GAUR8 - mila leiho zabalik

Eresoinka, 1938an Amsterdamen

(JESUS ELOSEGUI. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA.)

1937an, frankistak sartu ondoren, Euskal Herrian izandako gerrak, euskal herritar asko errepresiotik, kartzelatik, heriotzatik ihes egin eta erbesteratzera behartu zituen. Urte hartan, Lapurdiko Sara herri txikian Eresoinka euskal abesbatza sortu zen, Jose Antonio Agirre lehendakariak Gabriel Olaizola musikari hernaniarrari hitz hauekin enkargua egin eta gero: «...osatu gure errefuxiatuen artean ahalik eta koru onena, gure doinuen bidez munduan zehar askatasunaren alde hiltzen den herri baten oroitzapena eramango duena...». Gabriel Olaizolak Eresoinka sortu zuen, eta 110 erbesteratuk hartu zuten parte bertan. Abesbatza honen lehen emanaldia Pariseko Pleyel aretoan izan zen, 1937ko abenduaren 18an. Kartela Antonio Gezalak egin zuen, eta dekoratuak egiten Jose Mari Uzelai, Julian Tellaetxe eta Ramiro Arrue bezalako artista famatuek hartu zuten parte. Ondoren, Europako beste hiri batzuk ere bisitatu zituzten, hala nola Brusela, Brujas, Amsterdam, Haga, Rotterdam eta Londres. Besteak beste, Aita Donostiaren, Guridiren, Usandizagaren, Sorozabalen eta Goikoetxearen obrak interpretatu zituzten, baita klasikoago batzuk ere, Antxietarenak kasu. Jesus Eloseguiren argazkian Eresoinka taldeko kide batzuk ageri dira autobusean, 1938ko martxoaren 12an Amsterdamgo Stadschouwburg antzokira iristen. Baionan, Biarritzen eta Donibane Lohizunen zenbait emanaldi egin ondoren, 1939ko maiatzean desegin zen Eresoinka.