OCT. 15 2022 «Nire bizitzako egun onena» Iker Barandiaran Asteburuan ilobatako batek esan zidan kontzertu batera zihoala eta asko poztu nintzen. Nire gustuko taldea ez izan arren, rocka zen –gitarra, bateria eta bestelakoekin– eta hori, gaur egun, gazteen artean batez ere ez da hain ohikoa. Gero jakin nuen honen ahizpa txikiagoa ere joan zela bere lagunekin eta txoratuta ibili zela. «Nire bizitzako egun onena izan da», esan zion bere amari, umeek onena edo txarrena neurtu eta nabarmentzeko duten erraztasunarekin, baina era berean oraindik ere emozioak azaleratzeko gaitasun bete-betean; izan ere, hura bere lehen kontzertua izan zen. Bestalde, duela bi aste, kontzertu batzuk ikusi izan dituen seme nagusiak honako bota zidan: «Aita, 10 urte daukat y me gusta el reggaeton». Eta, jarraian, Screammers and Sinners psychobilly taldearen kamiseta jantzita zeukala, hurrengoa: «Bada ordua rockaren estalpetik ateratzeko». Ja, ja, ja. (Punk)rock eta antzekoek duten makarrismo eta outlaw kutsuak erakarri du bera beti, baina auskalo-non-eta-norekin ikusten dituzten ditxosozko tik-tok-ak eta mainstream edo irrati formularen olatuak reggaetonera eramaten ditu ume eta gaztetxoak halabeharrez, baita hau ere. Jakina, talde edo gehiengoaren pertenentzia horri gogor eusteak egiten du horra batzeko falta den gutxia. Gauzak nolakoak diren, baditut ezagunak esan ohi dutenak euren seme-alabek ez dutela inoiz reggaetonik entzungo, ez dietela entzuten utziko alajaina. Ez nago ados, nik ez dut halakorik egiteko asmorik. Nolatan galarazi? Zertarako? Akaso ez du belaunaldi bakoitzak horixe egiten, aurrekoarekin apurtzea, hain zuzen ere? Debekatuz gero, erantzuna kontrakoa izango da. Euren bidea egin behar dute, ez gurea; gizalegea da. Egunotan, adibidez, Maritxu Kajoi ospakizunean ibili gara gustura tabernaz taberna. Eta dagoeneko jakin bagenekien moduan oso gutxi dira (bizpahiru?) gaur egun Mondragoeko erdigunean (punk)rocka jartzen dituzten tabernak. Arrasaten aspalditxo bizi den eta parranda-kide izan nuen beste aita batek eta biok gustura hartu genituen galbidean dauden txoko horiek –berak ‘arnasgune’ gisa definitu zituenak–. Hala, horietako batean geundela aitortu zidan kostata baina dagoeneko etsi duela bere seme-alabak Cicatriz, RIP, Hertzainak eta enparauak disfruta ditzaten edo zitzaten lantzeari, eta horrek penatzen duela. Nik ez dut semeez halakorik espero –talde horiek jarraituko dituztenik, hain zuzen ere– eta ez diet halakorik eskatuko, hutsala da-eta, baina seme nagusiak reggaetona entzuten duela, egia izanda ere, zirikatzeko aitortu zidanean –sobera ondo nekiena, bestalde– aholkatu nion reggaetona entzuten jarraitzeaz gain, bila ditzala reggaeton eta gaur egungo soinu urbanoetan bestelako taldeak ere mezuei erreparatuta; eta jarrai dezala, baita ere, beste estilo batzuetan ere arakatzen. Ez dadila aldarrikatu berri duen horretara bakarrik mugatu. Izan ere, estiloek ez naute hainbeste kezkatzen, bai ordea entzuten eta entzungo dituen taldeek transmitituko dizkioten balioek eta mezuek; eta jakin badakigu olatuek zer hondar daramaten aldean. Hala, izan dezala jakin-mina eta ahalik eta une gehien disfrutatzeaz gain, musikak lagun diezaiola baita ere kritikoa izaten eta tarteka hala uste duenean artaldetik burua altxatu edo urruntzeko gai izaten. Gaitasun eta une txiki horietako askok egiten gaituzte-eta zoriontsu. • Tengo conocidos que suelen decir que sus hijos nunca van a escuchar reggaeton, que no les van a dejar. No estoy de acuerdo, yo no pienso hacerlo