OCT. 22 2022 GERRAREN ATARIAN Misilen krisiaren 60. urteurrenak gerra nuklearraren arriskua ekarri du gogora 1962aren urrian mundua gerra nuklearraren atarian egon zen hainbat egunez. AEBek misil sobietarrak Kuban antzeman zituztenean erasotzeko prestatu ziren eta erasotzear egon ziren behin baino gehiagotan. Isilpeko hitzarmen diplomatikoak saihestu zuen gatazka, baina Kuban peoi gisa erabili izanaren sentimendua utzi zuen. AEBetako hegazkin bat, bonbaketariak garraiatzen ari den kargaontzi sobietar baten gainetik hegan. (WIKIPEDIA) Pablo Ruiz de Aretxabaleta Kubako misilen krisiaz geroztik lehenengo aldiz arma nuklearrak erabiltzeko mehatxu zuzena dugu gauzek doazen bidetik jarraitzen badute», adierazi zuen duela bi aste Joe Biden AEBetako presidenteak Ukrainako gerraren arriskuak nabarmentzeko. «Vladimir Putin Errusiako presidentea ez dabil txantxetan», gaineratu zuen. Propaganda gisa etsaia deabrutzeko, benetako arriskuaz ohartarazteko edo gogortasun jarrera erakusteko, bai AEBetan bai Errusian, duela 60 urte izandako gatazka nuklear globalaren arriskua ekarri dute gaurkotasunera hainbat politikarik edo militarburuk, zeharkako iradokizunen bitartez batzuetan, zuzenki besteetan. Hain zuzen, hilabete honetan bete da 1962an apokalipsia eragiteko zorian izan zen krisiaren urteurrena. Gerra nuklearra piztetik «bost minutura» egon ziren aldi hartan. Bidenen oharrak ez dira alarma bakarrak izan. Josep Borrell Europar Batasuneko ordezkari «diplomatikoak» adierazi zuen Errusiak eraso nuklear bat egiten badu «militarki hain erantzun handia emango dugu, ezen Errusiako Armada birrindua izango baita». Jens Stoltenberg NATOren idazkari nagusiak ohartarazi zuen erakunde militar hau «alertan» dagoela eta «Errusiak jakin behar duela gerra nuklear bat ezin dela irabazi eta inoiz ez dela egin behar». Aldi berean, NATOren jarrera «disuasio nuklearra» dela defendatu zuen, «bere helburu nagusia beti izan delako bakea babestea eta erasoa ekiditea». Egun batzuk lehenago NATOk ohartarazi zuen Artikoko uretan murgildu zela “K-329 Belgorod” Poseidon misil nuklearra daraman urpeko nuklear errusiarra, ‘Apokalipsiaren arma’ bezala ezagutzen dena. Baina ez dago argi Errusiak torpedo hau erabat garatu duen. Gainera, Moskuk ukatu egin du Ukrainako gatazkan arma nuklearrak erabiltzea, eta AEBei eta aliatuei leporatzen die etengabe espekulatzea gerra nuklear bati buruz, gai hori modu artifizialean berotzeko. Hala ere, Ramzan Kadirov buruzagi txetxeniarrak «potentzia txikiko armamentu nuklearra» erabiltzeko egindako eskari irekiak ere tentsioa elikatu du. Kubari jazarpena Halako giroa zegoen duela 60 urte munduan? Gaur bezalako gerra irekirik ez zegoen Europan. Baina bi potentzien arteko Gerra Hotza mundu osora zabaldu zen. Gatazka horren gudu zelaietako bat Kariben kokatu zen, bere ibilbide iraultzailea hasi berria zuen Kuban. 1959. urtean Iraultzak Batistaren diktadurari amaiera eman zionetik, AEBek Kubarekiko etsaitasunez jokatu zuten, uhartean zituzten interesak galduta ikusi baitzituzten. Gainera, mehatxu ideologiko zuzena ikusten zuten AEBek, Kubak Amerika osoari adibide arriskutsua erakusten ziolako. Halabeharrez, iraultzaileek Sobietar Batasunarekin estutu zuten harremana. Lehenengo zigor ekonomikoak 1960an agindu zituen Dwight Eisenhower presidentearen Gobernuak. Horrela erantzun zieten AEBek Kubako Gobernuak enpresa estatubatuarren ondasunak uhartean nazionalizatzeko, produktu estatubatuarren inportaziorako muga zergak igotzeko eta Sobietar Batasunarekin merkataritza harremanak ezartzeko hartutako erabakiei. Eisenhowerrek enbargo komertzial partziala jarri zuen martxan