Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Benetako gertaerak oinarri

Azken asteotan guztion ahotan dabilen «The Jeffrey Dahmer Story» telesaila ikustaldi marka guztiak gainditzen ari da: 701,37 milioi ordu 19 egunetan, «Bridgerton», «Stranger Things» edo «The Witcher» bezalako izenburuen gainetik. Arrakastaren arrazoiak ugariak izan daitezke, baina sentsazioa daukat benetako gertaeretan oinarritzen diren telesailek badutela tiradizo berezia, eta asko erakartzen gaituela sinestezinak diruditen istorioen atzean benetako protagonistak daudela jakiteak.

«The Jeffrey Dahmer Story» telesaila ikustaldi marka guztiak gainditzen ari da.
«The Jeffrey Dahmer Story» telesaila ikustaldi marka guztiak gainditzen ari da. (NETFLIX)

Zergatik gustatzen zaizkigu hainbeste besteen bizitzak eta istorioak jorratzen dituzten ikus-entzunezkoak? Pertsona askok errealitatetik eta eguneroko errutinatik ihes egiteko telesailak ikusten dituztela esan ohi dute, baina gehien gustatzen zaizkigunak benetako gertaeretan oinarrituta daudela kontuan izanik, ez al da apur bat paradoxikoa?

Horrek, gainera, beste hausnarketa batera garamatza: istorio berriak, hutsetik sortzen diren gidoiak edo sormen lan originalak topatzea gero eta zailagoa dela, baina hori beste egun baterako utzi nahi dudan gogoeta da.

“Dahmer” telesailaren aitzakia erabiliz, benetako gertaeretan oinarritzen diren azken boladako izenburu batzuen kasua aztertuko dut, fikziozko moldaketaz gain gertaera horiek dokumental formatuan ere jorratu dituztenak.

Monster: The Jeffrey Dahmer Story & The Jeffrey Dahmer Tapes

Netflix

Milwaukeeko munstroaren istorioa azaltzen duen telesail ilun eta deserosoa. AEBetan, 1978-1991 artean, Jeffrey Dahmer izeneko serieko hiltzaile honek egin zituen hilketa beldurgarriak ardatz dituena. Ryan Murphyk orain arte egin duen guztia kontuan izan beharko banu eta balorazio orokor bat egin, gehiegi gustatzen ez zaidan zuzendari bat dela aitortu behar dizuet. Sortzaile oso interesgarria iruditzen zait, gai interesgarriak plazaratzen dituena, lan oso onak egin dituena, baina ekoizpen guztiak zerbait falta zaien sentsazioarekin amaitu ditut beti. Ondo daude, bai, baina ez dira guztiz biribilak, nire ustez. Zorionez, “Monster: The Jeffrey Dahmer Story” estreinatzearekin batera nire iritzia guztiz irauli da, honakoa Ryan Murphyk sorturiko proposamenik biribilenetarikoa iruditzen baitzait.

Gaizkia pertsonaien bidez erretratatzea lan liluragarria iruditu izan zait beti. Ikusle modura, benetan existitu den (ala ez den) pertsonaia ilun eta beldurgarri baten garapenaren testigu izatea itzela iruditzen zait, baina baita arriskutsua eta oso zaila ere. Hamar ataletan horrelako munstro batekin enpatia sentituz gero, eremu oso ilunetan sartzeko aukera egongo litzateke zuzendarien aldetik eta moralki zalantzagarria izango litzateke trataera hori.

Aldiz, lehen segundotik pertsonaia hori nazkagarria eta jasanezina egiten bazaigu, ez genuke bi atal ere iraungo telesaila ikusten. Ryan Murphy-ren abileziarik handiena justu erdibidean kokatu izana da; hau da, pertsona mespretxagarri, ilun eta oso krudela dela une oro erakusten duen arren, bere gizatasunaren zertzelada txiki batzuk ere erakusten dizkigu –aitarekin duen erlazioa, garai hartan homosexuala izateak zer suposatzen zuen, bizi izan zuen bakardadea…–, eta bien arteko konbinaziori esker sortzen den enpatia (oso-oso) txikiaz lagunduta guztiz eramangarria egiten du telesaila.

