GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
MARITHA MARQUES
Giza eskubideen aldeko aktibista

«Ez gaituzte indarkeriaren objektutzat hartzen, ez gaituztelako emakume oso gisa ikusten»

Aniztasun funtzionala duten emakume ijitoen ahotsa eraman du agertokira, Bilbon, genero antigitanismoaren aurpegi eta indarkeria ezberdinak azaltzeko.

Maritha Marques aktibista. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Maritha Marques ez da bere benetako izena. Izen asmatu bat hartu zuen giza eskubideen aldeko ekintzaile gisa bere mezua zabaltzeko. Horrela kontatu zion GAUR8ri Romi Berriak-ek eta Amuge-k Bilbon antolatutako kongresuan parte hartu ostean. Grabagailuaren aurreko solasalditxo hartan esplikatu zigun lanbidez kontablea dela bera, baina bazekiela ijitoa eta aniztasun funtzionala duen emakumea izanik aurreiritziak sortuko zirela. «Giza eskubideen alde borrokatzen den eta desgaitasuna den ekintzaile bat asmatu behar nuen. Nirekin hitz egitean ikus dezatela ezgaitasuna duen ijito ekintzaile bat», dio portugaldarrak. Emakume ijitoa eta aniztasun funtzionala izanik aurrean aurkitzen dituen indarkeriez hitz egin zigun, hain bistakoak ez diren edo hain ondo identifikatzen ez ditugun horietaz ere bai. Historiari begira ere jarri zen, gertatu zen hark gaurko gauza asko azaltzen dituelako, beraren ustez. Borroka, politika eta diskurtso guztien atzean pertsonak daudela gogorarazi, eta bere komunitateari berari mezu inklusiboagoak egiteko urratsak egiteko eskatu zion.

Gizarteak nola begiratzen dio desgaitasuna duen emakume ijito bati?

Bai ijitook, bai desgaitasuna dugunok, gure gorputzak gutxiagotuta ikusten ditugu, desgaitasuna duten pertsonak balio ez duten gorputzak garen printzipiotik abiatzen garelako, bazterketaren eta ijitoen ikuspegitik hitz egiten dudalako, dakigunagatik, arrazakeriagatik... Hipersexualizatu egiten gaituzte, supersexiak gara edo etxekoandreak izateko baino balio ez duten emakumeak gara. Konexio bat dago. LGTB+ kausaz ari bagara, kapazitismoaz ari bagara, antigitanismoaz, klasismoaz ari bagara... hiruzpalau hitz aldatzen dira, baina aldarrikapenak beti dira berdinak.

Zertaz hitz egiten dugu genero antigitanismoaz hitz egiten dugunean?

Guk geuk ere zailtasunak izan genituen azaltzeko, gauza asko hartzen baititu bere baitan. Kontuan hartzen ditu, adibidez, etxebizitzei buruz hitz egiten dugunean ditugun aurreiritziak; enpleguari buruz hitz egiten dugunean, emakumeak garelako eta ijitoak garelako; ikasten dugunean ditugun aurreiritziak hartzen ditu bere baitan, zeren gizartea inora iritsiko ez garela dioen printzipiotik abiatzen da, eta, hortaz, zertarako ikasiko dugu? Lanpostu bat lortzen badugu, beti ari zaizkigu probatzen ezkutuko billete batekin, hartzen dugun ikusteko... Gauza horietaz eta gehiagoz hitz egin dugu, genero indarkeriaz hitz egin dugulako, ijito komunitateetan ere badago-eta, ez komunitate hegemonikoan baino gehiago, uste den bezala, baina badago. Emakume ijito batzuek indarkeria hori ez salatzeaz ari gara, familiei aurre egiteko problematikaz gain epaile baten aurrean diskriminatuak sentitzen garelako ‘Ijitoek ez dute salatzen’ esaten digutenean. Patriarkatuaren figura hain errotuta dagoelako da, ezen ‘zurekin zerbait gaizki dagoelako da’, eta ez dute ezta imajinatu ere egiten ijito emakumeek eskubideak ditugula.

Diskriminazio anitza da, beraz, ardatz ezberdinak dituena: arrazakeria, matxismoa, klasismoa...

