Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional
IKUSMIRA

SUNAK DOWNING STREETERA BIDEAN, ETA NON DAGO TRUSS?

Britainia Handia, eta batez ere Alderdi Kontserbadorea, ezusteko izugarriak eskaintzen ari dira azken urteotan, munduak ezagutu duen itsas inperiorik handienaren desagertzearen ondoren nora jo jakin gabe geratu zen herrialdearen noraeza agerian utziz. Boris Johnsonek atzera egin ondoren, Downing Streeteko 10. zenbakiaren –lehen ministroaren jauregiaren– ateak, jatorriz indiarra den politikari bati irekiko zaizkio, eta benetan esanguratsua eta positiboa den berri hori bere familiaren dirutzak itzali du gure artean. Irudian ageri da Rishi Sunak toryek aukeratu duten hautagaia, bosgarrena sei urtean, bere programa politikoa Komunen Ganberaren aurrean defendatzen. Era sutsuan gainera, Westminsterreko parlamentarismoa, munduan zaharrena, ez baita txantxetakoa. Irudian bertan ageri dira, toryen legebiltzarkide taldekoen artean eserita, lehen ministro ohi eta Sunaken lehiakide izan diren hainbat diputatu. Lehen ministro karguan 50 egun baino egin ez dituen Liz Truss diputatua, ordea, ez da inon ageri. Non dago Wally?