GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Nury MARTINEZ
FENSUAGRO-KO PRESIDENTEA

«Itun Historikoa koalizioak lurren gaian proposatutakoak itxaropen handia sortu digu»

Nury Martinez, Kolonbiako Fensuagro Nekazaritza eta Abeltzaintzako Sindikatu Federazioko presidenteak, herrialdearen egoera du aztergai elkarrizketa honetan.

Nury Martinez (FENSUAGRO)

Fensuagro, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Sindikatu Federazio Nazionala, 80ko hamarkadaren hasieran sortu zen Kolonbian. Landa eremuko erresistentziaren eta nekazarien eskubideen defentsaren erreferente bilakatu da geroztik. Horrexegatik, jomugan kokatu dute herrialdeko elite politiko eta ekonomikoek. Fensuagrok 57 kide galdu ditu, 2016. urteaz geroztik, indarkeria politikoaren ondorioz.

Elsa Nury Martinez Silva Fensuagroko presidentea da. Emakume izateagatik eta nekazarien erresistentzian eginkizun politiko garrantzitsua aurrera eramateagatik, modu sistematikoan jasotzen ditu bere buruaren eta familiaren kontrako heriotza mehatxuak. Dena dela, horrek ez du agortzen horrenbeste urtetan zehar ondutako irmotasuna, ezta bake alternatibak eraikitzen jarraitzeko premia ere. Berarekin solasaldia izan genuen Nekazarien Borroken Nazioarteko Egunaren testuinguruan, joan den apirilaren 17an. Une honetan, Kolonbian indarkeria bolada berri bat piztu da hauteskundeen atarian. Giza eskubideen urraketak Kolonbian inoiz eten ez diren arren, egunerokotasun beldurgarria azaleratzen eta ugaltzen jarraitzen dute, nonahi, nahitaezko desplazamenduek, desagerpenek eta giza eskubideen defendatzaileen aurkako erasoek. 62 lider eta bake akordioen 18 sinatzaile hil dituzte aurten.

«Positibo faltsuen» mamua ere berpiztu egin da azkenaldian. Armadako hainbat goi kargu militarrek kolonbiarrak urteetan itxoiten egon diren unea eskaini dute duela gutxi Bake Jurisdikzio Bereziaren aurrean: lehen aldiz aitortu dute modu sistematikoan zibilak epaiketaz kanpo exekutatu eta, ostean, bajan emandako gerrillari gisa aurkeztu izan zituztela. Baina, egiaren aitormenak, paradoxikoki, errealitatearen gordintasunarekin topo egin du oraingoan ere: Armadak joan den martxoan Putumayoko departamentuan 11 zibil hil ostean, Defentsa Ministerioak masakrea terrorismoaren aurkako operatibo gisa aurkeztu zuen.

Hasteko, Nury Martinezi buruz gehiago jakin nahi genuke. Nola deskribatuko zenuke zure burua eta nola lortu zenuen Fensuagroko lehen emakumezko presidente izatea?

Hegoaldeko departamentu batekoa naiz, Huilakoa. Familia handia da gurea, hamabi anai-arrebek osatua. Gure ama, haur askoren zaintzaz arduratu behar izan duen arren, oso aktiboa izan da beti politika arloan. Txikitatik erakutsi zigun gure etxean ez zegoela diskriminaziorik, gizonek eta emakumeok zereginak berdintasunez partekatu behar genituela eta beti kritikoak izan behar genuela. Bere eraginez izan naiz ni beti emakume errebelde samarra.

Fensuagro erakundearen alaba ere banaiz. 1989tik egituraren parte naiz. Hasieran gazteekin lan egin nuen, baina, 90eko hamarkadaz geroztik, emakumeen eskubideen defentsan izan naiz. 2009an, Landa Eremuko Emakumeen Idazkaritzaren ardura hartu ostean, Via Campesina nazioarteko sarea ezagutu nuen eta orduan hasi zen nire ibilbidea feminismo baserritar eta herrikoiaren eraikuntzan. Gai horietan beste herrialde batzuetan gertatzen ari zen guztia Kolonbiara ekarri genuen lehen aldiz.

Lan horri esker, gaur egun hainbat emakumek dihardute federazioko oinarrizko erakundeetako zuzendaritza eginkizunetan, eta guztiok dakigu hori lortzea ez dela batere erraza. Nik neuk ere erakundeko presidente izendatu nindutenetik hainbat oztopo gainditu behar izan ditut. Jendeak, orokorrean, nahiago du horrelako kargu bat gizonei ematea. Dena dela, emakumeok asko laguntzen diogu elkarri eta geure artean dugun ahizpatasuna oso garrantzitsua da. Urrats garrantzitsuak egiten jarraitzen dugu kide guztiek emakumeok aintzat har gaitzaten. Gure erakundeetako gizonezkoak hasi dira ulertzen emakumeok ez ditugula espazioak irabazten emakume izateagatik, baizik eta aurrera ateratzen ditugun ekimen eta proposamen politikoengatik.