Intersekzionalitatea esaten diogu horri. Kategoria sozial, kultural eta ideologiko desberdinek, hala nola generoak, klaseak, kapazitismoak, patriarkalismoak, kolonialismoak, erlijioak eta identitatearen beste ardatz askok aldi berean nola eragiten duten aztertzen duen teoria da. Intersekzionalitatearen arabera, gizarte zapalkuntzek (arrazakeria, kapazitismoa, harremanean oinarritutako intolerantzia, matxismoa...) ez dute modu independentean jarduten, elkar erlazionatuta eragiten dute, diskriminazio anitzen gurutzatzea islatzen duen zapalkuntza sistema bat sortuz.

Diskriminazio ezberdinek sortzen duten klima edo atmosfera moduko bat?

Bai, ez da batuketa bat bezalakoa. Intersekzionalitateaz hitz egiten dugunean, intelektual beltzek –eta haiekin gauza asko partekatzen ditugu– garatu zuten zerbait da. Esaten zuten mundu hegemonikoak apur bat gaizki interpretatzen duela hori, batuketa gisa planteatzen baitu. Ez da ‘begira, klasismoa jasaten dut, kapazitismoa...’, ez, elkargunea da. Ijito eta emakume horrek bi gauzengatik sufrituko duen bidegurutzea da; izan ere, desgaitasuna dut, ijitoa naiz, eta ijitoek ijitoa naizela ulertzen dute, baina ez desgaitasuna dudala.

Kongresuan planteatu dut desgaitasuna dugun emakumeok matxismoa jasaten dugula, baina baita kapazitismoa ere, askotan beste emakume batzuetatik datorrena; desgaitasunik ez duten emakumeek besteen agendak defendatu behar dituztela, ez duela balio desberdin daukagunari begiratzea, komunean dugunari begiratu beharko lioketela.

Lisboan bizi zara baina ondo ezagutzen duzu Estatu espainoleko errealitatea, eta jarraitzaile asko daukazu sare sozialetan. Perspektiba zabalago horretatik, egoera antzekoa da leku ezberdinetan edo aldatu egiten da lekuaren arabera?

Gaztelaniaz ondo hitz egiten dudanez –hala uste dut–, pandemiarekin idazten hasi nintzen eta idazten nuena itzultzen. Bat-batean, ez dakit zer gertatu zen, baina jende asko sareetan jarraitzen hasi zen, eta nire jarraitzaileen %80 Espainiakoak dira. Espainieraz gehiago hitz egiten hasi nintzen eta hemengo jende gehiago ezagutzen joan nintzen. Normalean hemengo jende gehiagorekin hitz egiten dut Portugalekoekin baino, pixka bat arraroa da, baina gertatzen da.

Zapalkuntzak berdinak dira leku guztietan. Portugalen irudipena dugu Espainian ez dagoela hainbesteko antigitanismorik, baina gezurra da; zera gertatzen da, Espainiak folklore kulturaren zati bat partekatzen duela, flamenkoa, eta ematen du ez dagoela hainbeste aurreiritzi, hainbeste diskriminazio. Hala ere, datuak eta txostenak ikusita, uste dugu leku guztietan gauza bera dela. Gure kulturaren zati batekin geratzen dira, bereganatu egiten dute, baina gero diskriminatu egiten gaituzte.

Kongresuan, aurreiritziekin eta indarkeria ezberdinekin lotutako esperientzia ugari sortu direla nabarmendu dute parte hartzaile batzuek. Zerk eman dizu atentzioa?

Denak. Errespetu kontuengatik ez ditut errepikatuko esperientzia pertsonal horiek guztiak, hain zuen ere, horiek partekatzeko espazio seguru bat sortu nahi izan genuelako. Indarkeria egoerak entzutera ohituta bagaude ere, XXI. mendean gauza beldurgarriak gertatzen ari direla ikusten da beti. Adibidez, emakume ijitoez hitz egiten dugunean, gure balioa gizon batek baino gehiago probatu behar dugu, baina emakumeekin ere behar dugu gure esentzia frogatu, eta zapalkuntzen gurutzaketaz hitz egiten badugu, ezintasunaz ari garela, gizaki gisa nire balioa ere frogatu beharko dut, eta hori pentsaezina da.

Ijito komunitatean zapalkuntzei buruzko kontzientzia dago, edo oraindik bidea ireki behar da gertatzen diren gauzei izena jarri eta aktibismoan urrats berriak egiteko?

Ijito komunitatearen barrukoaz hitz egiten badugu, jendeak arraza kontzientzia izatea falta zaigu, eta hori konplexua da, ez baituzu ezagutzen ez duzun zerbaiten kontzientziarik izango. Baina ez dugu gure historia ikastetxeetan ikasten; ez guk ez zuek ikasten ez baduzue, ezagutzen ez baduzue... Historia hegemonikoak garbiketa ia perfektua egin du. Esklabotzaz ari bagara, esklabotza beltzaz ari gara, eta ijitoak, zer? Berrehun urtez esklabo izan dira.

