Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
ENERGIA ESKOZIAN

Herri txiki, baliabide (eta kontraesan) handi

Imajinatu bertatik bertara energia baliabide natural handiak aurkitzen dituen herrialde ñimiño bat. Imajinatu munduan baliabide horien eskaera izugarria dagoela. Horixe da Eskoziaren kasua, non aukera oparoa dena askotan eztabaidagai ere bilakatzen den.

Eskoziako petrolio plataforma bat. (STREETFLASH / GETTY IMAGES)
Eskoziako petrolio plataforma bat. (STREETFLASH / GETTY IMAGES)

Aberdeen hirian, itsasoko turbina eolikoek, portuaren handitzeak eta hidrogenozko autobusek trantsizio energetikorako ahalegina erakusten dute lehen begiradan, granitozko eraikinak nagusitzen diren ingurunean. Baina ez da alferrik Erresuma Batuko petrolioaren hiriburua eta oraindik industria horretarako (eta horri esker) bizi da hiria. Bere kaleak zeharkatzen dituzunean, iraganak, orainak eta etorkizun horrek bat egiten dute.

Petroliogintzan aritu aurretik, merkataritza eta arrantza portu oso garrantzitsua izan zuen. Honaino erromatarrak iritsi ziren eta bikingoek konta ezin ahala aldiz arpilatu zuten. Papera, soka, ehunak, artilea eta larruak egin izan dituzte. XIX. mendean, sardinzarraren arrantzaleku nagusia bihurtu zen, baina 1970az geroztik itsasoko petrolio industrian dihardu, eta Eskozian langabezia gutxien duen hiria da.

Eskoziako ipar-ekialdeko hiriaren inguruko titularrek «energia berriztagarrien gorakadaz» hitz egiten dute maiz. Baina hori ez dator petrolioaren eta gasaren erauzketa murriztearen eskutik. Izan ere, Ipar Itsasoko aztarnategi zahartuetan erreserbak geratzen dira oraindik eta lizentzia berriak ere banatzen ari dira horiek ustiatzeko.

Ia urtebete igaro da Glasgow hiriak (Aberdeenetik 230 kilometrora, hego-mendebaldean) COP26 klimari buruzko nazioarteko konferentzia hartu zuenetik, eta orduko lehen ministro britainiarrak, Boris Johnsonek, herrialdea energia eolikoan munduko lider bihurtu nahi zuela adierazi zuenetik. Hitz eta titular ugari, eta ekimenak?

Ordutik, energiaren prezioak izugarri igo dira, batez ere Ukrainako gerra hasi zenetik, eta bizitzaren kostuaren garestitzea herritarren kezka nagusia bihurtu da.

Eta hori ez da aldaketa bakarra izan. Liz Trussek Johnsonen tokia hartu zuen Downing Streeten eta estrategia berri bat bultzatu. Ofizialki energia berriztagarrien garapenaren alde egiten jarraitzen badu ere, Ipar Itsasoko hidrokarburoetan egiten den inbertsioa helburu zuen lider kontserbadore gisa sei aste iraun zuen Trussek, energia prezioak izozteak Estatuari sortuko dizkion galerak arintzeko asmoz. Eta ez neurri txikian. Trussek, kanpainan, 100 lizentzia berri baino gehiago emango zituela adierazi zuen. Ikusi beharko da bere ondorengoak zer jarrera hartzen duen.

«Ez dago zalantzarik petrolioarekiko eta gasarekiko interesa berpizten ari dela, batez ere orain dela gutxi arte ikuspegi komertzialetik oso erakargarritzat jotzen ez ziren alorretan», dio John Underhillek, Aberdeengo Unibertsitateko Trantsizio Klimatikoko Zentroko zuzendariak. Horren azken adibide, Kanboko petrolio hobiak, Eskoziako Shetland artxipelagoko kostaldearen parean, aurrera egingo duela, nahiz eta plataforma ekologisten aktibismoak Shell enpresa handia, hasiera batean, proiektutik erretiratzera eta lanak etetera behartu zuen.

Erregai fosilen mendekotasuna

«Ukrainak agerian utzi du segurtasun energetikoaren garrantzia», adierazi dio Aberdeeneko udal kontseiluak GAUR8ri. «Biztanleria erregai fosilen mende egongo da urteetan». Udalaren ustez, hobe da britainiar uretan erauzitako petrolioa eta gasa izatea Errusiatik edo beste herrialde batzuetatik datozen hidrokarburoak baino, tentsio geopolitikoekiko kalteberak baitira.

Eskualdearen kezka nagusia biziraupen ekonomikoa da. Bertako familia guztiek dute norbait petrolioaren eta gasaren industrian lanean. Eta Erresuma Batuan denek gogoratzen dute Margareth Thatcher lehen ministroaren ikatz meatzeen bat-bateko itxierak sortu eta oraindik hainbat eremutan pairatzen den krisia. Mamu horrek bizirik jarraitzen du eta horrek ere galga lana egiten du aldaketa horretan.

