean irtenbideak bilatzeko.


Aurtengo Emakume Baserritarren Egunean, urriaren 15a, landa eremuko emakumeen egoera eta hauen parte-hartze politikoa izan ditugu, hain zuzen, hausnarketarako materia nagusi. Horren ildotik, Mundubat fundazioak eta Landa Eremuko Emakumeen Konfederazioak (CERES) “Emakume baserritarren parte-hartze politikoa estatu espainolean” ikerlana aurkeztu zuten, urriaren 15ean, Basoan (Artea).

Nazioarteko egunek gai, proposamen eta aldarrikapenei urtean zehar izan ohi ez duten oihartzuna emateko ahalmen edo funtzioa dute. Horretaz baliatuz, “Emakume baserritarren parte-hartze politikoa estatu espainolean” ikerlanaren garapen prozesuan parte hartu duten emakumeek normalki bigarren maila batean utziak izan ohi diren errealitate pusketak hartu, xehatu eta aztertu zituzten, horien inguruan jaun eta jabe izan den isiltasuna eta ikusezintasuna hautsirik, berau jardun politikoaren erdigunean, kritikaren fokuaren erdi-erdian, jartzeko: kontzientzietan arrastorik uzten ez duten aferen azpimundutik atera zituzten, bada, landa eremuko emakumeek beren betaurrekoetatik ikusten eta interpretatzen dituzten errealitateak. Betaurreko horiek barik ezinezko litzaiguke ezagutzea, ulertzea eta geureganatzea baserri eremuko emakumeek egunerokotasunean libratzen dirauten borroka amaigabea, hau da, bizitza baldintza duinak eskuratzeko etengabeko lehia; eta, bestalde, ezin identifika genitzake nekazari giroko emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten era guztietako indarkeria patriarkalak, horiek errotik erauzi ahal izateko.

Azken horrek berebiziko garrantzia du, gainera; hori lortu ezean, bizi baldintza duinen utopia ezerezean geldituko litzateke. Kondizio egokiez gozatzeko bermea pixkanaka eskuratuz gero, patriarkatuaren biolentziei aurre egiteko gaitasuna indartuko litzateke. Eta, noski, lorpen hori ezinezkoa da borroka horretan emakumeak, emakume baserritarrak, bakar-bakarrik utziz gero.

Feminismo baserritarra ehunduz

Arteagako Basoa proiektuak Arratiako Haranean du egoitza, Bizkaian, eta bertan batzartu ziren urriaren 15ean, Nazioarteko Emakume Baserritarren Eguna zela-eta, Euskal Herrira gerturatu ziren emakume baserritar, ekoizle eta nekazariak: estatu espainoleko hainbat autonomia erkidegotatik bidaiatu zuten hainbat emakumek Basoara arte, landa eremuko emakumeen bizitzaren inguruan hainbat mito, paktu eta isilune hausteko asmoz.

«Emakumeok gabe ez dago bizitzarik inon, inongo lurraldetan (…) gu, emakumeak, ez gara kolektibo bat, munduko biztanleriaren %50 gara», ohartarazi zuen Isabel Gimenok. Bera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren baitan, Landa, Berritze eta Nekazaritzarako Elikagaien Formakuntza Garapenerako Azpizuzendaritzako nagusia da, eta biltzarrean bozeramaile nagusietako bat izan zen.

Garrantzitsua da azpimarratzea, dena dela, horrelako topaketetan, emakumeek eremu mistoetan tradizio izan ohi den logika eta «egiteko modu» edota jokabide anitzekin errotik hausten dutela: hau da, bozeramaileen ahalguztiduntasun hori alde batera uzten da, betiere ikuspegi feminista bat jomuga izanik, bozeramaile eta entzule rolak parekatzeko eta orekatzeko. Beraz, Basoan urriaren 15ean izandako bileran, emakume nekazari eta abeltzainak, hizlari eta entzule izanik, aldi berean, entzumena eta errespetua erdigunean kokatzen dituen parekotasun testuinguru batean murgildu ziren. Horrela, jarraipena eman zioten estatu espainoleko emakume baserritarren sare feministaren ehuntzeari. Sare horrek berebiziko garrantzia du estatu mailako dimentsioan landa eremuko emakume eragile eta feministek beren artean tinkatu beharreko konfiantza harremanak eta ekimen politikorako gaitasuna indartzeko.

