GAUR8 - mila leiho zabalik

«BIZIKLETA-AURPEGIA» ETA EMAKUME TXIRRINDULARIEN BESTE «GAITZ» BATZUK

XIX. mendean asmatu zenetik, bizikleta emakumeen ahalduntze prozesuaren erdigunean egon da beti, feminismoarekin hertsiki loturik. Emakume txirrindulariek ordutik jasan dituzten erasoak –irainak, asmatutako gaixotasunak, harrikadak eta kritikak– lortzen ari ziren askatasunaren tamaina berean hedatu ziren. Eta, hala ere, historia honetan ikusiko dugun moduan, bi gurpilen gainean borrokan jarraitu zuten.

Bi txirrindulari lehian, 1955. urte inguruan. (George Marks | GETTY)

Begiak zabal-zabalik, masailezurra estuturik, antzutasuna, nerbio arazoak, neurosia eta tuberkulosia. Eta, noski, arriskutsuena: emakumeen sexu desira kontrolik gabe handitzea. Horiek, eta bertze asko, ziren XIX. mendean emakumeek pairatuko zituzten gaixotasunak orduan sortu eta hedatzen hasi zen asmakizunaren gainean, bizikletan alegia, ibiltzeagatik. «Gehiegizko ahaleginak, eskulekuaren gaineko jarrera tenteak eta orekari eusteko ahalegin inkontzienteak bizikleta-aurpegi nekatu eta akitua sortzen dute», nabarmendu zuen “Literary Digest” aldizkari espezializatuak 1895ean. «Normalean gorritua, baina batzuetan zurbila, askotan ezpainak markaturik ageri zaizkie, itzal ilunen hasiera nabaria da begien azpian, eta beti neke aurpegiarekin daude». “Bizikleta-aurpegia” izen deigarri bezain faltsua ezarri zioten garai hartako medikuek emakumearen askatasuna murrizteko asmatu zuten gaitz honi. Gaitz denak eta bat ere ez aldi berean.

XIX. mende bukaeran mundu osoan hedatu ziren teoria biologizisten aroan kokatzen dira ideiok. Emakume txirrindularien aurka medikuntza zientzia berriak asmatutakoak. «Espainiara XX. mendearen hasieran iritsi ziren –diosku Gemma Pierola historialari nafarrak– eta ondorengo hamarkadetan atarramentu handia izan zuten politikagintzan ere, inperialismo ezberdinek –frankismoa hemen, edo faxismoa eta nazismoa Italia eta Alemanian– bere egin zituztelako».

Elsa Dorlin filosofo frantsesak XVI. mendera korritzen ditu jarrera bortitzok eta emakumeen aurkako jazarpen medikoa jazarpen arraziala ere izan zela defendatzen du, batik bat estatu-nazioek gaur arte aurrera eraman dutena. «Nazio horiek, hain zuzen ere, ‘ama’ eredu moderno, zuri eta osasuntsu batetik abiatuta eraikiko dira, feminitatearen irudi degeneratuen aurka, hala nola sorgina, kantinera edo prostituta, histerikoa, ninfomanoa eta afrikar esklaboa».

Roger Marxek «Les Maitres de L’Afiche» (1897) liburuan jasotzen duen emakume txirrindularien kartel zaharra. GETTY

Bizikletan dabil emakume berria

Eta degenerazio horren adibiderik argiena emakume bizikletazaleengan topatu zuten. «Lehen uste nuen emakume batek egin zezakeen gauzarik okerrena erretzea zela, baina iritziz aldatu dut. Bizitzan ikusi dudan gauzarik okerrena emakume txirrindulari bat da». Hala zioen 1891n “Chicago Tribune”-ko zutabegile batek eta hala jasotzen du Ainhoa Campos Posada ikertzaileak “National Geographic” aldizkarian. Bide beretik, Joseph Stromberg historialari estatubatuarraren esanetan, «1890. urtean, Europan eta Amerikan, askok bizikletak feminismoaren tresnatzat hartu zituzten». Izan ere, emakumeei mugikortasun handiagoa ematen zieten, feminitateari buruzko ideia victoriarrak birdefinitzen eta apurtzen lagundu zuten eta sufragisten mugimenduan ari ziren emakume askok gogotsu hartu zituzten.