eta Habanarekin harreman diplomatikoak hautsi zituen. Aldi berean, Iraultzaren kontrako talde armatuak finantzatzeari ekin zion. Bahia de Cochinoseko inbasioak porrot egin eta Fidel Castrok 1961ean Kuba estatu sozialista izendatu ondoren, John F. Kennedy AEBetako presidenteak 1962an Kubarekiko merkataritza harremanen gaineko erabateko bahitura ezarri zuen –elikagaiak eta botikak izan ezik–. Orain arte iraun duen blokeo ekonomikoaren lehenengo urratsak izan ziren. Arma sobietarra erakusgai Habanan, krisiaren oroigarri. (Olga&Konstantin / GETTY) Aurretik, CIA dozenaka aldiz saiatu zen Fidel Castro hiltzen. Eta uhartea inbaditzeko planak Washingtongo mahai gainean zeuden. 1961ean AEBek Bahia de Cochinoseko lehorreratzean babestutako kontrairaultzaileen inbasio saiakera galaraztea lortu zuen Kubak. Washingtonek ez zuen amore eman eta Mangosta Operazioaren bidez, matxinada suspertu nahi izan zuen Iraultzak porrot egin zezan. Berehala argi geratu zen ezinezkoa zela barruan halako mugimendurik sortzea. Hortik aurrera, inbasio zuzena izango zen aukera nagusia. Berriro ere, babesa SESBen bilatu zuen Habanak. Handik 10.000 kilometrora, Turkian, AEBek ojiba nuklearra zeukaten Jupiter misilak zabaldu zituzten; Moskura minutu gutxitan irits zitezkeen. Misilak Kuban Arma atomikoen lasterketan AEBak nagusitzen ari ziren garai horretan eta Moskuk Kuban misil balistikoak zabalduz erantzun zuen. Kubako Gobernuak hasieran mesfidantza izan arren, onartu egin zituen misilak. Irismen ertainarekin, 2.000 kilometrora irits zitezkeen, Washingtoneraino. Fidel Castrok beti defendatu izan zuen operazioa agerian egin behar zela, «nazioarteko legediaren babesarekin», legezkoa zelakoan. Hala ere, sobietarren esku utzi zuen behin betiko erabakia. Plataformak udan iritsi ziren uhartera baina sekretua agerian geratu zen urriaren 14an. AEBen U-2 hegazkin espioi baten ohiko miaketa hegaldiak plataformak antzeman zituen. CIAk berehala aztertu zituen ia mila argazkitan Pinar del Rio mendebaldeko probintzian ezarritako plataformak eta beste hegaldi batzuetan lortutako argazki gehiagotan beste tokietako azpiegiturak. Urriaren 16an, Kennedy presidenteak bere aholkulari nagusiak bildu zituen erantzuna aztertzeko. Defentsa idazkari Robert McNamarak hiru proposamen aurkeztu zizkion: Nikita Khrustxov SESBeko presidentearengana hurbildu negoziatzeko, uhartea blokeatu arma sobietarrak gelditzeko edo Kubaren kontrako eraso militar zuzena egin. Gerra hastear egon zen lehenengo momentua izan zen. Kennedyk bigarren aukera hautatu zuen, denbora irabaziz. Uhartea airez eta itsasoz blokeatzea agindu zuen. SESBek Kuban zituen ordurako 42 ojiba atomiko eta 42.000 soldadu. Urriaren 22an Kennedyk telebistaren bidez publiko egin zuen egoera, mezu gogor batekin, baina hitzak zainduz, Moskuren berehalako erantzunik ez pizteko. Esan zuen galarazi egingo zuela arma gehiago Kubara iristea, baina «berrogeialdi» hitza erabili zuen, «blokeoa» erabiltzea gerra deialdia izan zitekeelakoan. Gainera, Kubaren gaineko zaintza areagotuko zuela eta Mendebaldeko edozein herrialderi eraso egitea AEBei egindako erasotzat hartuko zuela gaineratu zuen. Misilak ezarritako tokietako baten argazkia. (WIKIPEDIA) Egun berean Khrustxovi bidalitako eskutitzean bere oharrak berretsi zituen eta misilen baseak eraisteko eskatu zion. Khrustxovek, bere aldetik, armak Kubara zeramatzaten itsasontziek aurrera jarraitzeko agindu zuen, blokeoa «eraso ekintza» bat zela esanez. Baina abiadura moteldu zuten, zuzeneko liskarra saihesteko eta irtenbideari denbora emateko. Hurrengo egunotan itsasontzi batzuk atzera bota zituzten AEBetako