Ez kuota, ez titulu

Herrien elikadura burujabetza eta borroka feministaren helburuen baitan berebiziko garrantzia izan duen hitzordu honetan, emakume baserritarrak ez ezik, ez ziren falta izan feminismoaren baitan eta, konkretuki, egun horretan landutako ikerlanaren alorrean, ezinbesteko eginkizuna izan duten hainbat emakume: Isabel Gimeno, Isa Alvarez Vispo, “Emakume baserritarren parte-hartze politikoa estatu espainolean” ikerlanaren koordinatzailea; Gotzone Artiñano, Mundubat fundazioko Elikadura Burujabetza saileko kidea; eta, Antonia Morillas, Estatu espainoleko Berdintasun Ministerioaren baitan, Emakumeen Institutuan, zuzendaritza lanetan diharduen eragilea.

Aho batez, baina, aldi berean, bakoitzak bere baitan dakartzan ikusmira eta esperientzia propioek besteenekin elkar topo egitean sortzen den ikusmira-aniztasunaren balioaz kontziente izanik, estatu espainoleko emakume baserritarrek zera aldarrikatzen dute: landa eremuko emakumeak, abeltzainak, ekoizleak, nekazariak, ez direla osotasun homogeneo baten pusketa sinpleak; hau da, ordua dela gainditzeko kuota, titulu edo konplementu bat balira bezala murrizten edo gutxitzen dituen ikuspegia. Ikuspuntu horrek, izan ere, kalte handia egin dio baserriko emakumeen borroka historikoari: edozein segmentu sozial uniforme balira legez, «gazteen segmentua», esaterako, emakume baserritarren errealitatea aztertzeko erabili izan diren tresnek, orokorrean, ez dute gaitasunik izan beren konplexutasuna antzemateko. «Genero» kategoria eta «emakume» kontzeptuaren eraikuntza soziala sartzen da, bete-betean, ekuazio horretan, eta noski, tresna oro guztiz mugaturik gelditzen da horrek atzealdean daraman oinarri politikoa kodifikatzeko eta lantzeko gaitasunik ezean.

Azken horrekin lotura zuzena du “Emakume baserritarren parte-hartze politikoa estatu espainolean” ikerketa lanaren prozesuan zehar hainbat emakumek ondorengoa adierazi izana behin baino gehiagotan: «Ni ez naiz dirulaguntzetarako ezarri ohi dituzten laukitxoetako batean ere sartzen».

Etxeko sukalderaino

Ikerketaren aurkikuntza nagusietakoa landa eremuaren garapena sustatzeko politika publikoak arautzen dituen legediak (konkretuki, Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratua eta autonomia erkidegoetako Nekazaritzaren Garapen Planak) ez ditu ia emakumeak aipatu ere egiten eta, agertzen direnean, gazteriaren talde edo «pack» berdinean sartuak izaten dira, nahiz eta aski jakina den gazte gisa kalifikatzen den «masa uniforme» horren baitan aniztasun handia ezkutatzen dela, alde batetik, eta, bestetik, emakumeek historikoki pairatutako diskriminazio eta biolentzia estrukturala modu desberdindu eta sakon batean behatu eta landu beharra dagoela: «Abiapuntua ez da berdina eta premiazkoa da emakumeen kasuetan diagnostiko espezifiko bat aplikatzea, zeinak emaitza gisa ekintza konkretu eta diferentzialen proposamenak egin beharko lituzkeen», adierazi zuen Isa Alvarezek bere mintzaldian.

Legediari lotutako atala ez ezik, badira beste dimentsio batzuk kontuan hartu direnak “Emakume baserritarren parte-hartze politikoa estatu espainolean” ikerlana egitean; hain zuzen, dimentsio hori zuzen-zuzenean loturik dago ikerlanak oinarri izan duen metodologia kualitatibo eta parte-hartzailearekin: metodologiaren berezitasunetako bat da berau landatar borroka feministaren zerbitzura jarria izan dela ikerketa prozesu osoan zehar, gerora, emakume baserritar, jornalero, nekazari eta abeltzainen bizitzan erabakigarriak diren hainbat espazio eta elementutan aplikatu ahal izateko.