Hala, emakumeen askatasun eta berdintasunaren aldeko borrokan txirrindulan ibiltzeko eskubidearen aldarrikapena sinbolo bilakatu zen XIX. mendearen bukaeran. Eginahal horretan, letoniar jatorriko Annie Cohen Kopchovsky, Annie Londonderry, adoretsua ageri zaigu adierazlerik behinena. Julio Verneren fikziozko Willy Fog-en antzera, ustez apustu baten ostean, 1894an bere bi gurpildun tramankuluan munduari bira ematea erabaki zuen. Baita, helburu argia zerumugan, lortu ere. Emakume guziengatik egiten zuen. «Ez nuen bizitza osoa etxean egon nahi eta urtero-urtero haur baten ama izan nahi», aldarrikatu zuen bidaia amaitzean.

New Yorken bueltan, bizitza berria hasi zuen kazetari gisara “New York World” egunkarian. Artikuluak idazteko The New Woman (emakume berria) ezizena hartu zuen. «Kazetari eta emakume berria naiz. Eta horrek esan nahi du gizon batek egin dezakeen edozer egiteko gai naizela». Hala frogatu zuen bere hamabost hilabeteko odisea bizikleteroan aurrean ageri zitzaizkion oztopo guztiak gaindituta. Eta aunitz izan ziren: bizikleta eta soineko pisutsuekin hasi zuen ibilbidea; AEBetatik Frantziara iristean, aduanako poliziak bizikleta eta zorroan zeraman diru guzia kendu zion; hilketa saiakera batetik ihes egin zuen; eta igaro zituen herrialde aunitzetan prentsak kritika iraingarriak egin zizkion, janzteko moduagatik batik bat.

Bizikletak eta, gaingiroki, kirola izan dira historikoki emakumeen janzkera orobat hertsiarekin apurtzeko aukera eman dutenak. Hala, moda eraberritzeko izpiritua bultzatu zuen txirrindularitzak. Jarduera fisikoa egiteko arropa erosoa behar zuten kirolariek, baina XIX. mendeko zorroztasun victoriarrak jantzi pisutsu, luze eta deserosoak ezarri zituen. Campos Posadaren arabera, «garai hartako barneko arropak sei bat kilora iristen ahal ziren». Horren aurrean, Ana eta Rosa Iziz Elarre historialariek “Historia de las mujeres en Euskal Herria”-ren 3. liburukian (Txalaparta) jasotzen duten moduan, Amelia Bloomerrek turkiar inspirazioko praka zabal batzuk asmatu zituen, erditik moztutako gona baten antza zutenak. Haren omenez «bloomers» deitu zieten eta erabateko gaitzespenarekin hartu zituzten kalean. Eta kritika eta erasoen ondorioz, emakume ausart apurrek erabiltzeari uko egin zioten. «Gehienek gona eta soinekoak jantzita jarraitu zuten bizikletan».

1869ko satira britainiarra. GETTY

Eserleku eta langa madarikatu horiek!

Janzkera ez zen izan, halarik ere, gizarte puritano horren kezka bakarra eta garraiobide honen eserlekuetan ere paratu zuten begirada. Zenbaitzuen arabera, aulkitxoen marruskadurak emakumeen genitalak, alua eta bere ezpainak, estimulatzen zituen. Plazer hori ekiditeko, “higiene-aulkia” deituriko jarleku zurrun eta besterik gabea sortu zuten.

Gizonezkoen kezkak halakoak izan ziren, ezen, historian zehar ere, Alma Leonor Lopez Pilar adituaren arabera, bizikletaren asmakuntzatik XX. mende hasierara hainbat diseinu ezberdin egin zituzten emakumezkoentzat soilik. Hasiera batean, 1818an, “Ladies Hobby (edo Dandy) Horse” delakoa sortu zuen Ingalaterran Charles von Drais baroiak eta, mendearen amaieran, 1896an, Wright anaiek Ohion “Van Cleve for Woman” delakoa, zeinak, erdiko langa kenduta, emakumeak hanka altxatu gabe bizikletan ibiltzeko aukera ematen baitzuen. Gona eta soineko luzeak janzten ahal zituzten hari esker.

Urtebete beranduago eta garaiko emakume txirrindulariek eragin zuten eskandaluari erantzun nahian, F. J. Erskinek “Lady Cycling: What to Wear and How to Ride” (Emakume txirrindularia: nola jantzi eta nola ibili) argitaratu zuen lehenbizikoz. Egile honi ezagutzen zaion lan bakarra da eta, bere hitzetan, «emakume txirrindulari batek emakume txirrindularientzat» idatzia da, pedalaren amazona berri “onentzat” dekalogo oso bat biltzen duelarik. Zer jan eta zer edan, nola eragin pedalei hirian eta nola kanpoan, “dama errespetagarriek” zein bizikleta aukeratu behar duten… Dena dela, Erkinena orduko giro oldarkorraren aurreko erantzun lausoa izan zen.