indarrek. Lehenengo hegaldian plataformak aurkitu zituztenean, ez zegoen misil bat ere prest. Handik bi astera, 12 misil jaurtitzeko prest zeuden eta beste hirurogei inguru instalatzear. Kubatarrak ere ez ziren geldirik egon. Fidel Castrok uhartearen inbasioaren arriskuaz ohartarazi zuen eta 300.000 lagun prestatu zituen. Arriskua benetakoa zen: urriaren 26an Kennedyk Kubari erasotzeko aukera baino ez zuela ikusten esan zien aholkulariei. Zeharkako filtrazioen eta Khrustxoven eskutitz baten bitartez sobietarrek AEBei adierazi zieten beste irtenbide bat izan zitekeela, gerra nuklearraren tragediaz ohartaraziz. Orduan, AEBek martxan jarri zuten buruzagi sobietarraren asmoak argitzeko ikerketa, baina Inteligentziako analisten lanak eskaintza benetakoa zela erabaki zutenean, beste eskaera bat gehitu zuen Errusiak: Turkian ezarritako Jupiter misilak ere kendu behar ziren. Eta AEBentzat hori onartzea gehiegi zen. Etsaiaren aurrean amore emango zutelako irudia, alegia. Egoera nahiko okerra ez eta, Kubaren zeruan ordurako ugariak ziren U-2 espioietako bat lurrera bota zuen misil batek. Pilotua hil egin zen. Horren ondorioz, berriro ere piztear egon zen gerra nuklearra. Izan ere, AEBetako militarrek berehala eraso nahi zuten eta soldaduak eta hegazkinak prest zeuzkaten Floridan. Goi kargu batzuk ere familiekin babes tokietara joan ziren gerra berehala hasiko zelakoan. Isilpeko hitzarmena Lewellyn Thompson SESBen enbaxadore ohiak Kennedyri irtenbide bat eskaini zion orduan: misilak Kubatik kentzearen truke, AEBek uhartea ez zutela inbadituko. Turkiako misilak kentzeko konpromisoa ere hartu behar zuen Washingtonek, baina kasu honetan isilpean. Kennedy eta Khrustxoven arteko konfiantzan eta hitzezko konpromisoan soilik oinarritu behar zen. Joko diplomatikoaren bidez, AEBetako presidenteak «ohorea» mantentzea lortu zuen. Hala, SESBeko enbaxadoreari adierazi zion Turkiako Jupiter misilak kendu egingo zituztela, baina ez zutela berehala egingo eta urrats hori ez zela krisiaren konponbidearen parte izango, ez behintzat modu publikoan. Nahikoa izan zen. Urriaren 28an SESBeko presidenteak adierazi zuen misil sobietarrak Kubatik kenduko zituztela hurrengo asteetan. Turkiaren inguruko sekretuak 25 urte iraun zuen. Washingtonek eta Moskuk garaipen diplomatikoa nabarmendu zuten hurrengo urteetan, mundua gerra nuklear batean sartzetik minutu eskas batzuetara eraman ondoren. Baina Kuban taula geopolitikoan fitxa bat izatearen sentsazio mingotsa geratu zen. Negoziazioetan ez zuen parte hartu eta herrialdearen eskaerak ez zituzten kontuan hartu bi potentziek. Nikita Khrustxov buruzagi sobietarra eta John F. Kennedy AEBetako presidentea, Vienako bilera batean, krisia baino urtebete lehenago. (Intefoto / AFP) Gerra nuklearraren erdigunean egotearen arriskua urrundu zen, baina uhartearen segurtasuna ez zegoen guztiz bermatuta AEBen ez inbaditzeko konpromiso hutsarekin. Hain zuzen, hurrengo hamarkadetan erasoek eta blokeoak jarraitu egin zuten. Eta Guantanamoko basea AEBen esku geratu zen, ondoren historiako beste atal ilun baten eszenatokia izateko. Fidel Castrok gaitzetsi egin zuen SESBeko presidenteak kubatarrak kontuan hartu gabe uhartean AEBen inspekzioak onartu izana. Berez, Kubak azkenean ez zituen onartu inspekzio horiek. Ernesto Guevara “Che”-ren esanetan, Kubak ikuskapenak ez onartzeak «Iraultzaren ospe moral eta politikoa salbatu zuen koiuntura hartan, uhartea sobietarren peoi soil gisa ez ikusteko». 