Behaketa eta elkarrizketa sakona izan dira ikerketa metodologiaren oinarriak, zeintzuen bidez ikerketa prozesuan parte hartu duten emakumeek hainbat biolentzia azaleratu baitituzte: historikoki alde batera utziak izan ziren biolentziak, hain zuzen, emakume guztiei eta, bereziki bortiztasunaz, landa eremuko emakume lurgabeei eragiten dieten arazoak.

Eztabaidaezina den biolentzietako bat da perspektiba teoriko feministaren baitan genero biolentzia ekonomiko gisa ezagutzen duguna: biziki esplizitua bilakatzen da biolentzia mota hori emakume eta gizonen proportzio demografikoa, lurren jabetzaren alorrari dagokionez, modu latz batean puskatzen denean. Gizonak dira ustiapenetan titulu kopuru handienak metatzen dituztenak; emakumeak titular gisa agertzen diren kasuetan, normalean, titulartasun partekatuaren kategoriapean agertu ohi dira.

Titulartasun partekatuaren gaiaren inguruan, ikerlanaren gidaritzapean izan diren emakumeen arabera, bi ahoko arma baten aurrean aurkitzen gara: berau, sarritan, ikusten da landa eremuan emakumeen papera sendotzeko lanabes gisa; baina, azken finean, neurri hori (titulartasun partekatua), lehen sektorean dirulaguntzak emateko orduan puntuazio sistema erregulatzeko helburuaz sortua, ez da inondik ere onuragarria emakumeen autonomiari dagokionez.

«Familietan, gizonak dira baliabideak dituztenak: aitak, lehengusuak, osabak (…) orduan, titulartasun partekatuarekin, aukerak sortzen dira baliabideak eskuratu ahal izateko baina, bestalde, horrek dakar, kontrapartida gisa, ‘tutoretza’ edo ‘tutelaje’ gisa ezagutzen den fenomenoa: pertsona hori, emakume hori, gerora, lotuta egongo da, ezingo ditu aurrera eraman buruan dituen proiektuak, betiere tutore papera betetzen ari den gizon hori desagertzen ez baldin bada edo bakean uzten ez bazaitu. Gainera, horrek, aldi berean, idatzi gabeko zorrak dakartza: nik lur hau emango dizut baina, gero, amama gaixotzen bada eta bera zaindu beharra baldin badago, zuri tokatuko zaizu lan hori betetzea».

Konbentzionala urratzea

Ikerketaren emaitzek, urriaren 15ean, Emakume Baserritarraren Egunean, Basoan sakondu eta gogoetarako funtsezko elementu gisa landuak izan zirenek, urratu egiten dituzte dokumentu baten markoak: dokumentuek eta ordenagailuetako artxiboek, beti, ahanzturaren kaxoietan artxibaturik gelditzeko arriskua dute; edo, asko jota, lubakietako ikusezintasunean, erresistentzia etengabean diharduten borrokalari bakartien memorietan.

Horixe izan liteke, gertagarria den edo itxaron daitekeen horrek dakarren arriskua, hain zuzen, landa eremuko emakume ikertzaileak bultzatu dituen arrazoi nagusia konbentzionala den hori urratzera: Emakume ikertzaile eta baserritarrek (aldi berean aldaketarako subjektu politikoak eta erreferente «berreskuratzaile» eta sortzaile ere badirenak) aldarrikatu egiten dute zaintzaren eta erreprodukzio lanen balioa; historikoki emakumeei leporatu izan zaizkien rolen balioa goraipatzen dute, horiek ikusezintasunean eduki nahi dituen gizarte baten aurrean (horixe baita, noski, familia eredu patriarkalaren biziraupena bermatu duen elementu nagusia; hau da, emakumea konplementu bat balitz bezala, esklabo gisa, metatze kapitalistaren zerbitzurako esku indar merkea produzitzera kondenaturik, guztiz besterendurik mantendu duena).