Irainak, txistuak eta harrikadak

Euskal Herrira etorrita, XIX. mendean emakume txirrindularien berri ematen duenik ere bada. Gehienak atzerritarrak eta dirudunak ziren. Iziz Elarre historialarien arabera, «aitzindari hauek hiritartasun arauak hautsi zituzten, argi uzten baitzuten dama batek kalean egin behar zuen azken gauza atentzioa ematea zela». Orduan aski baino hedatuago eta onartuago zeuden emakumeen esparru eta arauak xedatzen eta hertsatzen zituzten jokabide, gizalege eta manera onen eskuliburuak. Horiek agintzen zutenez, «azkar ibiltzea gizalege txarraren seinale zen, bai eta besoak gehiegi altxatzea ere». Beraz, bizikleta erabiltzen zutenen jokabidea –gaixotasun oroz mortal baten beldur ez baziren– gizarteak zuzenduko zuen, zalantzazko moraltasunekotzat hartuz. Kasu aunitzetan, artezte aldera, iraindu eta harrikatu ere egin zituzten.

Iziz Elarre ahizpek adibide bat aipatzen dute. 1890ean, Gasteizko “La Libertad” egunkariak atzerriko bisitari emakume txirrindulari baten kasuaren berri eman zuen. Kazetariaren arabera, bizikletan paseatzera atera eta emakume batek txistu egin zion. Hala ere, «hain zakarki iraintzen zuenari jaramonik egin gabe, paseatzen jarraitu zuen, bizikleta baten gainean ibiltzea beste krimenik egiten ez duenarenganako herri kultu batean aurkitutako begirune apurrarekin harrituta». Hurrengo egunetan emakume eta mutil gehiago izan ziren bizikletazalearen aurka oldartu zirenak eta bi gurpildun makinatik jaitsi behar izan zuen. Gizarte arau eta giroagatik espero zitekeenaren aurka, kazetari gasteiztarrak emakumearen defentsa sutsua egin zuen, baita halako kasuak epaitegian salatzeko gomendioa egin ere.

Londresko Hyde Parken bizikletan ibiltzeko geratua zen burgesia ingeleseko emakume taldea. GETTY

Moral bikoitza frankismoan

«Emakumeak janzkeraren osagarri eta nortasunaren luzapen bihurtzen du bizikleta. Bizikleta arina, hauskorra eta emakumea bezain borobildua da», irakurtzen ahal dugu “La mujer y la bicicleta” (Emakumea eta bizikleta) liburu bitxian. Frankismoaren urterik ilunenetan, 1940ko hamarkadan, argitaratua izan zen, diskurtso ofizialaren guztiz kontrakoa ez, baina, bai, behintzat, emakume txirrindularien hainbat alderdi positibo biltzen dituen lana.

«Bizikleta gainean emakumea gizona baino ikusgarri eta koketoagoa da. Bizikleta, funtsean, ibilgailu bat izanik, badirudi garrantzitsuena azkar ibiltzea dela, baina emakumeak bizikletaren alde edergarri eta apaingarria ere estimatzen du. Bizikletak, ordea, alderdi femenino indartsu bat dauka, bai gizon zein emakumearentzat, baina azken hau da indar handiagoz definitzen duena». Hala dabiltza oreka zail xamar batean, bizikletan ibiltzera animatuz eta topikoz beteriko ikuspegi matxista baten artean, hitzekin eta irudiekin, liburuaren lau egileak. Idazleak haren lana dokumentaziozkoa eta esperientziazkoa dela aitortzen du, «neska ultramoderno batek harrapatu ostean, bizikletaren modernotasuna ezin bainuen zalantzan jarri».

Nafarroako Unibertsitateko irakasle den Patxi Caspisteguik XX. mendeko kirol femeninoen inguruko ikerketarik zabalena burutu du. Bere iritziz, «ez da harritzekoa emakumearen feminitatearen topikoa gizonezkoen kirolak ukitzen zirenean agertzea. ‘Tonu arrosa’ zerion guztiari, mugak argi uzteko asmoz». Aipatu liburu xelebrearen harira, “Arriba España” agerkariak 1947an jaso zuen kronika bati egiten dio erreferentzia Caspisteguik. «Emakumeek bizikleta bat erosteari buruz hitz egitean, egunkariko kronikari ironikoak adierazi zuen emakumeek xehetasun espezifiko batzuk nahi zituztela, hala nola soinekoarekin edo galtza-hegalarekin harmonizatzen zuen kolore bat». Erabat zabaldutako jarrera izan zen hori eta ekinaldi publiko gogorragoak pairatu zituzten, 1940ko hamarkadaren hasieran aunitz izan zirelarik emakumeak bizikletatik jaisteko deiak. Nafarroaren kasuan, Caspisteguik Marcelino Olaechea apezpiku frankistak “La Verdad” egunkarian abian jarritako kanpaina esanguratsua du gogoan. Emakumearen irudi friboloa zabaldu bazuten medioek, instituzioak ez ziren atzean geratu, emakume txirrindulariaren lehen edertasun lehiaketa antolatu baitzuten, non bizikleta, jantzia eta “txirrindulari anderearen” dotorezia eta gustu ona baloratu ziren.