Azken hilabeteetan petrolioaren prezioek gora egin duten arren, Aberdeen eskualdea sektore krisi batetik suspertzen ari da oraindik. 2014an petrolioaren prezioak 50 dolarretik behera hondoratu zirenetik. Beraz, hiri honetan berriztagarrietan inbertitzeak ideia ona dirudi, baina petrolioaren erraldoiak ikaratu gabe egin behar dela defendatzen dute agintariek. «Trantsizio hori finantzatzeko kapitala dute», insistitzen du Udalak. Eta hari estu horretan orekan dabiltza.

Urriaren bigarren asteburuan Aberdeenen bertan egin zuen SNPk urteko konferentzia. Eta Nicola Sturgeon lehen ministroak ere izan zuen mintzagai trantsizioa. «Aberdeen petrolioaren Europako hiriburua da. Aberdeen eta ipar-ekialdea gure trantsizioaren erdigunean daude, ‘zero emisio garbiko’ etorkizunerantz. Bilaka dezagun munduko ‘zero garbi’ hiriburu».

Eta trantsizio bide hori ikus daiteke hirian. Aberdeenek jomugan daukan proiektu nagusia portu zaharra handitzea da, ur sakonagoetan porturatu behar duten eta haize sorgailuen palak edo kable erraldoiak eraman ditzaketen itsasontziei lekua egiteko. Ondoko trantsizio energetikoko eremuak parke bat eta haren habitat naturala hartuko lituzke, eta enpresa eta laborategi espezializatuak ere hartu beharko lituzke. Baina «errealistak izan behar dugu, ez baita oso gertagarria berriztagarrien sektoreak petrolioarenak eta gasarenak adina lanpostu sortzea», ohartarazi du hiriko kontseiluak, gaur egun SNPren agindupean.

Desberdintasunak

Askok trantsizio energetiko hori banaketa bidezkoago baterako aukera izatea ere nahi dute: «Ipar Itsasoan sortutako aberastasun izugarria dugu, baina hemen, Aberdeenen, eta Eskozian desberdintasun handiak ditugu oraindik ere», azaldu du Scott Herrett Lurraren Lagunak erakundeko ekintzaileak. Arazoari izen-abizenak jartzen dizkio John Swinney lehen ministrordeak: «Nazio aberatsa gara energian, baina gure herritarren %35 pobrezia energetikoan bizi dira. Zergatik da hori? Eskoziak energia badu ere, boterea Westminsterrek duelako».

Aberdeeneko portua, eta atzean hiriaren paisaia. (IWETA0077 / GETTY IMAGES)

Duela hilabete batzuk ireki zuten Eskoziako parke eolikorik handiena (eta munduko sakonena), Aberdeenen hegoaldean, Anguseko kostaren parean. Martxan dagoen arren, 2023an egonen da %100eko funtzionamenduan. Datorren urtean funtzionamenduan dagoenean, 114 turbina erraldoien bidez 1,1 gigawatt (GW) elektrizitate sortuko du, milioi bat etxe elikatzeko adina. Aerosorgailu bakoitzak 187 metroko altuera izango du, Bilboko Iberdrola dorreak baino 22 metro gehiago, adibidez.

Eskoziako Gobernuak trantsizio berde horren bide-orrian espero du, itsasoko energia eolikoarekin soilik, herrialdeak bere beharrak asetzeko behar duen elektrizitatea eta halako bost lortzea datorren mende laurdenean.

Independentzia

Petrolioaren ustiaketak pisu handia dauka eskoziar gizartearen edozein eztabaidatan. Eta, nola ez, independentziaren inguruko debatean. Are gehiago, askoren iritziz, eskoziar independentismoaren hazia SNPk 1974an erabili zuen “It's Scotland's oil” (Eskoziaren petrolioa da) lelo eta kanpaina dira. 2014ko erreferendumaren kanpainan ere pisu handia izan zuen eta independentismoaren proiektu ekonomikoaren oinarrietako bat zen. Orain ere ez da kanpoan geratu. IFS institutuak publiko egin zuen ikerketa batean zera adierazten zen: petrolio eta gasaren diru sarrerek Eskoziaren defizita Erresuma Batuarenaren azpitik jarri lezakete.

Dokumentuak ez du ezkutatzen produkzioa murrizten joanen dela datozen urteotan, baina kanpainari berehalako bultzada emateko baliatu daiteke. SNPk hau baliatuko balu, ordea, bere gobernukide den Alderdi Berdearekin gatazkak sor litezke.