Emakume baserritarrek aldarrikatzen duten beste gauza bat ondorengoa da: beraien buruarekiko konfiantza sortu, mantendu eta indartu beharra dutela, eta eremuak sortu modu kolektibo batean elkarrekin jakintza eta ekintza sortu, eraiki eta sustatzeko, bien bitartean gizateriak krisialdi sakon batean murgildurik dirauen bitartean, non «biolentzia lehenetsiak» (violencia por defecto) eta areriotasunak aurrea hartu dion enpatiari eta komunitatearekiko fedeari.

Feminismo baserritarra

Ikerketa kolektibo eta parte-hartzailearen boterean sinisten duten emakume baserritarrek sinisten dute, irmotasun osoz sinistu ere, posible dela laster landa eremuan emakume gazteak loratu eta ugari daitezen, zeintzuk prest izango diren feminismo baserritarraren bandera hartzeko, lekukoa hartzeko elikadura burujabetza eta beren gorputzekiko burujabetza utopia hutsean geldi ez daitezen erein beharreko baldintzak lortze aldera.

Horretarako, «amabitxi» edo «amandre» kontzeptua erreibindikatzen eta bereganatzen dute: figura horren balioaren inguruan gogoeta egiterakoan, Carmen Gonzalez datorkie burura guztiei. Carmen, Valentziako emakume aktibista historikoa izan zen, Nekazari eta Abeltzainen Erakundeen Koordinatzaileko (COAG) partaidea. Carmen joan den urtean hil zen, pandemia garaian.

Ikerketa eta ikaskuntza kolektibo prozesu honen baitan garatutako aurkikuntza, ondorio eta proposamenen artean, bitxikerietako bat ondorengoa izan da: ikustea nola, esperantza iturri guztiz elkor edo idor batetik, zeinetan «egingarria» den horrek osotasunaren gutxieneko pusketa bat baino irudikatzen ez duen, emakumeek «amandre» figura hori erreskatatu duten. Beraientzat, amandrearen figurak lidergoa eta eraldaketetarako motor edo sustatzaile papera irudikatzen du.

Amandreen funtzioa

«Horixe da, aztertu ditugun ekimen eta aldaketarako alternatiben artean, emakumeek posibleen ikusten dutena; kasualitatez, neurri horien guztien artean, beraien eskuetan dagoen bakarrenetakoa da amandreen funtzioa sustatze hori; oso esanguratsua da hori horrela izatea», ebatzi zuen Isa Alvarezek. «Emakumeentzat, beren babes taldeen baitatik aterako dituen harresia igarotzen hasten diren momentuan, orduan hasten dira agertzen eragozpenak».

Carmen Gonzalezek beren bizitza eta militantzia esperientziaren bidez erakutsi zuen bezalaxe, batzuetan emaitzek denbora behar dute iristeko, atzeratu egiten dira.

Bere bizitzaren alderdi handi bat eman zuen Carmenek, Valentziako portuko Jarduera Logistikoen Gunearen (Zona de Actividades Logísticas-ZAL) egokitzapen obrak direla-eta, La Puntako hainbat biztanle kanporatu eta lur gabetu zituen makinen kontrako erresistentzian. Carmenek ez zituen bere borrokaren emaitzak ikusi, baina horrek ez du borrokaren eta erresistentziaren arrazoia eta zentzua deuseztatzen: desio ditugun aldaketek ere, oraina gainditu egiten dute eta ondorengo belaunaldietara iristen dira eredu hazi gisa; inspirazio, errebeldia eta kontzientzia kritiko sorburu gisa. Gaurkoan, ezagutza zeharo baliotsua erein duten emakumeen prozesuak islatzen duen bezala, gaur altxor bat bezala bereganatu duten antolaketarako proiekzioa lehenagotik feminismoaren eskutik lanean aritu diren Carmen bezalako aitzindari erreferenteen fruitu den heinean, datozenentzat ezinbesteko aurrekari izango da: ziur konbentzio eta normaltasun oztopo ugari urratzeko baliagarri izango dela estatu espainolean elkarrekin ikertzeko eta eraldatzeko antolatu diren emakume baserritarren lana; zeintzuek, normalean emakumeen eta baztertutako dibertsitateen kasuan gertatzen den bezala (eta are gehiago landa eremuan), beren gogoeten, ezagutzen eta proposamenen gida eta jabe izan daitezkeela erakutsi zuten.