Nabarmentzeko beste alderdia biktimei eman dien ahotsa da. Era honetako true crime askotan hiltzailean zentratzen dira soilik eta berak egin dituen krimenetan morboa eragitean, biktimen izen-abizenak bazterrean utziz. Telesail hau biktima horietako batzuetan zentratzen da guztiz, eta haien familia, bizilagun eta lagunen bidez beraien testigantzen lekuko bilakatzen gara.

Peaky Blinders & The Real Peaky Blinders

Netflix/Amazon & Filmin

Aurkezpenik behar ez duen telesail ezagun eta arrakastatsua. Birmingham hirian girotua, Lehen Mundu Gerra amaitu berri. Gangster familia batek kontrolatzen du lurraldea eta zaldi apustuen lokala. Familia burua Thomas Shelby da, gizon azkar, kalkulatzaile eta handizalea. Hori dela-eta, bere negozioak –ilegalak jakina– zabaltzen hasiko da botere eta diru gehiagoren atzetik eta horrek arazo ugari sortuko dizkio.

Aipatzekoa da telesailaren irudi zainduaz gain musikaren erabilera, garaiko irudiak egungo musika piezekin uztartzen direnean sortzen den kontrapuntu bitxia nabarmenduz: Nick Cave (“Red Right Hand” abestiarekin irekitzen dira atalak) edo Artic Monkeys, besteak beste.

Kasu honetan ere fikzioan ikusten ditugun pertsonaia horiek badituzte ordezkariak bizitza errealean. Filmin plataformak estreinatu berri duen “The Real Peaky Blinders” dokumentalean ikus daiteke hori. Birminghamen eta beste hiri industrial batzuetan XIX. mendean sortu zen taldeen mugimendua aztertzen duen lana da. Non dago benetako “Peaky Blinders”-en jatorria? Birminghamen XIX. mendearen amaieran sortu zen eta polizia erreforma eta gizarte erreforma handiek zapaldu zuten kaleko talde jendetsuen fenomenoan dago Steven Knightek sortutako telesail bikainaren haztegia.

When They See Us & The Central Park Five

Netflix

1989ko apirilaren 19an, Trisha Meili izeneko emakume bati eraso egin zioten New Yorkeko Central Park ezagunean; bortxatu, jipoitu eta sasi artean abandonatu zuten. Ordu batzuk lehenago, 14-16 urte bitarteko gazte batzuk –beltzak eta latinoak– parke berean ari ziren harriak botatzen, txirrindulariei iseka egiten eta gaiztakeria txikiak burutzen.

Gazteak bihurrikeria txiki batzuengatik atxilotu zituzten, baina poliziak, esku artean kasu bereziki mediatikoa zuela konturatu zenean –Trisha Meili-rena alegia–, froga gehiegirik izan gabe ere, bost gazte horiei emakumezkoaren eraso basatia leporatu zien. Horrela hasten da Central Parkeko Bosten amesgaiztoa: Kevin Richardson, Antron McCray, Raymond Santana, Yusef Salaam eta Korey Wise, New Yorkeko justiziaren historian inoiz egon den kasurik polemiko eta arbuiagarriena.

“When They See Us” izeneko telesail latzean, “Selma” filmaren zuzendariak berriro frogatu digu injustizia soziala eta zapalkuntza bezalako gaiak jorratzeko gaitasun berezia duela. Hasierako sekuentzia sinple baina eraginkor batzuei esker, adibidez, protagonistak ziren bezala ikus ditzagun lortzen baitu; auzo xumeetan bizi ziren nerabe soilak, bakoitza bere adinari dagozkion egonezinekin, baina bihotz onekoak eta batez ere bizitza osoa aurretik duten pertsonak.