Zentzu horretan, Gemma Pierolak emakume guzien, baina batez ere kirolarien, janzteko erarekin egon ziren argi-ilunak azpimarratzen ditu. «Frankismoan, mugimendu garrantzitsua izan zen Seccion Femenina taldeak moral bikoitza izan zuen kirolaren eta txirrindularitzaren kasuan –beste askotan ere bai–: kirola egiterakoan emakumeek janzkera ‘egokia’ erabiltzeko deia zabaltzen zuten bitartean, haien kideei nolabaiteko baimen berezia eman zieten gona eta soinekorik gabe jarduera fisikoa egiteko. Jakin bazekiten kirola egiteko arropa erosoa behar zela». «Emakumeen kirolaren sustapena eta kirola egitearen aurkako kritikak aldi berean eman ziren. Emakumearekiko jarrera anbibalentea erakutsi zuen gizarte bateko kontraesan iraunkorren adibide», laburbildu du Caspisteguik.

1897an antolatu zuten Estatuan lehen emakumezkoen txirrindularitza lasterketa –200 pezetako saria eman zioten garaileari– eta, 1935era arte –urte horretan sortu zen Espainiako Vuelta–, badira urtero-urtero emakumeen txirrindularitza lehiaketak. Diktadura guzian, Franco hil eta urtebete lehenagora arte, ez zen berriz ere halakorik errepikatuko.

Txirrindulari lasterketa bat Iurretan. Oskar MATXIN | FOKU

«Moda kontu bat»

Hala ere, frankismoaren zantzuak urtuz doazen arren, kirolaren eta txirrindularitzaren baitako matxismoa ez da desagertu. Gurean, adibidez, 2022an egin da estreinakoz emakumeen Euskal Herriko Itzulia. Baita Julian Erasoren, lehiaketaren zuzendariaren, gogoz bestera egin ere. Marca irratian aitortu zuenez, «ia-ia behartuta» antolatu baitzuen. «Moda kontu bat» omen da emakumezkoak kiroletan parte hartzea eta «txirrindularitzari ere tokatu zaio», horren atzean «berdintasuna eta hau eta beste» eta «kontakatilukeriak» daudelarik Erasoren ustez.

MTB Andreak taldeko kide den Gema Sandonis kexu da, izan ere, «emakumeen kirolari buruz hitz egiten dugunean, beti hitz egiten da polemika baten harira», eta ez kirolaren beraren gainean. Inork gutxik jakingo du aurtengo Euskal Herriko Emakumeen Itzulia nork irabazi duen.

Baina, profesionalez haraindi, bada kirol –amateurra– nahikoa gurean, emakumeen presentzia urria duena bestalde. «Herri martxetan parte hartzen duten emakumeak ez dira inondik inora %10 baino gehiago; duela hamabost urte ez zen emakumerik, baina, hala ere, esparru honetan ez dugu asko aurreratu, kontuan hartuta gizartearen erdia garela», salatzen du MTB Andreak-eko partaideak. Emakume txirrindulariak babesteko eta haien eskubideak hedatzeko sortu zen talde feminista Bizkaian duela lau urte eta ordutik hona Euskal Herriko eta Estatuko beste hainbat talderekin kezkak amankomunean jartzeko harremanak egiteaz gain, tailerrak, hitzaldiak eta topaketak antolatu dituzte. Historiaren beste garai batzuetan ikusi moduan, haientzat ere XXI. mendean «askapen tresna da bizikleta» eta «espazio publikoa eurenganatzeko, gizartean emakumearen lekua, leku fisikoa aldarrikatzeko modua ere bai».

