Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Aitor

37 aste egin zituen Aitorrek amaren sabelean. Aurrez azido folikoa hartu zuen hark, haragi ia kiskalia jan, puntuan maite bazuen ere, ardo koparik gabe. Bularra eman zion titiburuak zartatuta bazituen ere, biberoia ematea erabaki zuen arte. Gauean itzartzen zenetan, ondoan zuen ama. Belaunak zauritzen zituenean, deiadar egiten zuen «Ama!».

Andereño Anek irakatsi zion kordelak lotzen, eta triste sentitzen zenean, bere besoak luzatzen zizkion. Arrebak laguntzen zion etxeko lanekin, eta afaria prestatzen zion amak gauero, bera bideojokoekin ari zen bitartean. Amatxik egindako pastela eramaten zuen ikastolara urtebetetze oro, goxo-goxoa. Hark josten zizkion adabakiak txandal urratuetan. Izebak eramaten zuen zinemara tarteka, parkera astero. Amaren lagun Marisak gominolak ekartzen zizkion etxera etortzen zen bakoitzean.

Whatsapp taldean bere argazkiekin sortutako sticker mingarriak jarri zituztenean, adeitsu hartu zuten Norak, Marik eta Xanek. Bidanerekin maitemindu zen. Hark irakatsi zion antsia eta maitasuna ez direla gauza bera, bata ez zela bestearena, banku batean hizketan ari ziren bitartean flekilloa orrazten bazion ere.

Ez zen ezkondu. Mirenekin bizi izan zen eta izugarri estimatzen zuen hark armairuan arropa ordenan gordetzeko zuen abilidadea, baita erosketak egitera joateko zerrenda zein txukun idazten zion ere. Laia jaio zenean, murrizketa hartu zuen Mirenek lanean, lau urtez. Aitor arduradun izendatu zuten bere sekzioan, lorpen hark paparra puztu zion. Beste behin, ez zen ikastolako batzarrera iritsi.

Banatu zenean, harraskan baxera pilatzen zitzaion. Estela hasi zen etxera etortzen. Ez zion kontraturik egin, hamar euroan ordua. Komunak garbitu, arropa lixatu, sofan botata uzten zituen liburuak mahai gainean atondu, mopa, eta gero aspiradora. Goizeko zortzietarako etxean zuen ama Laia ikastolara eramateko, bera gimnasiora joan zedin. Tuperretan ekartzen zizkion dilistak, legatza saltsa berdean eta albondigak.

Euskara taldean militatzen zuen gaztetatik. Alazne eta Aiora ere bertan aritu ziren. Ez zuen ulertzen, baina Alaznek batzarretara joateari utzi zion ama izan zenean. Aiorak ere berdin egin zuen, aita gaixotu zitzaionean.

Ama zapatak aldrebes jantzita zituela etorri zitzaion behin etxera. Hurrengoan, ez zuen oroitu aurreko egunean telefonoz hitz egindakoa. Behin eta berriz egiten zizkion galdera berak. Murueta doktoreak adierazi zion ez zela gai izango bakarrik moldatzeko. Karlarekin jarri zen harremanetan, herriko aldizkariko iragarki batean telefonoa eskuratuta. Hitzez egin zuten akordioa, egoera irregularrean zegoen. Egunean 22 orduko jarduna, bi ordu libre arratsaldez. Igande iluntzeetan ere bai. Zorionekoa Karla, bazuen etxea, eta fruta ontzitik nahi zuena har zezakeen. Laiak ere bisita egiten zion amatxiri ahal zuenetan.

Hilabeteak pasatu ostean, zaharren egoitza publiko batean lortu zuen plaza amarentzat. Hamar minututan artatu, garbitu eta janzten zuen Danielak. Berdin egiten zuen beste 15 pertsonekin egunez egun. Gauez fardela jartzen zien egoiliarrei, eta denei itzaltzen zien argia ordu berean. Hogeita hamabost fardel, hogeita hamabost interruptore.

Larrosa hori bat jarri zion Aitorrek amari hilarrian.

Azaroak 30. Greba Feminista Orokorra. Zaintza sistema publiko komunitario baten alde.