Orain jakin da Portugalen ere genozidio saiakerak izan direla. Eta Sarekada Handiaz hitz egiten genuenean, zer? Lehena izan ez bazen, Portugal lehenetarikoa izan zen 1686an ijitoen genozidioa dekretatuz, eta horretaz inork ez du hitz egiten, ez dakielako, ez zaielako interesatzen argitara ateratzea. Gero, normala da ijitoek gauza okerrak egitea, errealitateari ez dagozkion gauzak esatea, ez baitira informazio horrekin heziak izan. Ez badakigu zer gertatu zen gurekin, nola emango ditugu lezioak?

Indarkeria mota desberdinei aurre egitean, desgaitasuna duten emakume ijitoek zer erantzun aurkitzen dute erakundeetan?

Emakume ijitoen kasuan, azaldu dut gaitzespena jasaten dugula. Desgaitasuna duten emakumeen kasuan, arazoa da gure indarkeriak ez datozela bat genero indarkeriari buruzko irizpide normatiboarekin. Askotan, familia ingurunean indarkeria jasaten dugu, askotan mozorrotuta egoten dena, paternalismotik datorrelako. Babes ideia hori eta familia indarkeria ez dira hain ohikoak emakume normatiboetan. Datuez ari garenean, gainera, ez dira existitzen.

Galdetzen badugu genero indarkeriazko kasuetatik zenbatek eragin duten desgaitasunen bat, ez dago daturik. Era berean, ez dago datu zehatzik genero indarkeriagatik salaketa jartzen duten emakumeetako zenbatek dugun desgaitasunen bat, eta horrek gure ikusezintasuna adierazten du. Ez gaituzte indarkeriaren objektutzat hartzen, ez gaituztelako emakume oso gisa ikusten.

Paternalismoa, pena... ez dira indarkeriarekin lotu ohi diren errealitateak, baina eragin latza izan dezakete.

Modu gogorrean bizitzen da. Pena horrek, izan gaitezen zintzoak, zerikusi handia du erlijioaren eraginarekin, erlijioak irakatsi baitigu desgaitasuna osatua izan behar dela, sendatua. Izaki osoak ez garen ideia garatzen da, elbarriak garela, eta bada termino superkapazitista bat: minusbaliotasuna, minusbaliatuak. ‘Minusbaliatua’ esaten badugu, pertsona desgaitasuna besterik ez dela esaten dugu. Urtez urte ari gara borrokan ‘desgaitasuna duen pertsona’-ri buruz hitz egin dadin.

Biltzarrean, politika publikoez ere hitz egin da. Zure ustez, politika horiek ijitoentzako espezifikoak izan beharko lirateke?

Neurriak publikoak izan behar dira, baina berezitasunak barne hartu behar dituzte. Politika ijito komunitatearentzat planteatzen bada, ematen du desberdinak garela. Zenbait jendek eskubide berdinak ditugula defendatzen du, baina beste ezaugarri batzuekin. Ijitoa izatea ez da desberdina, pertsona bat gehiago da.

Nondik joan beharko lirateke politika horiek?

Barrutik kanporantz hasi beharko lukete. Benetako inklusioa joera inkontzienteak deseraikiz eraikitzen da. Agenda korporatiboak aniztasunaz blaituta daude, baina bakoitzak bere borrokaz, bere kausaz, bere minaz hitz egiten du. Ahaztu egiten zaigu pertsonez ari garela. Politikak puntu horretatik eraikiak izan behar dira. Emakumeez hitz egiten badugu, askotarikoak garela defendatu behar da, matxismoa, kapazitismoa, arrazakeria eta klasismoa sufritzen ditugula, diskriminazio ardatz horiekin guztiekin lotuta bizi garela, baina bakoitzak era desberdin batean bizitzen du. Zapalketa horiek bizi ditugunak jarri behar dira enuntziatzaile nagusitzat, protagonismoa partekatu behar da, eta ez jarri, adibidez, desgaitasunik gabeko pertsonak gure izenean hitz egiten, edo ez jarri egoeran ez dagoen ijito bat disidente sexualez hizketan, bere komunitatean badirelako.

Oraina ulertzeko edo egun gertatzen dena testuinguruan jartzeko... historian zeharreko ibilbide bat egin duzu kongresuan, zer helarazi nahi zenuen?