Kirol amateurra dela edo garraioa dela, azken hamarkadotan, bi gurpildun tresna hauetan igotzen diren emakumeen kopuruak gora egin du nabarmen. Hala adierazten dute Estatuan egin diren inkestek (Bizikletaren Barometroa). Txirrindulan noizbait ibili diren emakumeak %42,2a dira eta gizonak %58,9a. Emakundek 2021ean egin zuen ikerketaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiri eta herrietan emakumeen %1,4 bizikletan ibiltzen ohi da, gizonezkoak %3 direlarik. Zein da halako aldea, ia bikoitza, egotearen arrazoia? Hiria oztopoz, arriskuz eta mehatxuz beteriko oihana da oraindik ere emakumezkoentzat. Ibilgailuen trafikoaren erasokortasuna da arrazoietako bat eta, horrekin hertsiki loturik, hirien antolaketetan ikuspegi feminista baten gabezia. Sandonisen arabera, «Bilbon, esaterako, bizikleta sarea ez dago osaturik, bidegorriak eskasak dira eta nahiko estuak; pertsona helduek, adibidez, trizikloak erabiltzen dituzte mugitzeko eta bidegorria ez dago haientzat pentsaturik, ez dira kabitzen». Bideok ere ez dute bizikletan umeak eramateko segurtasunik eskaintzen. Gizarteak zaintza eta familia ardurak orobat emakumeengan jartzen dituenez, zailki mugitu daitezke garraiobide honen gainean. Horren beste adierazleetako bat segurtasun handiagoa eskaintzen duen autobusaren erabilera datuak dira. Emakundek jasotzen duenez, %69 dira emakumeak.

Dena den, zio jakin horien gainetik, oztoporik handiena, Sandonisek nabarmendu duenez, gizartean hedatua den sentsazio edo pentsaera zabalago bat da, garai eta toki guziak zeharkatzen dituena: emakumeen gorputzak kontrolatu nahia. «Bizikletak boterea suposatzen du, esparru publikoan ematen digun tokiagatik eta horrek esan nahi du errespetatu behar zaituztela. Bizikletari esker emakumeok autonomia pixka bat irabazi dugu» eta horrek, noski, «beldurra ematen du». Beldur horren adierazle dira emakumeek pairatu behar dituzten irainak. Lourdes Jimenez kazetariak “El Salto”-n bildu ditu horietako aunitz.

Emakume talde bat bizikletan mendian. MTB ANDREAK

Sandonisen arabera, «paternalismoa da gehiago, irainak baino». «Ez jakin-minez, baizik eta epaitzeko» egiten dizkiete komentarioak eta galderak. Mendira taldean irtenda askotan entzun behar izan baitute, «bakarrik zoaz mendira?» edo «bakarrik zaudete?». Umorez hartzen dituzte jada halakoak eta erantzuteko errepertorioa garatu dute: «Bakarrik gu? Ez, zeu zaude bakarrik!».

Mundu osoan zehar zabaldurik den fenomenoa da emakume kirolarien erreferente falta. Duela bi hamarkada, AEBetako telebista batean, XX. mendeko 100 kirolaririk onenak aukeratzeko egin zen inkesta batean, 89 gizon, hiru zaldi eta zortzi emakume hautatu zituzten. Ikusgarritasunik ezarekin lotura egiten du, zentzu horretan, Sandonisek. Horrela, XXI. mendeko olde feministaren baitan, Estatu osoan zehar olatu berean sortu ziren MTB Andreak eta beste emakume txirrindulari taldeen helbururik nagusietako bat aipatu ikusgarritasun hori zabaltzea da eta gertuko erreferentzia anonimo bilakatzea beste emakumeentzat. «Autoan sartuta ez zaituzte ikusten; bizikleta gainean, bai», laburbildu du.

Zentzu bertsuan, historian zehar Euskal Herrian emakume bizikletazaleak aurkitzea ez da erraza, ikerketak ez dira oraino abiatu, datu falta nabarmena da eta, informazioa aurkitzen denean, izengabetasuna da nagusi. Gurean, ezagunen artean, Sandonisek Joane Somarriba kirolari garaikidea du gogoan, baina «kirolari profesionalen historiak ez zaizkit iristen» aitortu du. «Ama eta lau izebak izan dira erreferente garrantzitsuenak niretzat». Bostak, hasieran, gero lau, ibiltzen ziren bizikletan. Aspaldidanik, «dirua aurreztu eta urtero egiten dute bidaia bat elkarrekin». Familian aldaketa handia suposatu zuen erabaki horrek. «Oso modu alai eta umilean, aldarrikapenik gabe. Harro nago familiako adineko lau-bost emakume ikusten ditudanean Gaztelako kanalean, Vasco-Navarro trenaren ibilbidean edo Landetan barrena bi gurpilen gainean murgiltzen». Hastapenetako feministen eta sufragisten edo Annie Londonderry baten faltan, harentzat «gertuko jendea da adibiderik onena».