Fensuagrok erasoak jasan ditu, duela gutxi, Kolonbiako zenbait komunikabide eta sare sozialetako erabiltzaileren eskutik: zuen federazioari leporatzen diote loturak izatea FARCekin eta Francia Marquez ezkerreko presidenteordegaiarekin. Nondik datoz jazarpen ekintza horiek?

Jasan dugun azken jazarpenaren egilea koronel bat izan da, Senaturako hautagai ohia. Gerrillako erakunde bat garela esan zuen. Horrek, federazioko afiliatuen bizkarrean hilarri bat jartzea suposatzen du. Talde armatu asko daude guk lan egiten dugun lurraldeetan. Horrelako salaketekin, gure kalteberatasuna larriagotu egiten da.

Pairatzen ditugun erasoek gure ekimen politikoarekin lotura zuzena dute. Nekazaritzaren alorrean Kolonbiako erakunde garrantzitsuenetako bat osatzen dugu. 1987. urtean Fensuagro gisa eratu ginenetik, landa eremuko arazoak konpontzeari ekin diogu. Gure aburuz, gerra ez da bukatu, gatazkaren irteerak politikoa eta negoziatua izan behar du, horren jatorria lurraren banaketa txarra baita. Errealitate hori azaleratzeagatik eta sustraitik aldatu nahi izateagatik, estigmatizatu egin gaituzte. Beti lotu izan gaituzte gerrillarekin, eta hemen, garai luze samarra izan genuen non iritzi publikoarentzat gertatzen zen guztiaren errua gerrillak zuen.

Gure erakundearen iritziz, gerraren konponbideak nekazaritza erreforma integralean oinarritu behar luke. Proposamen nagusi horretatik abiatuta, nekazarien eskubideen alde lan egiten dugu, agronegozioaren, lur jabeen eta transnazionalen aurka. Horrexegatik, afiliatu eta militante asko hil dizkigute eta, eskualde batzuetan, erakundea erabat desegin ere egin dute.

Bestalde, zergatik lotzen gaituzten Francia Marquezekin? Une historiko batean gaudelako, aldaketa garaia datorrelako. Herrialde honetan gobernu aurrerakoi bat planteatzen ari gara eta horretarako benetako aukera dugu oraingoan, Francia Marquezen lehendakariordetza formularekin; mugimendu herrikoi eta komunitarioaren baitatik datorren emakumea da. Horrek samina eta haserrea eragin du herrialde honetan benetako aldaketa baten aurrean gaudela onartzeari uko egiten diotenengan.

Fensuagrok jasotzen dituen mehatxu mezuak ez dira soilik mugimenduaren aurkako ohartarazpenak, baizik eta gure lurraldeak estigmatizatzeko modu bat. Nire familiak mehatxuak jaso izanak eta nik inolako segurtasun eskemarik ez izateak ere beldur handia sortzen dit. Norberak badaki horrelako mugimendu batean dagoenean, politika arloan diharduenean, gerta dakiokeen gutxienekoa dela kartzelan sartzea. Familiarekin sartzen direnean, askoz ere ahulago bihurtzen da norbera.

Kolonbiako bake prozesuan aktore kolektibo garrantzitsua izan zarete. Laburbilduko zeniguke zein den Kolonbian bakea eraikitzeko egin duzuen ibilbide historikoa eta zein diren, zure ustez, Bake Akordioaren lorpen eta gabezia nagusiak?

Urteak daramatzagu lan egiten gatazkaren irtenbide negoziatu eta politikoaren alde: Habanako bake prozesua hasi zenetik, izan diren elkarrizketa, ekimen eta proposamen guztietan parte hartu dugu. Gizarte zibil antolatuak Habanara bidali zituen 400 proposamenetatik, FARCek 100 jarri zituen mahai gainean; Gobernuak, ostera, bat ere ez.

Akordioaren lehenengo puntuak (landa erreformari dagokiona) ez du aurrera egin, eta gobernu aurrerakoi berriarekin hori konpontzea espero dugu. Puntu horren oinarrian dagoen Landa Erreforma Integrala ez zaigu nahikoa iruditzen: Landa Erreforma Integrala eta Nekazaritza Erreforma Integrala ez dira gauza berdina. Azken hori da Fensuagrotik beti egin dugun apustua eta Bake Akordioan proposatzen dena baino askoz harago doa. Bake Akordioak nekazariez, indigenez eta komunitate beltzez hitz egiten du baina, «lurraldeko beste eragile batzuk» dioen lekuan, industriarekin zerikusia duen guztia txertatzen dute.

