NOV. 25 2023 { DATORRENA } Azkena Gorka ELEJABARRIETA Gauza guztiek daukate amaiera bat, eta gaurkoa da GAUR8ko Datorrena atala idazten dudan azkena. 15 urte eta 150 artikulu inguru beranduago iritsi zait agur esateko tenorea. Bazen garaia, pentsatuko duzue askok, eta egia da, maiz, gehienetan, beranduegi uzten ditugu utzi beharrekoak. Nire bizitzaren azken 15 urteetako kronikak dira idatzita utzi ditudanak. Ordenagailu, tableta, telefono ezberdin askotan idatziak. Ez dauzkat gordeta toki bakar batean. Badira 15 urtetan beti presente egon diren gaiak, Palestina eta Irlanda, esaterako. Agur esatera noan honetan eta arrazoi oso diferenteengatik, biek aktualitate handikoak izaten jarraitzen dute. Duela 15 urte bezala. Gora Palestina! Gora Irlanda! Baina badira nire idatzietan tarteka presente eta absente egon diren gaiak, tokiak, gatazkak, esperientziak. Denak momentuko aktualitate politikoari lotuak. Denak batera eta banan-banan hartuta, azken 15 urteetako nazioarteko politikaren kronika eta nire ibilbide pertsonalaren narrazio dira, aldi berean. Idatzi ditut trenetan, idatzi ditut kotxeetan, hegazkinetan, barkuetan, urte hauetan izan ditudan bizitoki diferenteetan, jatetxe zein tabernetan, asko eta asko hamarnaka hotel geletan. Aipatu ezin ditudan zenbait tokitan ere Datorrena idaztea tokatu zait. Askotan, gehienetan, entrega egiteko limitean, limitea gaindituta ere, beste aldean egon direnak nirekin izan duten pazientzia eskertu nahiko nuke. Eskandinaviar herriak, eta bereziki Norvegiar eredua izan da urte hauetan harrapatu nauen gaietako bat, eta zuei transmititzen saiatu naizena. Noizbait desagertzea tokatuko balitzaigu, familiak badaki Oslo litzatekeela nire ezkutaleku maitatua. Flandria, Euskal Herriarekin horren eskuzabala izan den nazioa, eta hala ere gure eguneroko unibertso sinbolikoan urruti kokatzen duguna. Beti gure ondoan, beti gure alde. Uruguai eta bertan politika egiteko modua eta kultura helarazten saiatu naiz, Montevideora iritsi nintzen lehen egunean zeozerk harrapatu ninduen, eta oraindik ez nau askatu. Aitortu beharra daukat MLN-Tupamaroen historia eta izaera eredugarriak iruditzen zaizkidala, Fronte Zabalaren arkitektura eta mekanika errepikaezina. Gatazka politikoen konponbide prozesuen inguruan luze eta zabal idatzi dut. Munduko hamaika txokotako negoziazio prozesuetatik ikasitakoa Euskal Herriratzen saiatu naiz, betiere gurean erabilgarri edo gutxienez interesgarri direlakoan. Irlanda, Hego Afrika, Kaledonia Berria… Kurdistan, Sahara eta konponezinak diruditen hainbat gatazka aztertzen saiatu naiz. Gatazken konponbide teoriak dio gatazka guztiak direla konpongarriak; errealitateak bestelako zerbait erakusten digu, eta egon badira epe erdian eta luzean konponbidea izango ez duten gatazkak. Betikotu daitezkeen gatazkak. Melanesiar herriak ezagutu ditut, Kanakiar erreferendumen inguruan idatzi izan dut, baina baita Bougainvillen buruturiko erreferendumaz, Papua Mendebaldean dagoen egoera kaskarraz eta melanesiar Estatuak burutzen duen nazioarteko politika interesgarriaz ere. Korsikan egoera politikoa erabat aldatu da azken 15 urte hauetan eta etorkizunak aukera politiko izugarriak erakusten ditu, baita zenbait mehatxu ere. Katalunia, Eskozia, Gales eta Galizia ere izan ditut hizpide. Leninek esan zuen badirela hamarkadak non ez den ezer gertatzen, eta asteak non hamarkadak pasatzen diren. Hamarkada eta erdi hau mugitua izan da eta datorrenak bide bera jarraituko du. Aldaketa sistemiko global batean murgildurik gaude, azelerazio historiko momentu batean, eta aldaketak bata bestearen atzean gertatuko dira, mundua eta mundua osatzen duten subjektu guztiak, izan estatu, enpresa edo dena delakoak birkokatzen eta bere burua datorrenaren aurrean indartzen ari direlako. Lord Palmerstonek esango zukeen bezala, bakoitza bere interesak hobekien defendatzen jarraitzeko prestatzen ari da, hori baita, gustatu ala ez, nazioarteko politika eta harremanen motor nagusia. Badira, hala ere, aldatzen ez diren gauzak. Bat aipatu nahiko nuke: nazioartean, munduan eta norbere etxean gertatzen direnak aztertzeko, publikatzeko eta irakurtzeko, prentsa idatziaren beharra. Eskerrik asko, GAUR8, eta eskerrik asko, GARA. • 15 urte eta 150 artikulu inguru beranduago iritsi zait agur esateko tenorea. Hau da nire azken «Datorrena»