Azaldu nuen kapazitismoak gutxietsi edo gehiegi estimatu ditzakeela desgaitasuna duten pertsonen trebetasunak, eta historia horren lekuko dela. Datuen bidez dakigu Paleolitoan –populazioak nomadak ziren– pertsonak abandonatzen zituztela, ezin ziotelako besteen erritmoari jarraitu. Halere, Kenyan bizi den tribu batek erabat sinesten zuen itsutasuna duten pertsonak mundu espiritualetik hurbilago daudela, eta debozio handiz tratatzen zituzten, arrainak arrantzalekuetan non zeuden bazekitela uste zutelako; eta ideia hori ere kapazitista da, berez ez gara gai. Eguneroko bizitzaz hitz egiten dugunean, gainditze-eragileak gara, eta horrek prestatuta ez dauden eta alderdi biologikoan sartzen gaituzten gizarteen erantzukizuna kentzen du. Halaber, antzinako Grezian, zaharren kontseiluak haurtxo bat desitxuratua zela edo, besterik gabe, itsusitzat jotzen zela uste zuenean, haurra hil egiten zuten garaiko gorputz estandarrekin bat ez zetorrelako.

Alemania nazian, desgaitasuna zuten pertsonak izan ziren gas ganberetan hiltzen lehenak; injekzio hilgarriekin edo goseak hiltzen utzi zituzten, ez zirelako egokiak. Erreferentzia gisa hartzen dugun Estatu Batuetan, 70eko hamarkadara arte, legez baimenduta zegoen desgaitasuna zuten pertsonak baztertzea; edo Brasilen, 80ko hamarkadara arte, desgaitasuna zuten pertsonek ez ikasteko aukera ematen zuen lege bat zegoen, eskolatzearen erantzukizuna kentzen zuena. Espainian, 2022an gaude, eta 2020ko abendura arte, desgaitasuna zuten emakumeen nahitaezko esterilizazioa baimenduta zegoen. Ez gaituzte hiltzen, baina zatika hiltzen gaituzte bizitzan. Hesi batzuk ezartzen dizkizun gizarte baten hipokrisia dago, zeren horiek gainditzea lortzen baduzu domina bat ematen dizu, erromantizatu egiten du kapazitismoa eta argi uzten du mundua ez dela desgaitasuna duten pertsonentzat.

Izan ere, datu batzuen arabera, azken sei edo zazpi urteetan ehun esterilizazio egin dira, baina desgaitasuna duten pertsonen elkarteek uste dute kopurua pixka bat manipulatuta dagoela, askoz gehiago egon daitezkeela. Eugenesia bezala egiten da, modu modernoago batean. ‘Bizitza mantentzeko baldintzarik ez dutelako’, esaten da, espektro autistako pertsonekin egiten da askotan, haurrak tratatzeko baldintzarik ez dutelakoan, hori gezurra dela ondo dakigunean. Normalizatzen ari da liburuak idazten dituen autismoa duen jendea egotea, enpresa handiak daramatzana, baina ezin dute haurrik zaindu? Emakumeak gara eta desgaitasuna daukagu, hori da intersekzioa.

Historiak erreferenteak ere ezabatu ditu.

Europan, unibertsitatean eskolak eman zituen lehen emakumea ijitoa zela pentsatuta hazten bagara, haurrek jakingo dute aukera gehiago dutela, merkatu txikiak ez diren beste bizimodu bat izan dezaketela, ondo dagoela, azoka txikietan jarraitu behar dela, baina lerro horiek gainditu ahal izango dituztela. Emakume idazleak egon zirela jakitea, Poloniako Papusza olerkaria bera... Desgaitasunen bat duten emakumeak eta Rosa Luxemburg iraultzailea..., desgaitasun bat zuen baina ez da aipatzen. Frida Kahlori buruz hitz egiten dugunean, milioika emakumek eta neskatok erreferentetzat dugu, baina gutxitan aipatzen dugu desgaitasun bat zuela, nahiz eta badakigun, ez dugu aipatzen. Adibidez, Brasilen, genero indarkeriaren aurkako legeak desgaitasuna duen emakume baten izena du: Maria da Penha. Gaur egun, urtero, feministek eta ez-feministek Maria da Penharen argazkiak igoz ospatzen dute bere memoria, baina gurpil-aulkia ezabatzen dute. Ez da arreta falta bat, gaitzespenaren ikuspegitik markatutako gizarte marka bat da: desgaitasuna zerbait itsusia dela eta kendua, ezabatua eta moztua izan behar dela.