Itun Historikoa ezkerreko koalizioak itxaropen handia sortzen digun zerbait proposatu du lurren gaiaren atalean. Hauteskundeetarako programa eraikitzeko prozesuan, nekazarien erakunde guztiak gonbidatu gaituzte eta gure iritzia eta proposamenak kontuan izan dituzte.

Programan, bake akordioen ezarpena eta Kolonbian nekazariak eskubide subjektu gisa aintzat hartzeko proposamena atxiki dute. Azken horrek esan nahi du aurretiazko kontsulta informatuetan nekazariok ere barne hartu beharko gintuzketela; edo, nazioz haraindiko enpresek nekazarion lurraldeak ustiatu nahi izanez gero, herri kontsulta lotesleak egin beharko lituzketela.

Hori guztia aurrerapauso handia da guretzat. Petroren eta Marquezen egitarauak 1991ko Konstituzioak utzitako hutsune handienetakoari aurre egiten dio: Konstituzioak herri indigenak eta komunitate beltzak aitortzen baititu, baina ez, ostera, nekazariak.

Hirugarren puntuari dagokionez (Bake Jurisdikzio Berezia eta Egiaren Batzordea proposatzen dituena), Fensuagro gatazka armatuaren biktima gisa aintzat hartu zuten Biktimen Erregistro Bakarrean, nekazaritza erreformaren, elikadura subiranotasunaren, hezkuntzaren eta nekazarien eskubideen alde egiten ari garen borrokengatik. Bakerako Justizia Bereziak nahiko babes garrantzitsua eman digu baina, ostera, Gobernuak batere ez.

Fensuagrok eta Mundubat fundazioak ibilbide garrantzitsua egin duzue elkarrekin: azpimarratzekoak dira emakumeen parte-hartzea sendotzeko ahalegina, nekazarien unibertsitatearen aldeko apustua eta Kolonbian nekazariok subjektu politiko kolektibo gisa onartuak izan zaitezten egiten ari zareten lana. 2019ko abenduan NBEren Batzar Nagusiak landa biztanleriaren oinarrizko eskubideak babesteko tresna berria onartu zuen baina, Kolonbia, bozketa horretan, abstenitu egin zen. Zer dela-eta Estatuaren jarrera hori?

Gai hau aspalditik dator eta estrategia global batean datza. Iraultza berdea hasi zenetik, nekazariak desagerraraztea izan da helburua. Hirien hazkundea handia izan zen urte horietan, mundu osoan, eta gero eta biztanle gutxiago gelditzen joan ziren landa eremuan. Kolonbian prozesu hori askoz oldarkorragoa izan zen, beste herrialde batzuetan ez zegoelako gerrillarik eta hemen bai. 70eko eta 90eko hamarkaden bitartean, Kolonbian nekazariok bizi izan genuen lumatzea, Estatuak enpresaburu eta lur jabeekin adostutakoa, gerra zikin izugarri baten erdian gauzatu zen. Nekazariok hil, sarraskitu eta gure lurraldeetatik atera gintuzten.

Kolonbia da munduan barne desplazatu gehien dituen herrialdeetako bat, 6 milioi inguru, eta horietatik %95 nekazariak dira. Indarrez kendutako lur horiek guztiak, gero, transnazionalen kontrolpean geratu ziren. 1996an, Via Campesinak elikadura subiranotasuna eta elikadura giza eskubide gisa proposatu zituen sasoian, Munduko Merkataritza Erakundea (MME) sortu zen, eta horren barnean sartu nahi izan zuten nekazaritzaren arloa.

Gu erakunde horren aurka borrokatu ginen, esanez nekazaritza ezin dela salgai ipini. Ordutik, oztopo gisa hartzen gaituzte. Gobernuak ez du nahi gure proposamenekin jarrai dezagun, haien interesen aurka doazelako. AEBak betidanik nekazarien eskubideei buruzko Nazio Batuen Adierazpenaren aurka egon direnez, Kolonbiako Gobernuak bat egin du posizio horrekin.

