Miren Azkarate Badiola

Onddoak aldarrikapenak balira

Mendiz inguratutako herri batean bizitzeak azkenean mendia maitatzera eraman nau. Tira, horrek eta nire bi lagunek: Xerpak eta Erbiak. Haiekin astean behin gutxienez mendi buelta txikiak ematen baititut urte pare batetik gaur arte. Denari atera behar omen zaio bere alde ona eta nik oraingo honetan mendia deskubritu izana eskertu behar diot pasatu dugun “mundu mailako pandemiari”. Gure agintariek bi orduko ateraldiak baimendu zizkigutenean hasi nintzen eta orain ezin dut inondik inora ohitura hau albo batera utzi.

Esan daiteke maiz ibiltzen naizela inguruetan eta nahiko ongi ezagutzen ditudala etxe ondoan ditudan zenbait txoko. Bai behintzat jakiteraino zenbat jende dabilen normalean bertatik. Eta badira garai batzuk nabaritzen dena jende gehiago ibiltzen dela; neguan elurra egiten duenean, esaterako, eta batez ere udazkenean. Bueno, udazkenean ez, barkatu, onddo garaian. Aparkalekuak hutsak egotetik, Mister Bean-en autoa ere kabituko ez litzatekeen egunak dira hauek. Horrela, errepide bazterrak eta edozerk balio du autoa uzteko onddo bila doazenentzat. Sikiera, autoak, karabanak eta furgonetak partekatuko balituzkete… Onddoen osasunarengatik bada ere, ezta?

Izugarria da egunotan ikusten ari naizena, zur eta lur uzten nauten irudiak dira, benetan. Ez naiz ni izango norberaren afizio eta aisia zein izan behar den erabakiko duena. Eta ez naiz kexatzen den horietakoa onddoak opari jasotzen dituenean; esan bezala, alde ona ikusten ere badakit. Baina horrelako jendetza mugituko balitz herri honetan pentsioen alde, edo etxegabetzeen aurka, edo maionesaren prezioaren igoeragatik… Beste kuku batek joko liguke Euskal Herrian! •