GAUR8 - mila leiho zabalik

Arrastoa uzten duten urteurren esanguratsuak


Laura Martin hil zen aurreko asteburuan. Juan Carlos Garcia Goena GALen azken biktima ofizialaren alarguna justiziarik, egiarik eta erreparaziorik gabe hil zen, nahiz eta askotan eskatu zituen, 1987ko uztailaren 28an Hendaian senarraren autoan jarritako bonba batek hura hil zuenetik. Izan ere, gerra zikinaren eta, oro har, Estatuaren indarkeriaren biktimek ukatua izan dute egia, justizia eta erreparazioa.

Maiz erabili izan dira halako hitzak, baina zehazki zer esan nahi ote duten argitzea ez da hain ariketa erraza. Zer da egia? Zer da gertatutakoa argitzea? Zerk ekar dezake mina arintzea eta etorkizunari itxaropenez begiratzea? Hedabide nagusietan, zenbait alderdiren adierazpenetan eta ETAk eragindako biktimen elkarte batzuen hitzetan gutxitan topa daiteke erantzun positiborik, horiek gehien indartzen duten mezua mendekuarena baita.

Mendekuaren mezutik urrun, beharbada Laura eta Juan Carlosen alabak azaldu zuen egokien hitz horien esanahia Foro Sozialak berriki antolatutako ekitaldi batean, bere aitaren hilketari buruz hitz egin zuelarik. «Zer da egia?», bota zuen galdera Maider Garciak biktima ezberdinak bildu zituen hitzaldian, jarraian bere erantzuna emateko: «Ni neu, gaur egun, judizialki, mertzenario jakin hori izan zela lehergailua jarri zuena esateak ez nau asebetetzen. Niretzat egia argitzea Estatu espainolak gertatu zena onartzea litzateke».

Hitz horietatik ondoriozta daiteke eragile nagusiek beren ardura politiko eta historikoa onartzea dela, betiere, gatazkaren ondorioei behar bezala heltzeko bide egokiena, gatazka gainditzeko norabidean eta haren alde gogor eta krudelenak inoiz ez errepikatzeko berme gisa. Elkar ulertzeko eta elkar errespetatuz aurrera egiteko oinarri sendoa da, zigor eta mendeku hutsarena baino askoz ere gehiago, dudarik gabe.

Ez da honakoa aste txarra izan hori guztia berriro nabarmentzeko. NAIZek elkarrizketa egin zien Arnaldo Otegiri eta Arkaitz Rodriguezi, hain zuzen ere, duela urtebete Urriaren 18ko Adierazpena irakurri zutelako iaz Aieteko Konferentziaren eta ETAk borroka armatua utzi izanaren hamargarren urteurrena betetzen zirela-eta. Aieteren bide-orria eta hango puntu guztiak gogoratzearekin batera, ETAk eragindako biktimentzat ere hitzak izan zituen aipatu adierazpenak.

Aste honetan izandako elkarrizketan Otegik eta Rodriguezek duela urtebete esandakoaren balioa berretsi dute, eta politikoki horrek badu garrantzia. Posizioa finkatu duelako eta, ezkerreko independentismoari askotan kontrakoa egotzi nahi izan bazaio ere, ez dagoelako gai honetan jokaldi taktikorik, norabide oso bat baizik, dagoeneko zenbait mugarri izan dituena: eragindako kalteari buruz 2018ko apirilaren 8an ETAk egindako adierazpena, aipatutako iazko Urriaren 18ko adierazpena edo euskal presoek kartzela ibilbidean aurkeztutako idazkiak, besteak beste.

Konparaketetan hasiz gero, bistan da Estatuaren aldetik ez dela pareko mugimendu txikiena ere egon, baina horrek ez du baitezpada sendotasunik erakusten. Bere posizioan gogortu behar duela, besterik ez. Horregatik mugitu da ezkerreko independentismoa, duela hamarkada bat baino gehiago abiarazitako ziklo aldaketa azken bururaino eramateko borondatea modu argian erakutsi izanak ekarri baitizkio eta ekarriko baitizkio egoerak aldatzeko aukerak. •