50 urte beranduago, Kubako Iraultzaren liderrak artikulu batean adierazi zuenez, Nikita Khrustxov buruzagi sobietarrak izan zuen jokabidea ezbehar politiko handia izan zen SESBentzat. «Ezbehar politikoa» «Gertaera haiek, zalantzarik gabe, Nikita Khrustxovek bere karguaz ordaindu zituen; arerioa gutxietsi egin zuen, ez zituen entzun jakinarazi zizkioten irizpideak, eta ez zuen kontsultatu bere azken erabakia lehen lerroan geundenekin», deitoratu zuen Castrok. Izan ere, egoera normaltzeko presidente kubatarrak bost puntu planteatu zituen urriaren 28an: blokeo ekonomikoa altxatzea; Kubaren aurkako AEBen ekintza subertsiboak eta inbasio planak bertan behera uztea; aire eta itsaso espazioaren urraketa bukatzea, eta Guantanamoko basea kentzea eta Kubari itzultzea. Baina negoziazioetan ez zituzten kontuan hartu. «Garaipen moral garrantzitsu izan zitekeena SESBentzat ezbehar politiko garestia bihurtu zen», idatzi zuen Castrok. Uhartean saminez hartu zuten irtenbidea. Abandonatu eta traizionatu egin zituztela sentitu zuten. «(Sobietarrek) Espainian egin zuten gauza bera egin ziguten» bezalako iritziak edo «Nikita, Nikita, lo que se da no se quita» (emandakoa ez da kendu behar) bezalako leloak zabaldu ziren. Eta Kubaren eta AEBen arteko tentsioak hainbat hamarkada gehiago iraun zuen; gaur egunera arte, alegia. Castrok hala uste bazuen ere, ezin da esan norainoko eragina izan zuen misilen krisiak Khrustxoven erorketa politikoan. «Estatubatuarrek Kennedy hil zuten. Guk ez genuen gure buruzagia hil baina boteretik kendu genuen», adierazi zuen Nikolai Leonov KGBko zuzendari ohiak ondorioen inguruan. Handik denbora batera, McNamara Kennedyren Defentsa idazkariak aitortu zuen, larunbateko arratsalde eder batean Etxe Zuriko lorategietan paseatzen ari zirela pentsatu zuela hura zela presidentea ikusiko zuen azken arratsaldea. Halaber, Fidel Castrok zera adierazi zion: «Inbasioa eginez gero, gerra nuklearrak eztanda egingo zuen. Eta zer gertatuko zatekeen Kubarekin? Desagertuko ginatekeen, arriskua ikusi genuen. Benetan diot. Ondorioa zera da, McNamara jauna, beldurrean oinarritzen bagara inoiz ez gara gai izango gerra nuklearra ekiditeko». Kubako Iraultzaren liderrak gogora ekarri zuen 1962ko urriko gertaerek mundua erabateko gerra nuklearraren atarian jarri zutela, eta «gerra nuklear horretako ezein alderdik ezingo zukeen bizirik iraun, ezta gizateriak berak ere», nabarmendu zuen. Arriskua hain hurbil ikusteak arma nuklearrak ez ugaritzeko hitzarmenak ekarri zituen, mehatxuak jarraitu bazuen ere. Halaber, krisiak konpontzen saiatzeko zuzeneko harremana ezarri zen Etxe Zuriaren eta Kremlinen artean, «telefono gorri» delakoa. Egun, teknologiak harremanak azkarrago eta eraginkorrago izateko bidea eskaintzen du, baina inork ez du imajinatzen isilpeko eta hitzezko itun bat, Kennedyk eta Khrustxovek Turkiako misilak kentzeko adostu zuten gisakoa. Hor datza, hain zuzen, gaurko mehatxu lausoen arriskua, Putin eta Bidenen arteko konfiantzarik ez dago eta ekintza militarrek, harrokeriak eta gatazka armatuek edozein urrats diplomatiko ezabatu dute. Castrok inbasioaren arriskuaz ohartarazi eta 300.000 lagun prestatu zituen. Arriskua benetakoa zen, urriaren 26an Kennedyk Kubari erasotzeko aukera baino ez zuelako ikusten McNamarak hiru proposamen aurkeztu zituen: Khrustxovengana hurbildu negoziatzeko, uhartea blokeatu arma sobietarrak gelditzeko edo Kubari zuzenean militarki eraso egin Kuban, taula geopolitikoan fitxa bat izatearen sentsazio mingotsa geratu zen. Negoziazioetan ez zuen parte hartu eta herrialdearen eskaerak ez zituzten kontuan hartu bi potentziek U-2 hegazkin espioi bat lurrera bota ondoren, gerra nuklearra piztear egon zen berriro. Izan ere, AEBetako militarrek berehala eraso nahi zuten eta hegazkinak prest zeuzkaten Floridan