“The Economics Observatory” aldizkariarentzat idatziz, Stuart McIntyre eta Graeme Roy ekonomia irakasleek, Strathclyde eta Glasgowko unibertsitateetakoak hurrenez hurren, honako hau adierazi zuten: «Ipar Itsasoko diru sarrerak 2020an soilik 500 milioi izatetik 2021/22an 3,2 mila milioi izatera igo ziren. Iragarpenean, 2022/23an are gehiago handitu zitezkeela proiektatu zen, 7,8 mila milioiraino». Ipar Itsasoko petrolioak eta gasak gero eta diru sarrera handiagoak izango dituztela defendatzen dute, baina epe laburrean soilik, eta Eskozia independente batek beste modu batera garatu beharko duela bere ekonomia. Hala ere, bat-batekoan eman diezaiokeen bultzada hori «giltzarritzat» jotzen dute erreferendum kanpainarako.

Eta hala uste du Eskoziako Gobernuak ere. Independentziarako plan ekonomikoa aurkeztu zuen urriaren 17an eta bertan herrialde independentearen ekonomia martxan jartzeko gasaren eta petrolioaren etekinekin puztutako funts bat aurreikusten du. «Petrolioaren eta gasaren diru sarreren erabilera jasangarria izango litzateke, eta independentziaren lehen hamarkadan iraungo luke, Eskozia ahal bezain indartsu izaten has dadin ahalbidetzeko eta ekonomia berde, zuzen eta zero garbirako oinarriak ezartzeko».

Baliabide energetiko handiak dituen herri txiki bat da, beraz, Eskozia. Baina burujabetzarik ezak faktura garestia pasatu dio. Lehenik eta behin, petrolioaren irabaziak eta diru sarrera fiskalak Londres eta Wall Streeterako mugaren beste aldean desagertu ziren. Gero, 2010ean, Eskoziako Gobernuaren karbono gutxiko energia estrategia oso goraipatuak 28.000 enplegu berde berri agindu zituen, batez ere itsas zabaleko eraikuntzan eta ekoizpenean. Hamarkada bat geroago, lanaldi osoko tokiko 1.700 lanpostu baino ez ziren sortu, haietako asko azken asteak greban eman dituztenak soldata duin baten alde.

Aurretik aipatutako ScotWind proiektuaren pribatizazio partzialak ere ez du horretan lagundu. Common Weal think tank-aren azken txostenaren arabera, ScotWindek urtean 50-90 milioi libera inguru emango ditu errentetan Eskoziarentzat energia sortzeagatik, hasierako enkantean bildutako 700 milioiez gain. Hala ere, inbertsioaren itzuleraren eta itsas eragiketa eolikoen irabazien analisiak iradokitzen du ScotWinden energia ekoizpenak 3.500 eta 5.500 milioi artean sor ditzakeela proiektuan parte hartzen duten enpresen artean partekatutako irabazietan.

Azken nuklearra 2028an itxi

Eskoziako Gobernua energia nuklearraren aurka egoteak esan nahi du Torness ixten denean, Eskoziako energia nuklearraren amaiera izango dela. Hori 2028an iritsiko da. Mugaren hegoaldean, baina, Erresuma Batuko Gobernuaren ikuspegia erabat bestelakoa da gai honetan ere eta hurrengo hamarkadaren amaierarako zortzi erreaktore nuklear berri instalatzea babesten du.

Aberdeeneko kostan ikus daitezke ScotWind proiektuko aerosorgailuak. (K. NEVILLE / GETTY IMAGES)

Horietako lau bidean dira. Hinkley Point C 2027an inauguratuko da Somerseten, Ingalaterra mendebaldean, eta Boris Johnsonek, lehen ministro gisa egindako azken ekitaldi batean, baieztatu zuen 700 milioi libera esterlina bideratuko zirela Sizewell C-ra Suffolken, eta laster hasiko direla eraikitzen.

Bien bitartean, Erresuma Batuko Gobernua energia nuklear mota berri baterako prestatzen ari da. Munduko fusio nuklearreko plantaren lehen prototipoa eraikitzeko konpromisoa hartu du, 2040an martxan egongo dena, Spherical Tokamak for Energy Production (STEP) programaren barruan.

Programa hori garatzeko hasiera batean aukeratutako lekuetako bat Ardeer da, Eskoziako hego-mendebaldean. Declan Diver irakaslea «txundituta» dago aukerarekin. «Munduko energia eskaria abiadura bizian hazten ari da eta guk, karbono zero izateko, hidrokarburoek sortutako boterea lekualdatu behar dugu, hurrengo 20 urteetan fisio konbentzionaleko zentral elektriko baten bidez».

Kasu honetan, Eskoziako Gobernuak, bere aldetik, argudiatu du energia berriztagarrien, biltegiratzearen eta hidrogenoaren konbinazioak zero garbia lortzeko biderik onena eskaintzen duela 2045erako.

Eskoziaren etorkizunak trantsizio energetikoa baldintzatuko du hein handi batean. Eta trantsizio energetikoak, Eskoziaren etorkizuna.