Garai hartako testuingurua ere ezin hobeto jorratua dago. Lehen atalean, adibidez, lehen kolpean, bizi zen egoeraren lekuko bilakatzen gara. Telebistan Donald Trump ikusten dugu; 80ko hamarkadako irudiak dira. Heriotza zigorra berriro jartzearen aldeko adierazpenak jaurtitzen ditu eta 85 milioi dolar ordaindu ostean, mezu berbera zabaltzeko intentzioz prentsan iragarki bat argitaratzen du. Gazte hauek guztia (eta guztiak) aurka dutela (dituztela) ohartzen gara eta etorkizuna beltz kolorez marraztuko duten susmoak pizten hasten dira geure garunean.

AEBetako sistemaren arrazismoa eta ustelkeria dira telesailari bereziki sostengua ematen dioten bi zutabeak, baina baita nola Ipar Amerikako gizartea kontakizunaren harrapakin bilakatzen den, egiazkoa izan ala ez. Kontakizun hori pantaila txikira eramanaz, lau zatitan banatu dute eta bertan galdeketaren gaua, epaiketa, erreformatoriotik pasatu zireneko urteak eta baita horietako batek –Korey Wise-k– kartzela barruan bizi zituen urte beldurgarriak ere islatu dituzte. 

Gizarte kritika burutsuari, estetika boteretsuari, narrazio eraginkorrari eta interpretazio bikainei esker, ekoizpen hau Netflix-ek estreinatu duen telesail onenetarikoa dela esango nuke.

The Act & Mommy Dead and Dearest

Amazon & HBO

Patricia Arquette eta Joey King-en interpretazio lan ikaragarriei esker eta Münchhausen sindromea ardatz hartuz, benetako kasu batean oinarritzen den istorio honekin zur eta lur geratuko zara. Gaindituta, hunkituta, beldurtuta, txundituta eta harrituta amaituko duzula ohartarazten dizut. Istorio makabro eta lazgarria da. Erantzuteko oso zailak diren galdera asko geratuko zaizkizu garunean.

Efterforskningen & Into the Deep

Movistar & Netflix

Kopenhage, 2017ko abuztua. Poliziak Kim Wall izeneko kazetari suediar baten desagerpenaren salaketa jaso du. Berari buruz dakigun azken gauza da itsaspeko batean igo zela, bertako jabea elkarrizketatzeko asmoz. Handik ordu gutxira, itsaspekoa hondoratuta aurkitzen dute eta kapitaina erreskatatzea lortu. Ez dago, ordea, kazetariaren arrastorik, ezta froga erabakigarririk ere, eta adierazpenak oso kontraesankorrak dira. Hortik aurrera, kasu misteriotsu horren ikerketaren xehetasunetan murgiltzeko aukera ematen du telesailak eta, jakina, baita “Into the Deep” dokumentalak ere.

Fikziozko moldaketa “Borgen” filmeko gidoilariaren eskutik iritsi da. Ez pentsa, ordea, akziozko thriller frenetiko bat ikusiko duzunik. Ikuspuntua edo sortzaileen intentzioa ez baita “errudunaren bila” formula erabiltzea, polizia ikerketa neketsu eta korapilatsuan zentratzea baizik. Kasu sendo bat eraikitzeko frogak behar dituen fiskalaren, erantzun bila dabiltzan gurasoen eta titularren gose diren komunikabide presiopean aurrera egiten ari den ikerketa. Interesgarria eta harrigarria oso.

The Staircase & Soupçons

HBO & Netflix

True crime motako dokumentalen zaleak garenontzat, Jean-Xavier de Lestrade-ren “The Staircase” (2004) klasiko bat da zalantza izpirik gabe, generoaren barruan maisulana. Bi proposamenak ikusteko gogoa baduzue, lehenik fikzioarekin hastea gomendatzen dizuet.

