Gilen Txintxurreta Beitia
Arkitektoa

Jarrera bat

Bizi dugun garaiaren erritmo zoroak apenas ematen du betarik gelditu, patxadaz pentsatu, eta ideiak antolatzeko. Denborak aurrera etengabean, errutinaren morroiak bihurtu gara, eta errutina horrek ortzi-muga lauso eta ilun baterantz garamatzala dirudi, ihesa edo alternatiba apenas ikusten delarik.

“Basilika” ekimenaren baitan, Kepa Matxain eta Jon Urzelaik “Sakoneta” ataleko lehenengo saioari “Moderno” izena eman zioten. Gure garaiaren erradiografia bat egin zuten bertan: etorkizuna imajinatzeko gaitasuna kamustuta duen gizarte baten irudia marraztu zuten, errealismo kapitalista guztiz barneratuta duena, eta, haren mugetatik irteteko gaitasunik gabe, sorkuntza-antzutasun batean erori dena. Hala, moda (estiloa) eta remake-a (kopia) dira gure aroan artearen helduleku bakarrak.

Antzinako abangoardia iraultzaileen nostalgia sumatzen da, mundua oraindik egiteke zegoeneko garai haietara itzuli nahi bat. Pentsamendu nostalgiko horrek gizarte osoa zipriztintzen du, eta orainaren konplexutasunari bizkar eman nahian, mezu azkar, sinple eta erradikalek arrakasta izaten dute, aukera erreakzionarioei, nagusiki eskuinekoei, baina baita ezkertiarrei ere, haizea emanez.

Egun bizi dugun kapitalismo berantiar gogaikarriaz nazkatuta, zilegi da pentsatzea balizko iraultza batek haren akabera ekarriko duela, baina horren ordez bere baitan duen humanismo apurra ezabatzea gerta liteke. Arkitektura modernoa arkitektura heroikoa zen, iraultzailea, mundu zahar ustelaren errautsetatik gizarte berri garbi eta osasuntsu bat sortzea bilatzen zuena; baina horretarako mundu zaharra suntsitu beharra zegoen. 30eko hamarkadan guda intelektuala irabazi ostean, 70ekora arte ia oztoporik gabe jardun zuen hiriak berregiten. Auzo zaharrak eraitsi eta haien lekuan blokezko paisaia monotonoak eraiki ziren, bai Ekialde komunistan, eta bai Mendebalde kapitalistan ere. Batean zein bestean, ondorioa ez zen gizartearen hobetzea izan, dibertsitatearen zokoratzea eta hiriaren desagertzea baizik.

1961ean Jane Jacobs-ek «Live and Death of great American Cities» liburu bikainean hiri tradizionalaren balio zibilizatzaile eta humanizatzaileen defentsa sutsua egin zuen, ustez zientifikoa zen hirigintza modernoren erruz desagertzen zihoan hiriaren defentsa. Geroago, postmodernitatea izan zen modernitate “heroikoak” sortutako triskantzari buelta ematen ahalegindu zena, eta arkitekturaren bitartez hiri zaharraren ezaugarriak, konplexutasuna, nahasketa tipologiko eta soziala… berreskuratzen saiatu zen. Arrakasta intelektuala bai, baina pragmatikoa urria izan zen, eta 10 urte baino gutxiagoan, postmodernitateak berea egin zuen. Ideietan baino irudietan (estiloa) zentratu zen, antzinako Erromako edo Erdi Aroko arkitekturaren imitazio eguneratuak (kopia) eginez, indar eraldatzaile guztia galdurik, kitsch bihurtuta. Gero dekonstruktibismoa etorri zen (Zaha Hadid, Liebeskind, Ghery), eta harekin norbanakoaren gorazarrea eta kontestuaren ukatzea: neoliberalismo arkitektonikoa.

Lehenengo artikulua dut hau GAUR8n. Arkitekturaz jardungo dut bertan, eta nire testuetan jarrera bat, postmodernitatearen jatorrizko ideiekin lerrokatuta dagoen jarrera bat izaten saiatuko naiz. Kontraesan eta ñabardura askoko idatziak izango direlakoan nago, arkitektura eta hirigintza zientzia baino gehiago teknika baitira, eta gauzak inoiz ez dira zuri edo beltz. Has gaitezen. •