NOV. 18 2023 3 BEGIRADA: Lagun arteko desamodioa Laguntasuna elikatzen joan behar da, eta aldatzen. (GETTY IMAGES) Maitena Usabiaga Sexologoa eta psikologoa Izenburua idatzi eta segituan sentitu dut beldurra. Pentsamenduak hitza jarri dio sentsazioari; «temazo», esan dit (ez da oso sakona izan). Benetan prest zaude honetaz zure hitzak kanporatzeko? Ba hori ematen du, bai, beraz, sentsazioari lekua utzi eta hastera noa. Gazteekin lan egitean laguntasunak duen garrantzia gogoratzen dut. Beraien min eta ezinegon asko eta asko halako harremanek eragindakoak dira. Harreman hauek gugan duten eragina ikaragarria da eta, zentzu askotan, haurtzaro eta nerabezaroan bizi ditugun esperientziek eragina izango dute aurrerantzean. Esan genezake, eskolaratzearekin hasten dela laguntasunarekin dugun harremana. Horrela, gela batean ikusten dugu gure burua, gure urtean jaio zirenekin batera, guk aukeratu ez ditugun “laguntxoekin”. Loturak sortzen hasten gara, ondokoekin konektatzea gustuko izaten baitugu. Sistema potenteak sortzen dira bertan; rol banaketak, ezaugarri batzuen goraipatzeak eta beste batzuen zigortzeak, zu bai eta zu ez, horrela bai eta horrela ez. Lagun identitatea sortzen eta garatzen joaten gara horrela. Nolakoa naiz lagun bezala? Zenbat lagun ditut? Zergatik ez ditut gehiago? Zer egin behar dut lagunak izateko? Nolakoa izan behar dut? Gure familiaz at, gure lehen maitasun istorioak bizitzen hasten gara kuadrilla bat bihurtu arte: gure herrian instituzionalizatutako sistema garrantzitsuenetariko bat. Ikastetxeetan hasten da harremana eta nork daki noraino eta noiz arte iraungo duen. Bertan hasten dira jeloskortasunak, kanporatzeak, lidergoak, traizioak, leialtasunak, gurekin zaude edo ez zaude. Fideltasuna, leialtasuna eta iraunkortasuna bihurtzen dira jarraitu beharreko balore eta sinesmenak. Hortxe duzue erronka latza. Gainera, lagunak hor daude beti, betiko. Beste sinesmen indartsu eta zital bat. Halako baloreekin eta tokatu zaizkizun kideekin bat etortzen bazara, aupa zu. Bestela... zure zauri asko hortik etorriko direla esan beharrean nago. Erronka latza da aukeratutako lagunak izatea, nondik eta nola konektatu nahi duzun lantzea, batzuetan ondokoa ez zaizula gustatzen onartzea eta harremanak aldatu egin behar duela adieraztea. Laguntasuna elikatzen joan behar da, eta aldatzen. Bai, aldatzen esan dut. Betikoak eta betiko zera horrek sufrimendu ugari sor dezake, gu ez baikara betikoak eta betiko. Bizitzan aurrera goazela gure lekua aldatuz joaten delako, gure behar eta nahiak ez direlako orain dela 20 urtekoak. Ezer ez da betiko, ezta laguntasuna ere. Laguntasun harremanak anitzak izan daitezke, guk nahi ditugun akordio eta moduekin. Aldatu daitezke, eraldatu eta baita galdu ere. Mina har genezake halako harremanetan eta baita eman ere. Huts egiten dugu batzuetan, ez gaude behar duten guztietan, eta beraiek ere ez daude behar ditugun guztietan. Hitz egin dezagun gure laguntasun harremanei buruz, hitz egin dezagun desamodioei buruz. Nik izan ditut, eta seguru nago zuk ere izan dituzula. •