2001eko abenduan, poliziak Michael Peterson idazlearen deia jaso zuen. Bere emaztea konorterik gabe zegoela zioen Ipar Carolinako bere etxean, eskaileretatik behera erori omen zelako. Minutu batzuk geroago berriro hots egin zien, emakumea jada hilda zegoela esanez. Antonio Campos-ek sortutako fikziozko telesail hau kasu hori ardatz hartu eta gertatu zena azaltzen saiatzen da. Horretarako, lehen mailako aktore zerrenda erabili du: Colin Firth, Toni Collette, Juliette Binoche edo Michael Stuhlbarg, besteak beste.

Telesaila bikoteen eta familien sekretuei eta gezurrei buruzko azterketa psikologiko sakon eta liluragarria iruditu zait. Fikzioaren elementuez baliatuz, ezin hobeto pantailaratu du Antonio Camposek istorio hau, interpretazio lanez harago, muntaia eta egitura narratiboan ere indar handia jarriz.

A.C.S: The People vs O.J. Simpson & O.J.: Made in America

Disney

Fikziozko telesaila gomendatu nahi dizuet, hasteko, dirudien baino askoz ere interesgarriagoa delako. Egia da O.J. Simpson-en kasua denboran hain gertu izateak ekoizpenaren aurka jo dezakeela, hainbat gertaera eta datuk sortu beharreko sorpresa uneek ez gaituztelako hainbeste harrituko. Halere, gertaturikoaren berregite guztia hain dago dotore filmatua eta xehetasun guztiak azken muturreraino zainduak, non AEBetan kasu honek bere garaian sortu zuen lilura guztia ulertzeko gai sentituko zareten. Ikuspuntu guztiak modu liluragarrian daude irudikatuak, hein handi batean aktoreen lan bikainari esker. Nabarmentzekoa jakina, Cuba Gooding Jr ezaguna, O.J. Simpson gorpuztu duena,  John Travolta, Sarah Paulson, David Schwimmer, Connie Britton, Courtney B. Vance…

Esan daiteke, O.J. Simpson ia gutxienekoa dela ekoizpen honetan, gizakiari berari eta krimenari buruzko erradiografia aparta baita, sakonki aztertua, gainera. Arrazismoa, matxismoa, bortizkeria poliziala, ustelkeria bezalako gaiak agerian uzten ditu.

Dokumentala, aldiz, maisulana iruditzen zait. Bost ataletan, O.J. Simpsonen gorakada ikusteko aukera izango duzu, izar bihurtu zen arte; eta batez ere, izan zuen erorialdi ikaragarriari buruzko errepaso sakona ikustekoa. Nola ikasi zuen gazte afro-amerikarrak bere mitoa eraikitzen futbol unibertsitarioan eta profesionalean; irudi hori mugaraino promozionatzen ikasi ere, AEBetako “beltz zuriena” bilakatu zen arte. Eta nola, bere emazte ohiaren hilketaren gauetik aurrera, amets hori betiko suntsitu z(u)en.

Hain erreala eta gordina, non Hollywooden gidoilari onenaren burutik irtendako istorio baten aurrean zaudetela sentituko duzuen. Dokumentala ez baita epaiketan eta adibide zehatz horretan soilik zentratzen, garai hartako testuinguruan kokatzen gaitu, Ipar Amerikak bizi izan zituen une latzak mahai gainean jartzen ditu, adibide zehatz honekin talkan: aipaturiko arrazismoa, basakeria poliziala, aberastasuna eta pribilegioak, etxeko indarkeria, komunikabideen eboluzioa, erlijioa... Azken batean, “O.J.: Made in America” bilakatu da gizarte estatubatuarra azken 50 urteetan kezkatu duen ia guztiaren zortzi orduko azterketa ikaragarria. Teknikoki aparta, ezin hobea, “gutxirekin asko” filosofia ardatz duena. Handikeriarik gabe eta birsortze konplikaturik txertatu gabe, narrazio nagusia batik bat artxibo irudiek eramaten dute aurrera, baita elkarrizketatu desberdinen testigantzek ere. Irudien bilketa, sailkapena eta egindako muntaia lana aho zabalik geratzeko modukoa da.