GAUR8 - mila leiho zabalik

Santa Kruz apaiza, Tolosako bikarioarekin?


1873ko abenduan, II. Gerra Karlistan, Santa Kruz apaiz gerrillaria Ipar Euskal Herrian babestu zen. Iritsi zenean, Angeluko etxe batean hartu zuten, Larreta familiarenean. Andoaindarrak ziren, eta han beste bi elizgizonekin egin zuen topo, Luciano Mendizabalekin eta Patricio Orkaiztegirekin; biak errefuxiatuak. Isidro Ortiz de Urruela adiskidearen Azkaineko etxea izan zen Santa Kruzek Ipar Euskal Herrian errefuxiatu gisa emandako denboran erabili zuen beste etxebizitzetako bat. Gogoan izan behar da Isidro Ortiz de Urruela Telesforo Monzonen aitona zela amaren aldetik. Ferdinand Berillon Baionan bizi zen argazkilari paristarra da testua ilustratzen duen argazki ezagun eta zabaldua atera zuena, errefuxiatuak ziren Patricio Orkaiztegi Sorabillako erretorea, Luciano Mendizabal Tolosako bikarioa eta Francisco de Felipe Amezketako apaiza lagun zituela. Argazkia Madame Dumont Delport-en etxean egina da, Ziburun, Santa Kruz bertan baitzegoen errefuxiatuta. Etxe horretan bertan atxilotu zuen Frantziako jendarmeriak 1874ko martxoaren 22an, eta Baionako espetxera eraman zuten. Irudi honetan bitxiena zera da, Tolosako bikario Luciano Mendizabal ezabatu zuten kopia bat zabaldu zela. Argazki purgaketa horren arrazoiak ez daude argi, baina ziur aski karlisten aldekoek egingo zuten.

ARGAZKILARIA: Ferdinand BERILLON. FUNTSAK: ZUMALAKARREGI MUSEOA / LOIOLAKO ARTXIBO HISTORIKOA / GUY LALANNE.