Testuinguru latz honetan, geure burua subjektu politiko gisa garatzeko egindako ibilbide luze horren balantzea egitean, Mundubat fundazioarekin dugun aliantza aipatu beharra dugu. Giza eskubideen urraketen aurrean laguntza politiko eta babes garrantzitsua eman digute. Bilbotik Kolonbiako Gobernuak baino askoz gehiago lagundu eta entzun digute. Harreman hori guretzat oso garrantzitsua da, Mundubat aliatu bat baita, gure borrokekin eta bultzatzen dugun eraldaketarekin bat datorrena.

Zuen borroka oinarri politiko argi batzuen gainean eraiki duzue: elikadura burujabetzaren aldeko apustua, Nekazaritzako Landa Erreformaren proposamena, eta feminismo baserritar eta herrikoia. Azalduko al zeniguke nola garatzen dituzuen oinarri horiek zuen egunerokotasunean?

Nekazaritza eredu bi daude: alde batetik, agronegozioaren eredua, jendearen eta ekosistemaren osasuna axola ez zaiona; bestetik, nekazaritzaren eredua, bizitzaren aldeko eredua, non erdigunean lurra eta gizakiak dauden. Guri asko irakatsi digu Via Campesinaren parte izateak, berarekin batera sakondu baitugu elikadurarako eskubideari eta burujabetzari buruzko eztabaidetan. Horrexegatik, gaur egun proposatzen ari garen nekazaritza erreforma integrala eta herrikoia elikadura burujabetzan oinarritzen da.

Horretaz hitz egitean, nahitaez planteatu behar ditugu hainbat galdera. Non ekoitziko dugu? Galdera horri erantzutean, konturatzen gara, ezinbestean, nekazaritzako erreforma bat egon behar dela; ondasun komunak behar ditugula eta gure jatorrizko haziekin ekoizteko eskubidea izan behar dugula. Nola ekoiztuko dugu? Hor planteatzen dugu ekoizpen matrizea aldatzea, eta matrize berri hori agroekologia da. Sekulako erasoak izan dira, urteetan zehar, agroekologiaren aurka: ez dela autosostengagarria planteatu izan ohi da, ez dela hornitzeko bezain produktiboa. Baina frogatu da hori ez dela egia. Agroekologia da alternatiba aldaketa klimatikoaren aurrean eta une honetan bizi ditugun elikadura eta osasun krisien aurrean.

Aurreko guztiari, gure testuinguruan, Kolonbian, giza eskubideen gaia gaineratu behar diogu. Antolaketaren gaia ere hor dago, baita gazteen parte-hartzearen beharra ere. Gure gazteak landan gera daitezen alternatibak behar ditugu eta, horregatik, guk beti esan dugu lurraldea lurraldetik defendatzen dugula; horregatik hiltzen gaituzte, geure lurretan geratzen garelako.

IALA Maria Cano, Latinoamerikako Nekazaritzako Institutu Agroekologikoan, landan geratuko diren gazteak prestatzen ditugu, landan maiteminduko direnak, profesionalak izan daitezkeenak. Gure lurraldeetatik pedagogia desberdin bat proposatzen dugu, hezkuntza iraultza bat, landaren eta hiriaren arteko arrakala gainditzen ere lagunduko duena. Azken finean, nahi duguna da herrialdeko nekazaritza mugimendua indartzea eta protagonista politikoak izatea, beste nekazaritza- eta herri sektore batzuekin batera lan egiteko.

Azkenik, zertan datza Fensuagrotik egiten duzuen feminismo baserritar eta herrikoiaren defentsa?

Feminismo baserritar eta herrikoia oinarritik eraikitzen ari gara, ekimenekin, proposamenekin, pentsatuz emakumeen emantzipazioa lortzeko sistema aldatu behar dugula, sistema berri bat eraiki. Aspalditik gentozen emakumeen eskolekin, baina laster konturatu ginen eraldaketa kontzientean gizonek ere parte hartu behar dutela: orain gizonek ere eskoletan eta gure eztabaida politikoetan parte hartzen dute eta ikasi dute gure proposamenak ez direla soilik emakumeen gaiak, baizik eta gizarte osorako benetako aldaketa alternatibak.

Orain abuzturako kongresu berri bat prestatzen ari gara eta pentsatzen ari gara nola lurreratu feminismo baserritar eta herrikoiaren proposamen politikoa gure egituran. Estatutuetan argi eta garbi adierazirik behar du izan gure izaera sindikala, antikapitalista eta antipatriarkala. Gure egitura organikoan bultzatzen ari garen eraldaketa horien esparruan, lehengo “Landa Eremuko Emakumearen Idazkaritza” ordez, “Emakume Nekazariaren Idazkaritza” proposatzen ari gara, eta horrek argi eta garbi islatzen du gure feminismoak nekazari borrokarekin bat egiten duela eta bereizezinak direla.